2009ko iraila. Euskararen berreskuratze prozesutik abiatuta, hizkuntzak biziberritzeko gako nagusiak bilduko dituen lehenengo DVD-liburuxka ekoizpena fasearen azken urratsetan sartu da. Dagoeneko, liburuxka inprentan dago, diseinu eta maketazio fasean. DVDaren edizio eta muntaia lanak, berriz, datozen egunetan hasiko ditugu.
Hamabi DVD eta liburuxkaz osatutako bildumako lehenengoa da aurten esku artean dugun proiektua.
Bertan, modu kronologikoan, euskalgintzak azken lauzpabost hamarkadetan izan duen bilakaera jaso dugu, batez ere, hezkuntzan, hizkuntzaren corpusean, hedabideetan eta ekoizpen kulturalean egin den bidea azalduz.
Euskarak azken urteetan izan duen bilakaeratik abiatuta, hizkuntzak biziberritzeko teoria unibertsal bat eta gako nagusiak bildu ditugu, jatorrizko hizkuntza berreskuratzeko bidean dauden hizkuntza komunitateentzat baliagarri izango delakoan.
DVD-liburuxka lau hizkuntzetan argitaratuko da aurten: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Hurrengo urtean, ordea, bost hizkuntza gutxitutan argitaratuko da hori bera.
Lehenengo DVD-liburuxkak euskalgintzaren eta euskararen berreskuratzearen argazki orokorra bilduko du eta datozen urteetan ekoitziko direnen sarrera izango da. Izan ere, bilduma osatuko duten gainontzeko DVD-liburuxkek, gizarteko esparru desberdinetan euskarak azken 50 urteetan izan duen bilakaera jasoko dute.