Azaroaren 18tik abenduaren 2ra ospatuko da Euskaraldiaren edizio berria "Hitzez ekiteko garaia" lelopean eta Garabide Elkarteak hiru alorretan egingo du bat hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboarekin. Izan ere, Euskaraldiaren helburu nagusia euskararen erabilera handitzea da eta Garabidek bere lan jardunetik, hizkuntza lankidetzatik, lagundu nahi du zeregin horretan.
Horretarako, lehenik eta behin, Garabideren egoitza nagusia, Aretxabaletan (Gipuzkoa) dagoena, Arigune izendatu dugu. Beraz, Euskaraldiak iraun bitartean, eta baita urte osoan ere, euskaraz eroso aritzeko gunea duzue Aretxabaletan daukagun bulegoa, baita Bilbokoa ere. Horrek esan nahi du euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dugula uneoro, bai bulegoan bertan, bai bulegoko langileekin dituzuen harreman guztietan (bilerak, telefono deiak, posta elektronikoa...).
Horrez gain, garabidetarren artean norbanako gisa Euskaraldian parte hartzea sustatu dugu. Harro esan dezakegu bulego tekniko osoak eta baita zuzendaritza osoak ere izena eman duela jada ahobizi edo belarriprest gisa parte hartzeko. Gainontzeko garabidetarren artean parte hartzea sustatu dugu gure sare sozialetan eta, adierazi diguzuenaren arabera, %77 Ahobizi izango zarete eta %23 Belarriprest. Gogoratu, Ahobizi rola aukeratu duzuenok konpromisoa hartu duzuela lehen hitza beti euskaraz egiteko eta ulertzen duten guztiekin euskaraz soilik egiteko. Belarriprest rola aukeratu duzuenok euskara ulertzen duzuela adierazi duzue eta zuen esku dago euskaraz edo beste hizkuntza batean hitz egin, baina beti bermatuko duzue solaskidea zuekin euskaraz aritu daitekeela.
Azkenik, #Hizkuntzaldia ekimena jarriko dugu martxan Garabideren sare sozialetan Euskaraldiak iraun bitartean. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra, egunero-egunero, munduko hizkuntza gutxituetan aritzeko arrazoi bat emango dizuegu. Noski, zuek ere parte hartu nahi baduzue bertan izango duzue aukera. Zenbat eta arrazoi gehiago pilatu, orduan eta indar handiagoa izango dugu gure hizkuntza-ohiturak aldatzen jarraitzeko. Izan ere, hitzez ekiteko garaia da, ezta?
Euskaraldi on denori eta animo egunerokoak dakartzan hizkuntza-ohitura txiki-handi horiek aldatzen!