Albisteak

Euskal Herria, 12 hizkuntza gutxitutako aktibisten etxe

2018/09/17

Astebete besterik ez da falta Garabideren proiektu nagusiari hasiera emateko. Irailaren 24tik abenduaren 14ra bitartean luzatuko da Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroaren IV.edizioa eta munduko hizkuntza gutxitutako aktibistentzako formazio honek barne hartuko ditu 300 klase ordutik gora, 20 bisita didaktiko euskararen biziberritzearen protagonistak bertatik-bertara ezagutzeko eta beste 21 sentsibilizazio ekintza herriz-herrikako biran (hitzaldiak, proiekzioak, erakusketak…). Aste honen bukaeran hartuko dute lur Euskal Herrian, batzuk estreinakoz, 12 hizkuntza komunitateko ordezkariek:

Guztira 20 ekintzaile, 14 emakume eta 6 gizon, hizkuntza gutxituen esperientzia truketik edan eta bueltakoan euren komunitateetan proiektu bana martxan jartzeko prest. Aurtengo ikastaroa, gainera, berrikuntzaz lepo dator: batetik, estreinakoz klaseak Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako HUHEZIn izango dira eta ikasleak herrian bertan egoitza bakarrean biziko dira. Horrez gain, ikastaroaren iraupena bi aste luzatu dugu eta eduki aldetik ere sakonago landu nahi izan ditugu zenbait gai, tartean hizkuntzarekin batera ematen den genero zapalkuntza. Hain zuzen ere, gai hori ardatz hartuta antolatu dugu, besteak beste, “Ahalduntzen: hizkuntza eta generoa” jardunaldia Bilbon urriaren 19an.

Datozen asteetan aletuko ditugu jendaurreko saio guztien xehetasunak eta ikastaroak iraun bitartean bizitako guztiaren berri emango dizuegu gure webgunean, sare sozialetan (Twitter eta Facebook) eta Aditu Ikastarorako propio aktibatuko dugun blogean. Adi, beraz, udazkenak ekarriko duenari!

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus