Errenterian, kultura aniztasuna balioan jarri eta komunitateen arteko elkarbizitza sustatzeko helburua duen proiektuak laugarren urtez jarraian egin du aurrera, Errenteriako Udaleko Kultur Aniztasuna, Giza Eskubideak eta Garapenerako Lankidetza sailaren eta Garabide Elkartearen elkarlanari esker. Kultura aniztasuna gure eskoletan eta horren balioa komunitateen arteko elkarbizitzarako ekimenak, herrian eta munduan dagoen kultura aberastasuna aztertzeaz gain, hizkuntzei –eta bereziki hizkuntza gutxituei– leku berezia eman die.
Aurtengo ikasturtean, bost ikastetxek hartu dute parte egitasmoan: Koldo Mitxelena BHI, Egiluze Ikastetxea, Cristobal Gamón BHI, Orereta Ikastola eta Telleri-Alde Ikastetxea. Guztira, 300 pertsona aritu dira, tartean ikasleak eta irakasleak. Izan ere, aurtengo berrikuntzen artean, irakasleekin abiaturiko sentsibilizazio lana nabarmendu da, hezkuntza komunitate osoa kulturartekotasunaren inguruan hausnartzera bultzatzeko bidean.
Saioetan, hainbat gai kritikoki eta dinamikoki landu dira: komunitate kulturalen aniztasuna; globalizazioaren eragina eta tokiko kultura aberastasunaren arrazoiak; diskriminazio egoeren aniztasuna; hizkuntza eta kulturaren garrantzia identitatean, besteak beste. Ikasleek saioetan zehar ikasitakoarekin sorkuntza artistiko bat sortzeko aukera izan dute Kultura aniztasuna orri batean dinamikari esker. Halaber, posible izan denean Errenteriako kultura askotarikoa duten bizilagunak gonbidatu dira ikasgeletara, beren bizipenak, kulturak eta hizkuntzak ikasleekin partekatzeko.
Errenteriako Udala eta Garabide Elkartea oso pozik agertu dira aurtengo ikasturtean proiektuak hartu duen norabidearekin eta txertaturiko berrikuntzekin. Izan ere, proiektua Errenteriako hezkuntza komunitateetan errotzen ari da eta kulturartekoasunaren lanketan sakontzeko bidea zabaltzen du.