- Nor da Eñaut Agirre?
43 urte daramatzat hori erantzun nahian. Hernaniarretik dut gehiena, baina Errezilgo puska bat ere bai, hantxe ibiliak baikara gazte denbora osoan. Kantuan ezagutu dut nire burua ia beti, pozik egon edo triste... (aitortzen dut, nire kasa nabilela edozer kantatzen dut, melodiak asmatzen ere aritzen naiz). Lagunartea gustatzen zait; mahai buelta behar dut; nik nahi baino «berritsu» fama handiagoa daukat. Askotan pentsatu izan dut: «ixildu bahitza!». Kirolzale amorratua izan naiz, baina azken urteetan lan handi xamarrak hartu ditugu etxean eta kirolariei begira egotera mugatzen da zaletasun hori.
- Zein da zure ikasketa eta lan ibilbidea?
Euskal Filologian lizentziatua naiz eta Hizkuntzalaritza eta Filologia masterra egina daukat. Biak UPV/EHUn, Gasteizko Letren Fakultatean. Elkartegintza ondo ezagutzen dut, gustuko dut. Euskararen bueltan ibili naiz beti; pasioa da; gaixo puntua jartzeraino batzuetan. «Euskara da nire aberria» pentsatzen dut, noizbait, nonbait, norbaitek asmatu zuelako. Urte zoro samarrak pasa nituen Araban, AEKn lanean eta Arabako Ikastolen Elkartean bertsolaritza arduradun lanetan. 2002 urte inguruan Hernanira bueltatu eta Hernaniko Kronika egunkarian aritua naiz, kazetari lanetan, hamalau urtez, ia atzora arte. Doktorego tesia bukatzear naiz, Garabidek harrapatu nauenean.
-...eta kontatu daitekeen neurrian, zure ibilbide pertsonala?
Gaztetxora arte, Errezilek markatu ninduen, eta familiak. Lehengusuak, familia, lagunak... zoriontsu eta erraz bizi ginela esango nuke. Gazte garaia Gasteizekin lotzen dut. Harrotzen hasi ginen garaia, zoroa, desfasatua... ginena baino gehiago ginela uste genuen garaia... Ederra, eta aldi berean, intentsoa. Bertso eskolako urte ederrak... Orduan motxila bete genuen, eta orain horrekin goaz, sosegatuta. Hernaniko Kronikako lanak erakutsi zidan zenbat mundu txiki zeuden herri batean, zenbat jende interesgarri, zenbat errealitate gogor... Zenbat arrazoi eduki dezakeen askotan «beste aldean» kokatzen dugunak, eta zein oker egon daitekeen «gure aldekoa».
- Nola heldu zara Garabidera?
Telefonoz! Jeje... Lagun baten bidez jakin nuen koordinatzailea behar zuela Garabidek, eta interesatuko ote litzaidakeen galdetu zidan. Nik baietz. Urte batzuk baneramatzan doktorego tesiarekin eta etxeko lanetan murgilduta. Banuen gogoa nire zokolinetik ateratzeko.
- Aurrez bazenuen bere berri?
Bai, ezagutzen nuen. Hernaniko Kronika ezagutzera ere etorri zineten (ginen? Oraintxe ia ez dakit nola erantzun! Deskubritzeko daukat lankideetako zein etorri zen Hernanira). Garabideren gainean idatzitakoa naiz, beraz, hona etorri aurretik ere.
- Zer itxura hartu diozu?
Garabidek gauza bat badu oso ona. Garbi ulertzen da zein den bere egitekoa. Hizkuntza lankidetza gutxitan entzun izan dugu, baina edozeini esplikatu eta segituan harrapatzen du. Begi-bistakoa balitz bezala. «Joe, ze interesgarria!» esatea da gehienon erreakzioa.
- Onerako edota txarrerako, zerbaitek harritu zaitu?
Ez gehiegi.
- Garrantzitsua al da hizkuntza lankidetza? Zergatik?
Kanporako eta barnerako. Kanporakoa begi-bistakoa da; gure esperientzia baliatzen dugu beste komunitate batzuek ikus dezaten zer egin dezaketen euren hizkuntza biziberritzeko; joera orokorra hausteko. Gaur dena ari da sinpletzen, homogeneizatzen, eta horren aurka egiten du, neurri batean, hizkuntza lankidetzak; txikiaren alde, aniztasunaren alde. Baina barnera begirakoaz ez dakit erabat konturatzen garen. Euskaldunok egin dugu bide oso interesgarri bat, eta horretaz jabetu behar dugu. Mundu mailan erreferentziala da gure esperientzia; bakarra, zentzu askotan. Gure aurrekoek pentsatu, eraiki, gauzatu, eta gu izan gara protagonista. Jabetu behar genuke horretaz. Aldi berean, uste dut, gure hutsuneez ere gehiago hausnartu behar dugula.
- Zer etorkizun ikusten diozu Garabideri?
Munduko komunitateekin Garabidek egin dezakeen lanak ez du mugarik. Hor bide oso oparoa dauka, egiten den ahaleginaren neurrikoa izango dena. Baina amets egiten hasita, uste dut, Garabidek beste egiteko bat ere badaukala bere eskuetan. Lankidetzak noizbait planteatu beharko luke hizkuntzak ezinbesteko zehar-lerro behar duela. Beste hainbat eskubideren parean, komunitate batek dituen hizkuntza-eskubideak eta identitate-eskubideak ezinbestean zaindu beharko genituzke, sustatu beharko genituzke, komunitate horretan lanean ari garenean. Garabidek lorpen handi bat beteko luke hori ikusaraziko balu.
- Lanerako bizi ditugun baldintza desegoki hauetan hartu diozu tamaina erronkari?
Garabide sendo dago eta eutsiko dio. Egunerokoan izan ditugun aldaketak, telelana eta abar, erraz egin ditugu. Baina ikuspegi orokorra gandu batean dago. Ez da erraza, eta bat urduri jartzen da gehiago dakitenak urduri ikusten dituenean. Horixe gertatzen ari zaigu egoera honetan. Ilustre batek esan zuen bezala, «gauza bat esaten dut, beste bat pentsatzen dut eta beste bat egiten dut». Inork ez daki ezer, inork ez du ezer ziurtatzen. Niri tokatu zait egitasmoak ezagutzen ari nintzen momentuan aldaketak egiten hasi beharra. A plana prestatua dugu eta B plana prestatzen ari gara. Eta azkenean C plana egingo dugu. Aurtengoa hortik joango da.
- Bukatzeko, zertan zara hobea koordinatzen edo kantatzen?
Koordinatzen bost hilabete daramatzat. Eta ingurukoek broman esaten didaten bezala, «kanturreuan», 43 urte.