Kichwakamak Sisariy eta AJKI (Asociación de Jóvenes Kichwas de Imbabura) elkarteek antolatuta, maiatzaren 27ko astean kitxua eta gazteleraren artean interprete lanak egingo dituen taldearen prestakuntzari ekin genion Ibarra hiriburuan, Imbaburako prefekturaren Warmi Imbabura programaren egoitzan. Talde hau sortu eta prestatzeko beharra prefekturaren bultzadari zor zaio. Izan ere, Ekuadorreko Konstituzioan oinarrituta, 2023ko urriaren 12an ebazpen bat onartu zuen, eta bertan erabaki zuten gobernu batzarretan eta agiri ofizialetan kitxuera erabiltzeko bidea zabaltzea. Horrek itzultzaile eta interprete talde bat sortzeko beharra ekarri zuen, eta formazioan lagun zezan eskatu zioten Garabide Kultur Elkarteari.
Horretarako, urtearen hasierarekin ekin genien Zoom bidezko eskolei, Garabideko boluntario Lurdes Auzmendiren gidaritzapean. Interpretegai taldea administrazio publikoaren arloan hizkuntza biziberritzeko lanean diharduen AJKI eta Sisariyko lantaldeak eta prefekturako langileek osatu dute. Prestakuntzako denbora ongi aprobetxatu ondoren, ekainaren 4an jendaurreko foro bat egin zuten, hemendik eramandako aldi bereko interpretaziorako ekipo teknikoa estreinatzeko eta ekitaldia bi hizkuntzetan nola egin daitekeen erakusteko.
Foroan parte hartu zutenen artetik, Lurdes izan zen bakarra gazteleraz hitz egiten. Beste hirurek eta ekitaldiko aurkezleak kitxueraz hitz egin zuten, eta prestakuntzan parte hartutako ikasle guztiek egin zuten interpretazio lana. Ustekabean prefektua bera ere azaldu zen foroaren inaugurazio ekitaldia egiteko. Gaztelera hiztuna izaki, Paolina Vercoutere prefetordearen hitzak aldibereko interpretazio bidez ulertu behar izan zituen, eta pozik azaldu zen sistemarekin eta esperientziarekin. Adierazgarria izan zen, bestalde, foroak Ibarrako hedabide eta unibertsitateetan piztu zuen jakingura. 40 ikasle, hainbat irakasle, kazetariak, argazkilariak eta abar bildu ziren Warmi Imbaburaren egoitzako hitzaldi aretoan. Bi egunkari idatzitan eta sare sozialetan ere oihartzun handia izan zuen ekitaldiak.
Bidea irekita eta abian jarrita, Paolina Vercoutere prefetordearen borondate eta erabakitik harantzago, ahozko erabileran bidea egiten jarraitzea dagokie orain kitxuera biziberritzeko lanean diharduten lagunei. Horretarako prestatzen jarraitu beharra daukate, interpretazio lanerako oinarrizko prestakuntza baino ez baitute jaso. Gainera, badakite lanean kalitate handia eskaini beharko dutela, bide berri honetan kontrako ahotsak seguru izango dituztelako, baina baita beste hizkuntza indigena batzuen ispilu izan daitezkeelako ere.
Garrantzitsuena da, ordea, jendaurrean kitxuera ahoz erabiltzeko prozesuari sendo ekin diotela. Garabideren laguntzaz hasitako bideak jarrai dezala, kitxueraren erabilera sendotzeko aukera bat gehiago bezala.