2010eko uztaila. Aurrera segitzen du Ekuadorko hizkuntzen benetako egoera ezagutzeko Garabidek laguntzen duen egitasmoak, hizkuntzon azterketa soziolinguistikoak egin eta erroldetako informazioa bildu eta interpretatzeko egitasmoak. Tsa'Chila herriko komunitateetan egin dituzte elkarrizketa ia denak eta orain haien azterketa egiten ari dira Marleen Haboud eta Olga Mayorga buru dituen taldeko ikertzaileak, Quitoko PUCE [Pontificia Unversidad Católica de Quito] unibertsitateak laguntzen duen Oralidad y Modernidad egitasmoaren baitan.
Helburua azken berrogeita hamar urteotako erroldetan hizkuntza indigenei eta hiztunei buruz egon daitekeen informazioa bildu, aztertu eta antolatzea da, batetik; eta bestetik hizkuntza horietako bakoitzaren azterketa sakona egitea eta mapetan erakustea. Lehen atal honetarako besteak beste Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan dugu eta Garabiderekin lankidetzan ari da Soziolinguistika Klusterreko Belen Uranga ikertzailea. Galdetegiaren emaitzak aztertzen eta interpretatzen ariko da batez ere Uranga. Helburua, halaber, Euskal Herrian egin diren antzeko azterketa soziolinguistikoen berri ematea ere bada, eta hemen izan daitezkeen esperientziak partekatzea. Datozen hilabeteetan Ekuadorren izango da lanak bertatik bertara ezagutzeko, azterketak elkarrekin egiteko eta ikerketa soziolinguistikoei buruzko tailer batean parte hartzeko.
Egunotan Euskal Herrian bildu gara, nazioartean zituen pare bat mintegiren artean egun batzuk libre zituenez Euskal Herrira etortzea erabaki zuen-eta Marleen Haboud PUCEko irakasle eta proiektuaren arduradunak.
Hizkuntzen oso informazio gutxi
Ekuadorko bertako hizkuntzen informazio oso eskasa delakoan eta ondorioz horien egoera eta arazoei aurre egiteko informazio hobea behar delako usteaz hasi zen ibiltzen egitasmo hau eta lehen emaitzek hori baieztatu baino ez digute egin.
Orain arte ikusten ari direnagatik egitasmoaren arduradunen iritziz argi dago informazio ofizialak oso erren dabiltzala. Hizkuntzen egoeraz, hizkuntza komunitateen kokapenaz, hiztun horien bilakaeraz oso gutxi dakite. Kitxueraz zerbait, baina eskas kasu honetan ere.
Kitxuak herrialde osora hedatu dira
Erroldek diotenez populazio indigena mugitu egin da, gune jakin batzuetara, batez ere. Eta oso nabarmen, beren burua kitxuatzat jotzen dutenak, herrialde osora hedatu baitira.
Erroldek ez dute erakusten hizkuntzaren mugimendurik, alabaina. Mugimendu horiek behin-betirakoak diren ere ez dakite, erroldako galderak egin zireneko egoerak islatzen baitira, eta ez dakite atzera zenbat itzuli izan diren beren jatorrizko komunitateetara. Horrek guztiak ikerketa berrien premia erakusten du, datu ofizialek ematen ez duten informazioa osatzeko.
Orain, lehen ez bezala, herri indigena bakoitzaren lurraldeak oso zehaztuak daude, ofizialak behintzat, eta hortik abiatuta, nazionalitate bakoitza zehatz non dagoen isla dezakete mapa berrietan.
Espainolerako joera: elebitasun kentzailea
Tsa'chila herrian egiten ari diren azterketak lehen begiradan ikustarazten du zein neurritan ari diren beren hizkuntzari eusten eta zenbateraino ari den espainola sartzen. Halaber ezagutzaren, jarreraren eta erabileraren arteko aldeak oso nabarmen geratuko direla diote eta ondorioztatzeko moduan izango direla zer gertatzen ari den eta joera zein den.
Lehen inpresioek diote aldea dagoela belaunaldi batzuetatik besteetara, elebakartasunetik elebitasunerako joeran. Baina egoera ez da berdina komunitate guztietan.
Eskolaren emaitza eskasek asaldatu ditu egitasmoaren arduradunak. Izan ere badira hamar bat urte nazionalitate horretako eskola guztiak elebidunak direla, Kulturarteko Hezkuntza Elebiduneko [EIB gaztelerazko siglez] sarekoak. Baina horrek ez du inola ere ekarri berezko hizkuntzaren indartzerik. Aitzitik, itxura batean gaztelera sartzen lagundu du eta inkesten lehen datuek erakusten dutenez elebitasunerako joera handia da, eta horrek ezbaian jartzen du eskolaren benetako helburua.
Oso kezkagarria iruditzen zaie gainera elebitasun hau, lehengo bertako hizkuntzaren funtzioen kentzaile delako eta ez elebitasun aberasgarria.