Uztailean hiru aste eman ditu Bolivian Garabideko delegaziotxo batek. Lerrootan lankidetza-bidaia horren berri eman nahi dugu eta bihoa lehen-lehenik kontakizunaren espoilerra: adi jarraitu beharrekoa da herrialdean jatorrizko hizkuntzen inguruan gertatzen ari dena.
Erreferentzia ezinbestekoa dugu “ariketa boliviarra” eleaniztasunaren kudeaketan, eta, oro har, ikuspegi politikotik, esperientzia oso interesgarria estatu baten deszentralizazio eta eraldaketa sakona gertutik jarraitu nahi duenarentzat.
Umorea lagun, Bolivia euskal erroa duen estatu bakarra dela esaten genien hango adiskideei, Simon Bolivarren baitu izendapenak jatorria eta hark, Bolibar, erroten ibarra zekarren abizentzat. Harritu egiten ziren, biziki, arrazoibideaz.
Eta haiek, jatorrizko hizkuntzen biziberritze-prozesuen nondik norakoak azaltzean, “lehen, errepublika garaian…” zioskutenean itzultzen genien guk gure aho beteko harridura. Izan ere, estatu plurinazionala da Bolivia 2009tik eta izaera horri dagozkion erronketan eta deklarazio hori edukiz betetzeko ahaleginean buru-belarri diharduen herria ikusi dugu.
Eztabaida politiko bizia da kalean, urriko hauteskundeetarako kanpainan zirela aitortzen zuten ia uztailean. Baina debate minen erdian Boliviako ia berrogei hizkuntza indigenetako hiztunak lantzen ari diren biziberritze-dinamika da balioetsi beharrekoa, estatu plurinazionala, izatekotan, plurilinguea, eleanitza, izango baita. Horregatik, estatuko funtzionario guztiek dute dagoeneko jatorrizko hizkuntza bat jakin beharra. Gure lagunek ketxuaz egiten zieten poliziei… Abian da hegemonia linguistiko partekaturanzko ibilaldia.
Guaraniekin egon gara hegoaldean eta han, besteak beste, Boliviako lehen udalerri autonomoan (Charagua-Iyambae Euskal Herria halako hiru pasatxo da lurraldez, bertan hogeita hamahiruren bat mila biztanle besterik ez badira ere) eskumen berriak baliatu nahi dituzte Hizkuntza Plan Integrala abiarazteko, Colpa Belgican murgiltze ereduko aurre-eskola altxatzekotan dabiltza eta guaranien eta behe lurretako herrien UNIBOLen, non lau hizkuntza dituzten momentuz ofizial, hizkuntza indigenak unibertsitate-ikasketetan garatzeari emanak dira. Fin guaraniak.
Andeen magalean ketxuak eta aimarak izan ditugu bidaide eta eskoletan beren hizkuntzei prestigioa emateko dituzten gorabeherez mintzatu zaizkigu, maixu-maistra berrien formazioari buruzkoak jaso ditugu (ez dutela ketxua irakasle izan nahi irakasle ketxua baizik baieztatu zigun Gualberto Quispe arduradunak), hedabideetako batailak, sarean gure hizkuntzak kokatzeko estrategiak. Fin aimara eta ketxuak.
Fin beste hamaikatxo hizkuntzetakoak, mojeñoak, ayoreoak, txikitanoak eta beste. Herri txiki handiak. Ibarren errotan hizkuntza-irin fina ehotzen da bazter ederretan. Urrira arte Evok du aginte-makila. Eho Evo, eho.