Djurdjuratik Gurugura, pauso sendoz, bidaide prestuekin batera, ibiltzea dugu gura.
Hala ageri zaigu 2019a, Kabiliako mendi ederretatik abiatuta Abd el-Krimen errepublikazaleen (eta egun Saharaz azpiko errefuxiatuen) gotorleku izan ziren tontorretara bitarteko joan-etorrian.
Urtarrilean Tangerren urratutako bideari jarraiki, Kabilian eragile kulturalen eta hizkuntza-aktibisten topaketa antolatzeari ekin diogu dagoeneko. Oso da interesgarria kabiliarrak software librearen alorrean egiten ari diren lana, kontuan hartzekoa zenbat aplikazio lokalizatzen ari diren euren hizkuntzara. Bada hor etorkizun-ikuspegia eta kabiliera digitalizazio-prozesuan murgildu nahi dutenak buru-belarri ari dira lanean.
Jakin dakigu sareko presentziak eta erabilerak markatuko duela jatorrizko hizkuntzen etorkizuna hein handi batean, iristear dugu ahotsak gobernatutako tresnen aroa eta gure hizkuntzen berbaroa ezinbestekoa da garai berrian. Ildo horretan dabiltza Common Voice kabilierara ekartzen, alor berean dihardute Rifeko gazteek tarifitarentzako espazioak irabazten. Sareko aplikazioetan tifinagh alfabetoaren erabileraz ere hausnartzen.
Eta ekimen horiekin batera eskoletan eta gazte kontseiluetan, esaterako, tamazigharen aldaerak (tarifita eta kabiliera) indartzeko zertan dabiltzan. Hori dugu elkarri kontatzekoa zertan, ze bitartekoekin eta ze helburu bilatuz gabiltzan. Eta zertan ez gabiltzan ere. Biziberritze mediterraneoan badu gure herriak bere isurbidetxoa, ez harritu, beraz, eta Magrebeko kantore berbertarretan euskal doinuak entzuteaz. Ezta gure irrintzietan amazigh lekaioen zantzuak aditzeaz.
Erne, beraz, menditik mendirako mezuaren oihartzunari. Gurugutik Djurdjurara.