Gaur, ekainak 15, Kolonbiako Caucako Am Yu’-n Nasa herriari (Nasa Wala Çxhab) egokitutako Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak ikastaroaren bigarren modulua hasi da, Kultura ekoizpenarena, alegia. Ostiralean hasi da, egun bat aurreratuz, igandean Kolonbiako lehendakaria aukeratzeko hauteskundea dutelako.
Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak ikastaroaren helburu nagusia 60 nasa hizkuntza biziberritzeko estrategia eta tekniketan trebatzea da, nasek euren hizkuntza biziberritze bidea euren kulturatik eta kosmobisiotik diseinatu eta abiatu dezaten.
Joan den asteburuan Soziolinguistika moduluan hizkuntzen galeren zergatiez, hizkuntzaren biziberritzearen ezaugarriez, corpusa aberastearen beharraz eta hizkuntzaren plangintzaren premiaz jardun genuen. Asteburu osoan arretaz, jakinminez eta ilusioz aritu ziren 75 partehartzaileak (50 emakume eta 25 gizon).
Moduluaren azken ariketa legez, herrika elkarturik, euren lurraldean zein estrategia lehenesten zuten hausnartu eta eztabaidatu zuten. Hemen lehenetsitako bideak:
a) haurrentzako murgilketa eskolak antolatzea eta zabaltzea
b) haurrentzako materialak (abestiak, ipuinak eta abar) egitea
d) helduentzako alfabetatze eta nasayuwetze eskolak eratzea,
e) etxeetan nasa yuweren transmisioa indartzea
f) teknologiaren (irratia, interneta, eta abar) erabilera sustatzea
g) nasa yuweren biziberritzea babesteko agitariek legeak eta bideak aldarrikatu dezaten eskatzea.
Honekin bukatzen da aste honetako kronika, aurrekoa hemen duzu irakurgai "Kolonbian diplomatura hastear, CECIDICek eta GARABIDEk antolatuta" izenburupean eta gehiagorako gogoz gelditu bazara datorren uztailaren 2an argitaratuko dugu hurrengo kronika gure webgunean. Horrez gain, adi, gure Twitter eta Facebook-ean ematen ari gara Kolonbia aldean gertatutakoaren berri argazki eta bideo bidez!