Pasa den astean Toribio udalerriko nasa komunitateak gertaera lazgarri bat izan zuen: Edgar Tumiña Genbuel kiwe thegna (guardia indigena) erail zuten legez kanpoko talde armatuek, Dagoberto Ramos Frenteak zehazki. Gertaera hau hainbat hilketa saiakera eta mehatxuren gauzatzea da. Edgar azken hilabetean hil duten bigarren kiwe thegna da. Aurretik, 2014an, bere anaia ere hil zuen FARCeko gerrillak. Tumiña Genbuel anaiak ezagunak eta maitatuak ziren lurra eta bizitzaren alde erakutsitako konpromisoagatik. Pasa den asteartean ehunka lagun elkartu ziren Edgar omentzeko ekitaldian.
2016an FARC eta Kolonbiako Gobernuren artean bake akordioa sinatu bazen ere, talde armatuen disidentziek narkotrafikoaren kontrola bereganatzeko lurraren defentsan aritzen diren indigenen aurkako etengabeko biolentzia sistematikoa darabilte Caucako departamentu osoan, eta bereziki Toribio eta inguruko udalerrietan. Hala, 2016tik 2024ra bitartean, Caucan 337 lider sozial hil dituzte, Kolonbiako departamentu guztien artean gehien.
ACINetik (Asociación de Cabildos Indigenas del Norte del Cauca), hilketa eta biolentzia hauen guztien amaiera exijitu dute. Gainera, lurraldea eta bizitzarekiko errespetua ere eskatu dute.
Garabiden hainbat urte daramazkigu Toribioko nasa komunitatearekin nasa yuwea hizkuntza biziberritzeko lanean. Uste dugu halako ekimenek komunitatearen kohesioa eta ahalduntzea ahalbidetzen dutela, eta biolentziaren dinamika suntsitzaileak gainditzeko ekarpen garrantzitsuak direla. Bestetik, ACINen aldarrikapenekin bat egiten dugu, eta komunitate indigenek haien lurraldean eta bakean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu.
Azkenik, Edgarren familiari, haren lagunei eta, oro har, nasa komunitateari gure doluminak eta elkartasuna helarazi nahi dizkiegu. Inork ez luke hil behar bere lurraldea, bere komunitatea, bere hizkuntza eta bere kultura defendatzeagatik! Çxhäçxh«çxhäçxhä!