Azken txanpa iritsi arren lanerako grinak, gogoak eta beharrak ez zuten hutsik egin. Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programako azken bi asteak formazio pertsonalizatuago bat egiteko baliatu ziren, partaide bakoitzak bere beharretan eta nahietan oinarritutako aholkularitza jasotzeko aukera izan zuelarik. Aurreko asteetan ikasitakoan oinarritutako proiektua diseinatu eta aurkeztu ere egin behar izan zuten, eta baita dibertitu ere, nola ez!
Arloka banatuta Euskal Herrian euskaratik eta euskaraz lanean ari diren hainbat aditurekin espezializatzeko aukera izan zuten ikastaroan parte hartu duten aktibistek. Arlo digitalari dagokionez, Ander Bolibarrekin mundu digitalean esperimentatzen nola hasi ikasi zuten formazio orokorrean, eta interesa izan zuenak horretan gehiago sakontzeko aukera izan zuen Anderrekin berarekin. Horretaz gain, inteligentzia artifiziala euskarari ere aplikatzen aurrerapauso handiak eman dituen Elhuyarreko Igor Leturia eta Aitzol Astigarragarekin formazio saioa jasotzeko aukera izan zuten, Wikipediako Galder Gonzalezekin mundu mailako sare handi horretan hizkuntza txiki batek nola joka dezakeen ikasi zuten eta Goienako lagunekin digitalki noraino irits daitekeen jakin ahal izan zuten.
Haurren hezkuntzan espezializatutako kideek Arizmendi Ikastolako Aretxabaletako Basabeazpi eta Eskoriatzako Almen guneetako hainbat geletan sartu eta ikastolako egunerokoa nolakoa den ikasi ahal izan zuten. Helduen irakaskuntzan fokua jarri dutenek, aldiz, AEK-ko Foruko barnetegia ezagutzeko aukera izan zuten, eta baita erakundean bertan irakasle dabiltzan eta Garabideko Ekuadorreko proiektuan ere kolaboratzen duten Esti Nieva eta Joseba Irazabalekin Ekuadorren egiten ari diren lanaren eta egin daitekeenaren berri eduki ahal izan zuten. Horretaz gain, Ane Ortegarekin eta Andoni Barreñarekin helduen irakaskuntzaren inguruko saio monografikoak jaso zituzten, eta baita Barañaingo IKA euskaltegia bisitatzeko eta haien jarduna nolakoa den ezagutzeko aukera izan ere.
Administrazio publikoan begirada jarritakoek Patxi Baztarrikarekin hizkuntza planen garrantziaren inguruko zantzuak jaso ahal izan zituzten, eta UEMAko Miren Segurolarekin herri mailako administrazioan egin daitezkeen pausoen berri izan zuten. Gainera, Lourdes Auzmendirekin itzulpengintzak eta interpretazioak biziberritze prozesu batean izan dezaketen funtsezko paperaren berri izateko aukera izan zuten.
Herri mailako aktibazio sozialaren gakoak Durangoko Berbaro elkartearen jarduna ezagutuz errepasatu ahal izan zituzten.
Hizkuntzaren corpusa landu ahal izateko ere Andoni Barreña beti prest izaten da, aspaldiko garabidetarra eta arloan aditua, aktibistek beti gustura hartzen duten saioa. Andonirekin ikusitakoa praktikotasunera Euskaltzaindiko Miriam Urkiarekin eraman ahal izan zuten.
Soziolinguistika Klusterreko Olatz Bengoetxearekin eta Olatz Altunarekin ahozkotasunaren eta hizkuntzen erabileraren kale neurketen inguruan aritu ziren hurrenez hurren, eta Andoaindik Eibarrerako saltoa eginez, Ahotsak fundazioan ere geldialdi bat egin zuten, biziberritze prozesu batean datuen bilketa lanak duen garrantziarekin ere jabetuz.
Formazioko lehen astean Paula Kasaresekin Familia Transmisioa lantzeko aukera izan zuen taldeak. Praktikaldi garaian Zizur Nagusiko euskara teknikari den Alfredo Dufurrekin eta Paularekin berarekin biltzeko eta udal zerbitzu batek transmisioari nola lagun diezaiokeen ezagutzeko parada izan zuten.
Lehen lau asteetan landutako teoria modu espezifikoago batean ezagutzeaz gain, Garabideren lana eta euskararen mundu mailako erreferentzialtasunaren inguruan ikasleria sentsibilizatzeko parada ere izan zuten Barañaingo Alaitz institutuan eta Arrasateko Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketa gunean.
Aktibista bakoitzak, formazio orokorrean eta azken bi asteetako formazio espezializatuan jasotako informazioarekin, euren komunitatean oinarrituta diseinatutako proiektu bat aurkeztu behar izan zuen, bueltan martxan jartzen saiatuko direna.
Eta dena ez da lana, ondo pasatzen ere saiatzen da taldea. Hainbat herrialde eta komunitatetako jendea elkarrekin izatea opari bat da hainbatentzat, eta gainera Aramaioko Zabola auzoko elkartean bakoitzak bere herriko janari bat prestatzen badu, opari bikoitza. Elkartruke gastronomiko bezala hasi zena kantu afari izatera pasa zen, eta ondoren... ondorengoak. Eta hori bakarrik ez, Idiazabal herria ere ezagutzeko aukera izan zuen taldeak Gure Zirkua bertan zegoela aprobetxatuz. Aisialdia ere hizkuntza biziberritze prozesuan ezinbestekoa dela ikusteko gune bikaina da zirkua, eta nola ez, Don Martin, Poxpolo eta konpainiarekin bi ordu irribarrez pasatzeko aukera ezin hobea ere bai.
Eta konturatzerako Azken Festa, formazioa hasi zenean urruti ikusten zen hura. Ikastaroan zehar bidelagun izan diren guztiei eskerrak emateko momentua, bai Aretxabaletara gerturatu direnei eta baita haien etxeetan taldea beso zabalik eta irribarretsu jaso duten horiei ere. Proiektu hau ekonomikoki posible egin duten horiei ere eskerrak, eta baita urteak joan eta urteak etorri Garabideren ondoan egon diren horiei guztiei ere, horiek gabe ez bailitzateke inondik inola ere hau posible izango.
Sei aste joan dira, orain lanak eta konpromisoak beste eszenatoki batean jarraituko dute. Eta garai batean Funtzioan esaten zuten bezala “bukatu da, bukatu da, bukatu da, akabo!”.
5. asteko laburpen bideoa hemen.
6. asteko laburpen bideoa hemen.