*Sortu berri dugun gune honetan Garabideren ardatzetako bat den BIDAIDE programen inguruko informazio zehatzagoa eman nahi dugu. Bidaide Programa jatorrizko hiztun komunitateak garatzeko lankidetza programa integratua da, hizkuntza plangintza integral bat egitetik abiatzen dena. Hilero hizkuntz komunitate baten Bidaide egitasmoaren berri emango dugu eta AIMARA komunitatearekin hasiera emango diogu.
Aimara komunitatea Bolivia, Chile eta Peruko lurretan hedatzen da eta 2.000.000 hiztun ditu.
Bidaidetzari Bolivian 2007an ekin zitzaion eta egitasmoari ekiteko arrazoien artean honakoa dugu: Evo Morales-ekin indigenak lehen aldiz iritsi dira gobernura. Testuinguru politikoak aukerak eman ditzake hizkuntza gutxituen aldeko proiektuak garatzeko.
Elkarlan egitasmoan honakoak dira lan-arlo nagusiak:
- Aimara hizkuntzan corpusaren estandartzea eta garapen teknologikoa.
- Boliviako gobernuari aholkularitza eskaini zaio hizkuntza biziberritzeko estrategietan, hezkuntzako hizkuntza-ereduetan eta unibertsitate indigenaren sorrera prozesuan.
- UNIBOLi –Boliviako unibertsitate indigena publikoa- laguntza eskaini dio GARABIDEk hizkuntza irizpideen arloan.
- Eragile politiko eta sozialei hizkuntzaren estrategia nagusiei buruzko formazioa.
Azken lan-arloan aipatzeko modukoa da gure marko teoriko-praktikoa abiapuntu, egoera zein iritzietara egokitzeko egin behar izaten dugun ahalegina. Testuinguru horretan, azpimarratu izan dugun kontzeptua “hegemoniarena” da. Hizkuntza gutxituak –tartean Aimarak- hegemonia espaziorik gabe ezin baitira garatu.
Izan ere espazio jakin batzuetako bilinguismoa handiak txikia jateko modua da, egunkari eta aldizkari ustez elebidunek, praktikan, ez dute funtzionatzen. Norbanakoa izan liteke elebidun edo eleaniztun, baina gune jakin bati, familia bati, erakunde bati…gehienetan hizkuntza baten hegemonian ardaztea dagokio, handik eleaniztasunera irekitzeko. Espazio horiek izan ezean, hizkuntzak ez duela garatzen jarraitzeko aukerarik eta arrazoirik.
Horrela aritzen gara, dugun teorizazio eta esperientzian oinarrituz, eta tokian tokiko errealitateari egokituz, ahalik eta modu praktiko eta pedagogikoenean aholkularitza ematen.