Apirilaren 22tik maiatzaren 9ra bi asteko lankidetza bidaia egin genuen Garabidetarrok Ekuador iparraldean, Imbabura probintzian. Bertan, haien lurraldean hartu gintuzten kitxuez gain, hiru nasa eta maputxe bat izan genituen bidelagun.
“Shimi Muyuta Tarpushpa” Hizkuntzak Biziberritzeko Nazioarteko I. Kongresuan parte hartzea izan zen bidaiaren helburu nagusia. Bide batez, aukera izan genuen bertan laguntzen ditugun ekimenekin harremanak sendotzeko eta etorkizuneko bideak marrazteko.
Hiru egunez, hainbat herritako biziberritze esperientziak ezagutzeko aukera izan genuen: kitxuak, Yukatango maiak, kaqchikelak, nasak, galiziarrak, maputxeak, nawatak, awapitak, Costa Ricako hizkuntzak... Batzuek bertatik bertara hartu genuen parte, beste batzuek online.
Kongresua sei ardatzetan banatu zen. Nahi duzuenok, ikusgai dituzue saio guztiak Iluman Irratiaren Youtubeko kanalean.
Lehenengo eguneko goizean munduko hizkuntza aniztasunari begiratzeko aukera izan genuen; hizkuntzen egoera orokorrari lehenik, eta hizkuntza jakin batzuen errealitateari ondoren. Ezberdintasunak ezberdintasun, galera prozesuetan faktore komunak eta antzeko testuinguruak ditugula ikusi genuen.
Arratsaldean, hezkuntzari buruzko saioak etorri ziren. Bertan, hizkuntza biziberritzeari laguntzen dioten hainbat arlo aztertu zituzten hizlariek: hezkuntza arautua, helduen hezkuntza, unibertsitatea, formakuntza soziolinguistikoa...
Bigarren eguna hedabideen gaiarekin hasi zen. Ekimen txiki asko aurkeztu ziren, irratigintzan eta Interneten batez ere. Agerian geratu zen hedabideek eta arteak hizkuntzan duten garrantzia, herriaren emozionaltasuna elikatzeko eta ikusgarritasuna emateko.
Bazkalostean euskararen biziberritze esperientziaren ikuspegi orokorra eman genuen, eta, ondoren, artea eta musika izan genituen aztergai. Askok azpimarratu zuten tradizioaren eta berritzearen arteko oreka zaindu beharra.
Azkenengo eguna generoa eta hizkuntzari buruzko ardatzarekin hasi genuen. Hizlarietako batek gogorarazi zigunez, “hizkuntza eta kosmobisioa biziberritzean, aukera daukagu gure kultura ondarearen eta orainaren zer elementu iraunarazi nahi dugun hausnartzeko. Horrela, hizkuntza biziberritzeko borrokak jazarpen mota guztiak borrokatzen lagundu diezaguke, emakumeen aurkakoa barne”. Bestalde, argi geratu zen emakumeek zer nolako garrantzia (izan) duten jatorrizko hizkuntzen iraupenean.
Azkenengo saioan hizkuntza-politika eta hizkuntza-plangintzaren tresna nagusiak eta arlo horretako esperientzia zehatzak ezagutu genituen. Izan ere, hizkuntzak espazio guztietan izan behar du lekua, intimoenetatik ofizialenetaraino.
Kongresua amaitu zen, baina kitxua biziberritzeko lana hasi baino ez da egin. Hori dio kongresuaren leloak ere: biziberritze haziak ereiten. Orain kimu ernatu berriak zaintzen jarraitzea dagokigu. Zorionez, ez da kimurik falta.