Garabidetarrok berri gazi-gozoak jaso ditugu izurriak mundua gogor joten ari den azken aspaldion. Berriki jakin dugu Alvaro Aguilar nawata eta Alba Velasquez kaqchikela hil egin direla. Alvaro 2019an izan zen Euskal Herrian, Garabidek antolatutako Hizkuntza Gidaritzari Buruzko Ikastaldian. Alvaro Mexikoko Cuatzalango Tosepan Titataniske kooperatibako kide gidarietako bat izan da, buru-belarri ari izan dena kooperatibaren alde eta nawataren biziberritzeko ekimenetan. Alba 2016n izan zen Euskal Herrian, Garabidek eratutako Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroan. Alba Guatemalako kaqchikel lurraldeko Ru’ku’x eskola-sareko ikastetxe bateko zuzendaria izan da, non kaqchikela murgilketa ereduan irakasten den. Biak ala biak jatorrizko hizkuntza eta kulturen aldeko ekintzaileak! Bihotz-bihotzetik gure agurrik beroena!
Baina berri gozoak ere heldu zaizkigu. Halako bi, oso diferenteak, Kolonbiako Caucatik etorri zaizkigu. Bata, Caucako hiriburutik, Popayanetik. Bertan bada piramide bat hiria jagongo balu bezala, baina kolonialismo zuriak piramide hori estali eta gainean konkistatzailearen zaldizko estatua jarri zuen, Belalcazar konkistatzailearen irudia. Zaldiak hanka jasota zuen, beheko piramidea jotzeko eta zapaltzeko asmoa duela irudikatuz, indigenismoa suntsitzen ari balitz bezala. Gogoan izan behar dugu Popayan hiri oso arrazista (izan) dela. Esaterako, XX. mendeko 80 hamarkadaren arte zuria ez zen inork ezin zuen gaua bertan igaro. Baina orain Belalcazarraren zaldizko estatua bazegoela esan behar dugu, bertako indigenek, misakek eta pihakoek hain zuzen, eraitsi egin dutelako gaur egun oraindik ere bizirik den kolonialismoa eta indigenen aurkako bazterkuntza sistematikoaren sinboloa.
Bestea, Caucako iparraldetik datorkigu, Tuunxiwxu-Toribio udalerritik. Bertan nasa indigenak izurrialdi latzean ere ez dute etenik euren jatorrizko hizkuntza biziberritzeko ahaleginetan eta kanpaina berezia asmatu dute paisaia linguistikoa eraldatzeko, edo eraldatzen hasteko, eta pankarta handiak jarri dituzte toki estrategikoetan euren jatorrizko hizkuntzan. Kontuan izan behar dugu, inguru horietan paisaia linguistikoak ez duela jatorrizko hizkuntzaren lorratzik ere izaten. Zoriontzeko moduko ekimenak biak! Aurrera bazterketa guztien aurka eta gure jatorrizko hizkuntzen, kulturen eta identitateen alde!
Andoni Barreña