2010eko maiatza. Bere egituraren gaurkotze eta sendotze prozesua burutu du Garabide elkarteak. Joan den astean Eskoriatzan egindako batzarrrean onartu ditugu prozesu hau osatu duten estatutu eta kargu berriak. Presidente berria Urko Kolomo izango da. Azken hilabeteetan bazkidetza kanpaina egin dugu. Batetik, norbanako bazkideak egin ditu Garabidek. Lau bat dozena lagun, zeinek gure jardunaren berri izan eta gure jardueretan parte hartzeko aukeraz gain, batzarretan partu hartzeko, lan taldeetan parte hartzeko eta Garabideren erabakietan parte hartzeko aukera izango duten.
Norbanako bazkideekin batera beste era bateko bazkide eta laguntzaileak izatea ere erabaki du Garabideren batzarrak. Horien artean garrantzitsuenak erakunde laguntzaileak dira. Euskalgintzako alor ezberdinetako erakundeak dira hauek, gurekin hartu-eman zuzen eta sistematikoa izango dutenak hemendik aurrera. Garabideren jardueren berri zuzen eta puntual jasoko dute, gure jarduera eta egitasmoetan parte izan daitezke eta gure batzarrean era parte hartzaile izango dira hala nahi badute.
Oso garrantzitsuak dira Garabiderentzat bazkide eta erakunde laguntzaileok. Izan ere elkarte txikia izanagatik bakarrik ez goazela erakusten digute. Gure alboan eta gure laguntzaile sentitzen ditugu. Eta ezinbesteko dugu gainera hor egon daitezen. Euskalgintzaren esperiantziaren ematea baita gure zeregin nagusietakoa, eta esperientzia hori emateko egokienak, zalantza barik, euskalgintzako erakundeak berak dira, eta bertan urte askotan lanean dabiltzanak. Hona orain arte beren laguntzaile izaera baieztatu digutenak: Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea-AEK, Argia aldizkaria, Arrasate Euskaldun Dezagun-AED, Berria egunkaria, Eleka Ingenieritza Linguistikoa, Elhuyar Fundazioa, Emun, Euskaltzaindia, Huhezi fakultatea, Ikastolen Federazioa, Kontseilua, Soziolinguistika Klusterra, Topagunea-Euskara Elkarteen Federazioa eta Zenbat Gara elkartea.
Gure lanaren gaineko gogoeta
Garabideren jardueraren gogoetarekin batera etorri da erakundearen sendotzeko ekimen hau. Izan ere gogoeta jardunaldiak egin ditugu oraindik orain. Haietan orain arteko bideari segitzea erabaki dugu, hitz bitan.
Gure helburu nagusiei beste bat gehitzea erabaki dugu baina, garapenerako lankidetzan ari diren gainerako agenteekiko harremanak sendotzea eta beren zereginean “identitateak, eta hizkuntzak identitarearen faktore garrantzitsu bezala, duen eraginaz eta garrantziaz ohartaratea”.
Halaber euskalgintzako beste erakundeetatik datozkeen egitasmoei ateak irekitzea erabaki dugu, proiektuak elkarrekin prestatu eta burutzeko, beti ere lankidetza markoan ondo txertatzen badira eta gutxi-gehiago gure helburuekin bat badatoz.
Gazte belaunaldien formazioa
Gure lana, gure proiektuak, orain arte bezala, formazio, sentsibilizazio eta aholkularitzan oinarrituak izango dira. Formazioa, gainera, gazte jendeari zuzendua ahal dela. Nortasunaren eta hizkuntzaren garapena bere jardunaren ardatz dituen erakunderik ez dugu aurkitzen orain arte lankidetzan izan garen munduko herrialdeetan. Gaude, ezagutzen ari garen hizkuntza komunitateak galera prozesuan daudela oraindik, ez direla beren hizkuntza biziberritzeko estrategia eraginkorrak martxan jartzera iritsi; baina, halaz guztiz, ez direla egoera horren erabat jabe. Horregatik uste dugu gazteak sentsibilizatu eta formatzen laguntzen egin behar dugula gure ahaleginik handiena, indar berriak eta ilusio berriak dituen belaunaldia beharko delako. Masa kritiko minimoa osa dezakeena hizkuntza komunitate horietan.
Asia eta Ozeania
Egingo ditugun proiektu guztien abiapuntu nagusi gisa truke programei eutsi egingo diegu. Horiek, beren helburu zehatzez harantzago, plataforma ezinhobea direlako munduko beste erakunde eta errealitateak ezagutzen jarraitzeko. Nolanahi, hegoamerikatik zabaldu eta ingelesa hizkuntza nagusi den eramuetara ere jotzen hasiko gara, Asia eta Ozeaniako herrietara, esatera. Alderdi horietan hizkuntza gutxitudun herri asko dago, eta esperientzia oso interesgarriak ere bai tartean.
Aurtengo truke programan, dena den, Hego Amerikako eta Ertamerikako herrietako ordezkariak izango dira gehienak, baina aurreko urteetako izaera orokorrekoa baino, corpusaren garapenean gehiago sakonduko duen programa eratu nahi dugu. Hizkunzen estandarizazioan, hizkuntza akademien lanean eta corpusaren garapenean. Ohi bezala udazkenean egitekoa dugu.