Albisteak

BAZTANGO UDALAK ETA GARABIDE ELKARTEAK HITZARMENA BERRITU DUTE

2018/05/16

Akordio honen iraunaldia lau urtekoa izango da eta, beraz, 2022ra arte emango zaie jarraipena Baztango Udalak 2016tik babesten dituen hizkuntza lankidetza proiektuei. Herrien garapenaren erdigunean hizkuntza jartzea helburu izango dute ekimenek eta estrategia orokor horren zehaztapena Ekuadorren mamituko da aurtengoan, Imbabura probintzian sortu berri den SISARIY erakundearekin ari baikara Garabidetik kitxua hizkuntzaren indartzerako elkarlanean

Argazkian: Joseba Otondo, Baztango alkatea, eta Maialen Sobrino Garabideko kidea

Atzera begirakoan, 2016ko ekainaren 28an sinatu zen lehendabiziko aldiz hizkuntza biziberritze prozesuak bultzatzeko bi urterako hitzarmena Baztango Udalarekin.  Lehen akordio horri esker, Bidaide programaren baitan, kurduen delegazio bat izan genuen Euskal Herrian astebetez euskararen biziberritze esperientziaren inguruko formazioa jaso eta Euskal Herriko euskalgintzako hainbat erakunde bisitatzeko. Guztira lau formazio saio jaso zituzten Jon Sarasua, Andoni Barreña, Urtzi Urrutikoetxea eta Iñaki Arrutiren eskutik:

  • Euskararen berreskurapen gakoak
  • Hizkuntzaren biziberritzea hezkuntzan
  • Hizkuntza biziberritzeko ekimenak alorraren arabera (enpresa, hedabideak…)
  • Erakunde publiko lokalen plangintzak

Baina Garabideren helburua “irakastea” bakarrik ez, ikastea ere badenez, geuk ere kurduen egoeraren eta abian zituzten hizkuntza biziberritze esperientzien inguruko formazioa jaso genuen eta oso pozgarria izan zen jakitea, adibidez, 250 gazte zituztela 14 freedom school-etan  (kurdueraz irakasten duten eskolak) ikasle. Delegazio kurduaren bisitako azken egunean esperientziaren inguruko ondorio bateratuak ateratzeko saio bat egin genuen guztion artean.

Ondorengo urtean, 2017an, Baztango Udalak emandako babesari esker Hizkuntza Biziberritzeko Gidaritzari buruzko Ikastaldi Trinkoari buruzko bideo laburpen eta grabazioak egin ziren. Horrez gain, Ikastaldi Trinkoaren baitan bisita egin genuen Baztan aldera partaide guztiekin eta bertan Joseba Otondo alkateak egin zigun harrera (argazkian ikusten den bezala).

Baztango herritarrekin ere harreman zuzena izan dugu garabidetarrok. Izan ere, 2016 bukaeran Aditu Ikastaroko partaideek Arizkunenea Kultur Etxean mahai-ingurua eskaini baitzuten bertso saio baten aitzinetik. Ekuadorreko kitxua, Mexikoko nahuatl eta yukatango maia eta Guatemalako kaqchikel hizkuntzen ordezkariak aritu ziren han bildutako 40 bat baztandarrekin hizkuntzari buruzko egoera eta gogoeten elkartrukean Karine Etxeberrik gidatuta. Ondotik, Alazne Untxalo eta Xabi Maia bertsolariak aritu ziren kantuan neguko arratsa borobiltzeko.

 

Bistan da azken bi urteetako harremana emankorra izan dela eta, beraz, gogotsu ekiten diogu beste lau urteko bideari!

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus