Albisteak

Bazkideak egiteko kanpaina hasi du Garabidek

2015/01/01

2010eko otsaila.  Bazkideak egiteko kanpaina hasi du Garabide Elkarteak, gure lanaren antolaketa indartzeko eta batez ere gurekin lanean ari zareten edo ari zaitezketen guztioi horretarako aukera hobeak emateko.

Bi urteko ibilbide aberasgarriaren ondotik Garabide Elkartea berrantolatu eta euskal gizartera zabaltzeko ordua iritsi dela uste dugu. 2010. urtean euskalgintzako erakundeez zein norbanakoez osatutako laguntzaile taldea eratu nahi dugu.

Egun ere hainbat eta hainbat lankide zaituztegu, izan elkarte edo norbanako. Eta zuei zuzenduko gatzaizkizue batez ere. Gure laguntzaile izate horri forma eman nahi diogu, bazkideak izendatu eta bazkide-laguntzaile izango zaituztegun horiei gure jardunaren informazio osoa eman, gure erabakiguneetan parte hartzeko aukera eman, gure lan taldeetako kide izatea eskaini.

Orain arte egin duguna ezingo genukeen egin zuen laguntzarik gabe, dozenaka lagun eta erakunde izan zarete musutruk laguntza eman diguzuenak. Garabide elkarte txikia da eta munduaren hegoaldeko herri gutxiagotuen beharren artean eta euskal esperientziaren artean zubi lana egiten jarraitzeko asmoa du aurrera ere. Horretan zuekin izango dugun lankidetza elkarrekin pentsatzea nahi dugu, zuek eta guk, laguntzaile izendatu, hitzarmenak egin, eta noski, nahi duenari bazkide egiteko aukerak eman, gurean parte erabatekoa izateko.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus