Soziolinguistika Klusterrak argitaratzen duen BAT soziolinguistika aldizkariak bere 114. zenbakia nazioarteko hizkuntza lankidetzari eskaini dio.
Zenbaki hau Soziolinguistika klusterraren eta Garabideren arteko emaitza da. Hizkuntzari eta nazioarteko lankidetzari buruzko 6 artikulu bildu dira 100 orrialdetan. Horrekin, aztertu nahi da euskararen biziberritze ahaleginean sortu eta pilatutako ezagutza eta esperientzia munduko hizkuntza-komunitateekin partekatzeak batzuen eta besteen helburuei begira egiten duen ekarpena.
Honakoak dira aipatutako gaiaren inguruan aurkituko dituzun artikuluak eta egileak:
- “Hitzaurrea” (Belen Uranga / Soziolinguistika Klusterra).
- “Lankidetzaren ikuspegi holistikoa” (Iñaki Martinez de Luna / soziologoa ).
- “Hizkuntza lankidetzaren dimentsio politikoaz. Estatu plurinazional bati eta nazio pluriestatal bati begira” (Txema Abarrategi / Garabide).
- “Nasak eta euskaldunak elkarri begira” (Julen Larrañaga /Garabide, Mikel Mendizabal / Garabide eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra eta Andoni Barreña / Garabide elkartea eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra).
- “Nasa Yuwe biziberritze prozesua eta hezkuntza” (Rosa Elizburu / Ibaizabal ikastola).
- “Euskal-nasa kooperazioa helduen irakaskuntzaren ardatzean” (Arkaitz Zarraga /UEUko Glotodidaktika Sailburuaeta Ane Ortega /Begoñako Andramari Irakasleen Unibertsitate Eskola).
- “Maoriera, ordezkatzetik biziberritzera” (Imanol Miner / Hizkuntza teknikaria).
Garabideko kideok oso pozik gaude zenbaki honen argitalpena dela eta, batez ere, bi arrazoirengatik: batetik, egunerokotasunean gaia lantzeko ohikoak diren espazio, luzera edo denbora mugak gainditu direlako behingoz eta, gaiari, oso praktikoa den errepaso ederra ematen zaiolako. Bigarrenik, nazioarteko hizkuntza lankidetza sendotzen ari delako gure herrian. BAT aldizkariak gaiari ia monografikoki zenbaki bat eskaintzeak hori adierazten digu. Baieztapen hori egiteko badugu esku artean beste datu bat: 2019. urtean bere jarduna bideratzeko Garabidek 26 entitate babesle (hau da, bere jarduna finantziatzen dutenak) eta 52 entitate laguntzaile (diruz bestelako ekarpena egiten dutenak) izan zituen. Gehiena dago egiteko baina bidea egiten ari gara!