Abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta hilaren 18an berriz, Pertsona Migranteen Nazioarteko Eguna. Irungo Udalak egitarau oparoa osatu du bi egun horien harira.
Ildo beretik, abenduaren 10etik 17ra Giza Eskubideen aldarrikapenaren 76. urtemuga ospatuko da udalerrian. Hainbat ekintzaren artean, “Irungo hizkuntza eta identitate anitzei buruzko topaketa” egingo da, Garabide Elkarteak eta Irungo Udaleko giza eskubideak, memoria demokratikoa eta kooperazioko arloak elkarlanean antolatuta.
Kulturen arteko lehen topaketa hau abenduaren 10ean izango da, arratsaldeko 18:30ean, Palmera Montero Guneko 5. aretoan. Topaketaren helburua hizkuntza gutxituak eta hauek zeharkatzen dituzten hainbat ezaugarriren inguruan (kultura, generoa, migrazioak, kolonialismoa, erlijioa, eta abar luze bat) hausnartzea izango da, elkar ezagutzeko espazioa eraikiz. Jardunaldiko gaia Tarana Karim Azerbaijango abokatu eta aktibistak kokatuko du, eta, ondoren, Irungo kultura anizdun bizilagunak bilakatuko dira protagonista, hauen bizipen eta kulturak partekatuko direlarik giro ezin hobean. Jardunaldiaren amaieran mokadutxoa egongo da, giro informalagoan elkarrizketa jarraitu ahal izateko.
Izen-ematea martxan da abenduaren 9a bitarte. Izena emateko karteleko QRa eskaneatu edo esteka honetan sartu.