2010eko otsaila. Hainbat hizkuntzalari aymara bildu da El Alton, Bolivian, beren hizkuntza akademia eratzeko lehen pausuak emateko hitzorduan. Garabidek antolatutako esperientzien truke programan ikusitakoa pizgarri izan dute bilera hauek egiten hasteko. Berauetan izan da baita ere, Euskal Herriko egoera eta bidea azaltzen Maider Elortegi, Bolivian Garabideren lankidea ari dena.
Otsailaren 5ean egin dute bigarren bilera. Aurrekoa urtarril erdialdean egin zuten Euskal Herriko esperientziak ezagutarazteko asmoz, El Alton baita ere, ASOIM elkarteak antolatuta, Erculina Mamani, Garabidek antolatutako III Truke Programan izandakoa buru zutela. Orduan erabaki zuten berriro biltzea eta hizkuntza bateratzeko pausuak zein izan ditzaketen diseinatzen hastea. Besteak beste aymararen akademia eratu nahi dute.
Maider Elortegi lankideak Euskal Herriko berri eman die, gurean hizkuntzaren batasunerako bidea nola egin zen eta zeregin horretan Euskaltzaindiak izan zuen papera. Datozen bileretan akademiaren kudeaketa eta antolakuntzaz ari nahi dute eta horretan ere Euskaltzaindia eredu hartuko lukete. Otsailaren hondarrean elkartuko dira berriro.
Nabarmentzekoa da lehen ia inoiz ez bezala, aymararen ezagutza handia duten eta elkarrekin gutxi ari diren hizkuntzalariak eta ekintzaileak bildu dituztela:Hilarión Chinahuanca, Prudencio Quispe, Javier Reyes, Félix López, Aurelio Atahuachi, Gonzalo Alto Salinas, Vitaliano Huanca, Juan de Dios Yapita, Juan Carvajal, Félix Laime, Zacarías Alavi, Eulogio Chávez Siñani, Braulio Huanca Ulari, Edmundo Santander, Santiago Limachi, Antonio Herrera, Agustín Gutiérrez, Agustina Quispe, Donato Gómez, Natalio Ticona Catari, Simón Quispe Pocoaca, Erculina Mamani eta Maider Elortegi bera.