Albisteak

Aurrerapausu bat mapuzuguna ikasi ahal izateko prozesuan

2020/07/06

Urte erdi pasa da garabidetarrak azkena Wallmapun egon ginenetik eta urte bete bidaide programako azken egonalditik. Orduan, aspalditik martxan dituzten mapuzugun klaseen kalitatea hobetze aldera, unitate didaktikoen sorkuntzari dedikaturiko formazio saioak eskaini zituen Aurten Bai fundazioko Maider Leibarrek Gorbea herrian. Aurten, Covid-19ak ekarritako egoerak hala beharturik, aurrez aurreko klaseak ordezkatzeko on line saioak emateko gakoak eta jarraibideak eskaini ditu on line formazio baten bidez. 

Hiru urte pasa dira Garabide Kultur Elkartearen eta Aurten Bai fundazioak kudeatzen duen Zornotzako Barnetegiaren arteko elkarlana hasi zenetik, eta ordutik 3 esku hartze izan dira Mapuzuguletuaiñ elkartearekin Wallmapun eta bat Euskal Herrian. 2018ko otsailean bertara joan eta maputxeek antolaturiko barnetegi baten diagnosia egin zen, ikastaroen indargune eta ahulguneak identifikatu eta formazio saioen bidez haiek hobetzeari ekin zitzaion. Urte bereko uztailean Mapuzuguletuaiñ elkarteko 3 irakaslek bi asteko egonaldia egin zuten Zornotzan barnetegiaren dinamika sakon ezagutzeko. Iazko uztailean mapuzugunaren kurrikulum txikia sortzearekin batera unitate didaktikoak eratzeko hastapen saioak eman ziren, aste beteko formazioa Wallmapuko neguan. Aurten, egoerak hala beharturik, maputxeek ere on line formazioetan jarri dute ikusmira. Zaila izango da Wallmapun ere taldeak bildu ahal izatea, eta horregatik aurrez aurreko saioak momentuz bertan behera utzi eta on line saioak prestatzen hasiak dira. Modalitate horretara bideratu zen ekaineko on line ikastaroa. 

Ekaineko azken astean izan zen on line saioei dedikaturiko unitate didaktikoak sortzeko ikastaroa. Bidaiatzea ezinezkoa izanik on line formazioa eman zen Garabideren bitartez lehen aldiz, eta arrakastatsua izan da oso haren bilakaera. Parte hartze bikainarekin eraman dira aurrera klaseak eta bai euskaldunak eta baita maputxeak ere gustura emaitzarekin. Aste beteko formazio honek unitateak sortzen, mapa teorikoa landu eta bertan agertzen diren kontzeptuak kokatzen, on line ikastaroa bera egituratzen eta kurtsoa eman ahal izateko baliabide teknikoak lantzeko balio izan zuen. 

 
Ikastaro honek klaseak ematerakoan beste aurrerapauso garrantzitsu bat ematea suposatzen du, klase horien kalitatea eta ikaskuntza prozesua nabarmen hobetuz pixkanaka pixkanaka. Mundu osoan pairatzen ari garen egoerari ere frente egiteko gai izan da Mapuzuguletuaiñ elkartea klaseen formatuari buelta bat emanez, indartsu eta lanerako gogoz daudenaren seinale. Bistakoa da hori gainera. Aurrera Wallmapu!! 

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus