Ipar-ekialdeko Unibertsitate Nazionaleko (UNNE) Kontseilu Gorenak "Guarani Katedra Librea" sortzea onartu du, 2023ko Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programako proiektuetako bat.
UNNEren Humanitate Fakultatearen ustez, bideragarria da Corrienteseko guaranieraren irakaskuntzari, ikerketari, transmisioari eta erabilerari dagokienez ekintzak eta proiektuak artikulatzea eta indartzea. Horretarako, "Guarani Katedra Librea" sortzea onartu du. Katedra hori Corrientes probintzian guaraniera-gaztelania testuinguru elebidunetan lanean bi hamarkada baino gehiago daramatzan lan-talde batek koordinatuko du.
"Katedra librearen" modalitateak edozein pertsonari parte hartzeko aukera ematen dio, eta, gainera, "katedra ibiltaria" izango da, jarduerak guaranierari buruzko sozializazio- eta truke-espazioak sortzen diren hainbat lekutan egingo baitira.
"Guarani Katedra Librearen" helburua irakaskuntza, ikerketa, transmisioa eta/edo erabilera eremuetan guaranierarekin lan egiten duten eragileak eta erakundeak antolatzea izango da. Gainera, prestakuntza, aholkularitza, itzulpengintza eta materialen ekoizpenerako zerbitzuak emango ditu, besteak beste.
Halaber, Corrienteseko guaranieraren arauaren erabilerari eta definizioari buruzko adostasuna eraikitzen eta garatzen diren ekintzak zabaltzen lagunduko dute.
Katedraren zuzendaria Carolina Gandulfo izango da, 2023ko Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programako partaidea. Formazioaren baitan landutako proiektua katedraren sorrera izan zen, hain zuzen ere.