Albisteak

Aretxabaletako alkateak harrera egin die Hizkuntza Gidaritzari buruzko Ikastaldiko partaideei

2019/10/02

Harrera egin diete Aretxabaletako alkateak –Unai Elkoro– eta Garabideko lehendakariordeak –Jon Sarasua– urrian zehar egingo den Ikastaldiaren 10 hizkuntza gutxiagotuetako 16 ordezkariei. Unaik ongi etorri hitzak izan ditu kurtsoan parte hartuko dutenentzat eta Jonek Garabideren eta esku artean dituen egitasmoen helburuak zehaztu ditu. Etorritako indigenen ordezkariak, Guatemalako kaqchikel komunitateko kidea den Gloria Beatriz Puc Chiquitók, bere aldetik, eskerrak eman ditu eman zaien aukerarengatik eta kurtsoarekin bete nahi dituzten espektatibak azaldu ditu. Astelehenetik, beraz, martxan da  GARABIDE Elkarteak Euskal Herrian antolatu duen Hizkuntza Gidaritzari Buruzko Ikastaldia” eta hilabetez luzatuko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Beasaingo Udalak babesten duten formazio honen bigarren edizioa.

Urriaren 30 arte Euskal Herrian izango ditugun 16 partaideek euren herrietan gidaritza perfila dute –kargu instituzionalak, politikariak…– eta Euskal Herrian 180 orduko formazio intentsiboa jasoko dute hizkuntzak biziberritzeko gidaritzan. Guztira 10 hizkuntza gutxiagotutako 16 kide izango dira gurekin: Kitxua (Ekuador), Nasa (Kolonbia), Kaqchikel (Guatemala), Nawat (Mexiko), Yukatango Maia (Mexiko), Amazigh (Rif, Maroko), Maputxe (Txile), Aimara (Bolibia), Guaraní (Bolibia) eta Kiche (Guatemala).

Ikastaroaren xehetasunei dagokienez, alor teorikoan euskalgintzako eta instituzioetako 16 aditu izango dituzte irakasle, tartean Belen Uranga, Jasone Mendizabal edo Patxi Baztarrika. Alde praktikoan, 19 irteera didaktikorekin osatuko da programa akademikoa, esate baterako Biriatuko Ikastola, Aiaraldea Ekintzen Faktoria edo Errigora nola sortu ziren ezagutzeko eta euskararen biziberritzean jokatzen duten paperaz jabetzeko. Hizkuntza Gidaritzari buruzko ikastaldi honek, gainera, Euskal Herria bustitzea du xede eta horretarako 10 sentsibilizazio ekintza antolatu dira, urriaren 2an Miarritzen Garabideren “Waye” dokumentalaren estreinaldiarekin hasi eta urriaren 29an Gasteizen “Hizkuntza Gutxituak:iraun ala bizi” hitzaldi sortarekin bukatuta.

Hilabete dugu aurretik Euskal Herrian barrena ibiltzeko, elkarrekin egindako bideaz ikasteko. Guztiaren berri emango dugu astelehenero Garabideren webgunean egindako kroniketan (idatziz eta bideoan) eta baita Facebooken, Twitterren, zein jarraipen blogean.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus