Gustura gaudenean denbora azkarrago doanaren sentsazioa izaten dugu, eta hala ari da gertatzen Garabiden ere; konturatzerako laugarren astea beteta, teoria eta praktika landu diren azkena. Asteko lehen bi egunetan azkeneko teoria saioak eskaini ziren, eta astea Bizkaia eta Araba aldean amaitu.
Astelehenean aurreko asteetan landutako digitalizazioaren gaiari azken errematea eman zion taldeak Ander Bolibarrekin. Egun horretan bertan, ondoren, aktibista bakoitzak bere komunitatean egiten ari den lanaren berri emateko aukera ere izan zuen, esperientzia arrakastatsuen sarea handituz eta Euskal Herrikoaz gain beste esperientzia batzuetatik ere ikasi daitekeela erakutsiz. Arratsaldean berriz aktibisten taldeak eta Garabideko lan taldeak generoa erdigunera ekarri eta berau lantzeko tailer zinez aberasgarria egin zuten lantaldeko Nerea eta Yamilirekin.
Asteartea ere teoria eguna izan zen, Jon Sarasuarekin hasi eta Kike Amonarrizekin amaitu. Jon Sarasuarekin hizkuntza biziberritze prozesu batean identifikatu daitezkeen estrategia eta agenteei buruz aritu ziren, eta Kike Amonarrizekin errelatoak duen garratziaren inguruan. Tartean lantaldeko Gorane eta Gatxirekin hurrengo egunetan egin beharreko sentsibilizazio saioen inguruan aritzeko aukera izan zuten aktibistek.
Astearen bigarren zatia Bizkaia alderako bidaiarekin hasi zen. Aspaldiko urteetan Garabideren kolaboratzaile den Durangoko Udalean bisita egin ahal izan zuen aktibista taldeak, eta baita bertako Andragunea eta Berbaro Elkartearen jarduna ezagutzeko aukera ere. Behin horiek eginda, taldea hiruko taldetxotan banatu eta Durango, Iurreta eta Galdakaoko hainbat ikastetxetako ikasleekin sentsibilizazio saioak egin zituzten, munduko kultura eta hizkuntza aniztasunaren garrantzia mahaigaineratzeko asmoz. Bizkaitik alde egin gabe Bilbora joan zen taldea egun pare bateko egonaldia egitera eta han hainbat ekimen ezagutzeko aukera izan zuten: Zenbat Gararen eskutik Kafe Antzokia, Gabriel Aresti euskaltegia eta Bilbo Hiria irratia, Euskarabentura ekimena, Bilboko Euskararen Etxea, Korrika bera eta egun hauek posible egitea ahalbidetu duen Bizkaiko Aldundia.
Ostiralean aldiz Bizkaitik Arabara, eta bertako kapitalean, Gasteizen, Hizkuntza Politika Sailburuorde den Aitor Aldasororekin eta Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari den Josune Zabalarekin egoteko aukera. Administrazio publikoak hizkuntza biziberritze prozesuetan egin dezakeen lanaren eta lan horrek duen garrantziaren inguruan aritzeko aukera izan zuten tarte horretan. Eta hiriaren beste puntan baina Eusko Jaurlaritzaren jardunetik aldendu gabe, proiektu hau finantzatzen duen Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia bisitatu zuen eguerdi partean aktibista taldeak. Haien jatorri eta egoeraren berri emateko aukera izan zuten, beti interesgarria errealitate ezberdinak ezagutzea.
Eta bisita hori amaitzean hasi zen asteburua, Kutxi kalean bapo bazkaldu eta ondo merezitako lasaitasun eta denbora librea. Astelehenera arte, biziberritze prozesuek ez baitute atseden handirik hartzen.
Bete betea aste hau ere, baina esaerak dioen bezala gustuko tokian aldaparik ez. Edo bai? Igandean mendi irteera antolatu genuen Degurixara, eta ez dakit taldeak berdina pentsatuko ote duen!
4. aste honetako laburpen bideoa hemen.