Atzo goizean, tokaio bati idaztekoa nintzela, zure helbidea proposatu zidan posta zerbitzariak. Urteak ziren ez nuela helbidea ikusten, ez nizula idazten. Ez ginen elkarri idatzi edo deitzen dion lagun klase hori. Bi urtean behin-edo egiten genuen topo, kasualitatez, baina beti gelditzen ginen elkarrekin berbetan; beti zen aberasgarria, beti pozgarria.
Gogoan daukat, lehenengo aldiz Mundukideren truke programan parte hartu nuenean, han zenbiltzala, hango eta hemengo ekonomia sozialeko esperientziak josten. Ia ezezagun, baina hurbil. Gogoan daukat, urte batzuk geroago, autobusean elkartu ginela. Hor kontatu zenidan Garabide izeneko elkarte bat jarri nahi zenutela martxan, zubiak sortzeko euskalgintzaren eta hizkuntza gutxituetako ekintzaileen artean. Zubigintza horretara kateatu ninduzun, oharkabean. Gogoan daukat afari ederra egin zenigula, Uribe Auzoko soziedadean, euskararen biziberritzea ezagutzera etorri ziren lehenengo lagun indigenak agurtzeko. Gerora, zuri autoeraketaz entzundakoek elikatu dute, gutxi asko, eskola batzuen ibilbidea, zure taupadetatik 8.000 kilometrotara.
Itzali dira zureak; gutako askorenetan utzi dute arrastoa, bizindarra. Besarkada handi bat zure hutsunea sentitzen duten bihotz guztiei.
Joanes Igeregi, Garabideko kidea.