Albisteak

Amerikan ibili dira udan Garabideren lankideak

2015/01/01

2009ko iraila.  Garabiderekin lankidetzan hainbat lagun ibili dira uda honetan Ameriketako herrietan. Hango errealitatea bertatik bertara ezagutzeko asmoz ez ezik, Garabideren egitasmoak prestatzen eta garatzen laguntzeko joan dira.

Laguntzaileon eta Garabideren asmoa, halaber, hango esperientziak bildu eta Euskal Herrikoak ezagutarazten saiatzekoa izan da. Gure herrien identitateei eusteko egiten ari garen ahaleginak elkarri kontatuz. Eta zehatzago esku artean ditugun bi egitasmoei laguntzea: Ekuadorren, batetik, kitxuerazko telebistak martxan jartzen ari diren honetan, MICC erakundearekin lanean aritu dira gure lagunak; eta bestetik, Bolibian UNIBOL laguntzeko gure egitasmorako lankide egokienak identifikatzen eta haiei Euskal Herriko esperientzia transmititzen ibili dira beste asko.

Ekuadorren

Ezotzi Zuluaga eta Garazi Oregi Ekuadorren izan dira, kitxuerazko telebista kateak egin nahi dituzten bi taldeetako arduradunei, beren jendeari hizkuntza irakasteko eta kitxueraz alfabetatzeko lanetan gure metodologia eta materialen berri ematen.

Amaia Pavon Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea ere han izan da, bi egitasmo hauei lagundu eta PUCE unibertsitatearekin hartu-emanak sendotzeko ahaleginean.

MICC-en telebistan aritu da batez ere, eurekin batera programak egiten eta ekipo teknikoez eta berauen erabileraz dakiena erakusten.

Bolibian izan da mugimendua

Bolibian ibili dira berriz Eneritz Pagaldai, Leire Uriarte, Audrey Blandine, Julen Arexolaleiba eta Mari Karmen Garrido. Denak ere hango unibertsitate indigenak abiarazteko gure egitasmoa ezagutu, bertako jakintza andinoak eta berauek nola transmititzen dituzten barneratu eta Garabidek HUHEZIrekin batera antolatu nahi duen ikastaroa prestatzen laguntzen.

Argentinatik igaro eta gero Bolibian izan da halaber Gipuzkoako Urola Kostako lagun talde bat, Euskal Herriko esperientziak konpartitzen laguntzera: Imanol Epelde, Samara Velte, Ainhoa Agirreazaldegi, Xabi Aizpurua, Oihana eta Amaia.

Eta azkenik, Bolibiako egitasmo honetan lan egitera joan da baita ere AEK-ko irakasle den Itziar Villanueva sestaoarra. Alfabetatzen eta hizkuntza irakasten dugun esperientzia, metodologia eta materialak eraman eta horretan ari da UNIBOLeko arduradunekin.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus