Albisteak

Adituaren 3. kronika: iparra ezin galdu

2018/11/16

Seigarren astea gogotik hasteko Beasain aldera joan ginen. Goizean goiz Udal Euskaltegiko Mari Paz Martin zuzendariak azaldu zigun nolakoa izan zen euskaltegien sorrera, zein izan den bilakaera eta Beasainen euskararen biziberritzean egindako ekarpena zein izan den. Ondotik Jon Antxia euskaltegiko irakasleak hizkuntza irakasteko metodologiaz jardun zuen eta tarte bat izan genuen baita ere euskara ikasleekin klasetxo bat egin eta ikasle gisako bizipenak trukatzeko. Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak hartu zuen lekukoa eta administraziotik euskararen biziberritzeari zein ekarpen egin dakiokeen azaldu zigun. Bazkalondoan Ane Barandiaran udaleko euskara teknikariak zehaztu zigun zein den euskara teknikari baten lana eta funtzioak, instituzioetan figura hau ez baita existitu ere egiten munduko hizkuntza gutxitu gehienetan. Orain arteko moduluen osagarri gisa Elhuyarreko Leire Canciori esker ikasi genuen zeintzuk izan diren euskararen biziberritzearen balioak eta harreman sareak. Horrez gain, katalanen biziberritze prozesuaren printza batzuk eskaini zizkiguten Elena Ramirezek eta Ramon Armengolek.

 

Hamaikagarren moduluari heldu zioten Txema Abarrategi eta Juan Luis Arexolaleiba “Gatxi” garabidetarrek, hain zuzen ere lan arloan egin daitekeen hizkuntzen kudeaketarako gakoak izan zituzten ardatz. Ikasbide teorikoago horiek praktikan ikusteko EMUN eta FAGOR kooperatibetara egin genituen bisita didaktikoak: EMUNen euskara eta berrikuntza soziala nola lantzen duten azaldu ziguten Igone Bastarrikak eta Ruben Beitiak eta FAGOR elektronikako lehendakari den Monica Vazek eta euskara teknikari den Enrike Letonak bertako euskara planaren nondik norakoak azaldu zizkiguten.

Lau eguneko oporraldiaren ostean ikastaroari berrekin genion eta Ipar Euskal Herrira joan ginen astebete han pasa eta euskararen biziberritze ekimenak ezagutzera. Hasteko Lapurdin, hezkuntzaren arloan, Seaskako Xan Airek gidatuta, Biriatuko ikastola txikia eta Baionako Etxepare Lizeo berria ezagutu genituen. Ikasle eta gurasoekin ere tartea izan genuen saio intimo banatan bizipenak trukatzeko.  

Biarritzeko Udaleko euskara teknikari den Eneko Gorrik hartu zituen ondoren gidaritza lanak eta Biarritzeko “Udaleku” haurren euskarazko aisialdirako taldearen lana ezagutzera eraman gintuen lehenik. Gero, Biarritzeko mediatekaren eta udaleko euskara alorreko ekimenak ezagutu genituen. Hortik Baiona aldera hurbildu eta berriki sortu den Euskal Elkargoaz jardun zuen Amaia Licheratçuk.

Baxenafarrora joan ginen, hasteko, komunikabideen arloko Kanaldude ekimena ezagutzera. Bidarrain  Pantxika Maitiak azaldu zigun komunitatean sortu eta garatzen ari diren komunikazio proiektu eraberritzailea. Gero Baigorrin, Xilaba txapelketaren aitzinetik, Dilindan taldeko partaideek —Xan Berterretxe, Nahia Sasco, Amets Arzallus, Hodei Renteria eta Ortzi Idoate— bertsolaritza zertan datzan azaldu zigutzen. Bueltako bidaia hasi baino lehen Garazin libertimentua ezagutu genuen eta itzuli aitzin elkarrekin kanta eta dantza batzuk egiteko parada izan genuen.

 

Honaino ba hirugarren kronikak eman duena, azaroaren 29an izango duzue laugarrena irakurgai hementxe bertan, gure webgunean. Bitartean, oroitu guztiaren berri emanten ari garela blogean, zein sare sozialetan (Twitter eta Facebook).

Agendari begira, hauek dira datozen eguneatan ditugun hitzorduak:

 

GIPUZKOA

 

TOLOSA

  • Azaroak 21, asteazkena, 19:00, Kultur Etxea

Mahai-ingurua Kike Amonarriz eta Aditu Ikastaroko bi partaiderekin

 

ARABA

LEGUTIO

  • Azaroak 22, osteguna, 10:00, kultur etxea

Mahai-ingurua Aditu Ikastaroko bi partaiderekin

 

BIZKAIA

BEREMEO

  • Azaroak 21, asteazkena, egun osoko bisita didaktikoa egingo dugu Bermeoko Udaleko euskara teknikariari esker udalerriko erabilera plana ezagutzeko.

 

NAFARROA

BAZTAN

  • Azaroak 21, asteazkena, 19:30, Arizkunenea Kultur Etxea, Elizondo

Landa begiradak jaialdian mahai-ingurua Mexikoko náhuatl hizkuntzako TOSEPAN kooperatiba taldeko ordezkariarekin martxan jarri berri den hizkuntza planaz.

 

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus