Albisteak

Adituaren 1. kronika: izan(go) garenaren kontzientzia

2018/10/12

Duela gutxi iragarri genuen Aditu Ikastaroa hasi zela eta lehen kronika hau osatzeko atzera begira jarri garenean zerrenda luzea osatu dugu 3 aste hauetan egindakoarekin. Hori dela eta, lehenbizi bideoan eman nahi izan dugu bizitakoen berri eta, ondotik, hitzez:

Egileak: Ane Zuazubiskar eta Markel Bazanbide

Ikastaroko lehen egunak elkar ezagutzen pasa genituen. Ikasle eta (ikasle ere badiren) Garabideko kideak klasean sartu eta hizkuntza komunitate bakoitzak ordu pare batean egin zuen aurkezpena gainerakoen aurrean. 12 komunitateen ordezkarien hitzak entzun eta gero bistan genituen denek historia eta istorio partekatuak, baita nork bere berezitasunak ere; erronka handiak eta horiei aurre egiteko are eta gogo handiagoa. Lurra, hizkuntza, senide eta lagunak hain urrun utzirik 3 hilabete hauek zukutzeko indarra bildu genuen.

 

Iñaki Arruti izan genuen soziolinguistikaren moduluan irakasle lehenbizi. Oinarri teorikoak azaldu zituen hasieran eta segidan praktikara eraman gintuen. Ariketa bat nabarmentzearren, ikasleei eskatu zien euren zuhaitz genealogikoa egin zezaten hizkuntzaren ikuspegitik. Argi eta ilun asko ekarri zituen ariketak, ez zuen inor hotz utzi. Soziolinguistika Klusterreko kide den Belen Urangak hartu zuen lekukoa hizkuntza ekologiaz jarduteko: kasualitatea ote planetan bioaniztasun gehien dagoen lurraldeetan hizkuntza aniztasun gehien egotea? Ez, noski, hizkuntzen eta ingurumenaren arteko harremanean sakondu zuen Urangak gaur egun hain presente daukagun kontzientzia ekologikoa hizkuntzen alorrera zabaltzeko.

 

Lehen asteburua Oiartzun aldean pasa genuen elkarrekin. Ostiralean Jexux Leonet alkateak egin zigun harrera udaletxean eta ondotik Arritxulorantz abiatu ginen, mendi magalen babespean. Ondorengo bi egunetan Mikel Mendizabalek gidatuta Euskal Herriaren historian bidaiatzen aritu ginen, beti lurrari hertsiki lotuta, Oienlekuko harrespiletan hasi eta Arditurriko meazuloetan barrena. Argazki paregabea utzi zigun Arditurrik: hogeikote bat, munduko 12 hizkuntza gutxitu, eskutik helduta, buruan argi bana, pausoka-pausoka, mantso baina ziur, aurrera. Zulo sakon eta ilun hartatik atera ginen ba!

 

Iraganetik etorkizunera salto egiteko bidaide hoberik ez EHUko Ixa Taldea baino. Teknologiak hizkuntzen biziberritzeari egiten dion eta egin diezaiokeen ekarpena izan zuten ardatz eta hainbat ekimen arrakastatsuri buruzko xehetasunak eman zituzten. Corpusaren moduluak aste osoa hartu zuen eta esperientzia praktikoak osatzeko azalpen teorikoak Andoni Barreña Garabideko presidenteak eman zituen.

 

Bigarren asteburua ere bidaiatzen pasa genuen. Beasaingo alkatea Garabideren proiektu bat dela eta Mexikon zegoen bitartean guk  Beasaingo boluntarioen egunean parte hartu genuen hizkuntza lankidetza ezagutzera emateko. Bertan postua montatu eta hantxe ibili ginen lau hizkuntza gutxitutako ordezkariekin "hitz trukean": gugana hurbildu ziren beasaindarrek txarteltxoetan esaldiak idazten zituzten euskaraz eta trukean esaldi horien itzulpena eramaten zuten etxera aukeratutako hizkuntzan (kurdueraz, kitxuaz, yukatango maiaz ala nasa yuwez). Elkarrizketa politak sortu ziren elkar ezagutze horretatik. Astea bukatzeko igandean Urretxu-Zumarragan egon ginen Kilometroak ekimena ezagutzen, euriari eta hotzari aurre egiteko irribarre eta dantza eginez!

Hirugarren astearen hasieran lehen bisita didaktikoak egin genituen Bilbon. Lehenik, Euskaltzaindiaren egoitzan, Xabier Kintanak maisuki azaldu zigun euskararen estandarizazio prozesua nolakoa izan zen. Gero, hizkuntza motor duen "Zenbat gara" proiektua ezagutu genuen Xabier Monasteriorekin, euskararen biziberritzerako ekimenak (euskaltegia, argitaletxea, kulturgunea...) integratzen dituen erreferentziazko sarea baita.  

 

Honaino ba lehen kronikak eman duena, urriaren 30ean izango duzue bigarrena irakurgai webgunean. Bitartean, oroitu guztiaren berri emanten ari garela blogean, zein sare sozialetan, Twitter eta Facebook. Horrez gain, gogoan izan ostiralean, urriak 19, Bilbon mahai ingurua eskainiko dugula "Ahalduntzen, hizkuntza eta generoa" jardunaldiaren baitan.

Horrez gain, hauek dira datozen egunetan herriz-herri izango ditugu mahai-inguru, proiekzio eta solasaldiak:

BIZKAIA

BILBO

BERRIATUA

  • Urriak 16, asteartea, 19:00, bideo gela: “arNASA txiKITXUAK” dokumentalaren proiekzioaren ondoren Kolonbiako nasa eta Ekuadorreko kitxua hizkuntzetako ordezkariekin solasaldi irekia.

ARABA

GASTEIZ

  • Urriak 15, astelehena, 12:00, Euskal Herriko Unibertsitatea, elurreta: Mahai-ingurua Aditu Ikastaroko bi partaiderekin: Suna Altun kurdua eta Sergio Marinao maputxea. Ondotik "Mai da bai" dokumentala proiektatuko da.

GIPUZKOA

ARETXABALETA

  • Urriak 15, astelehena, 15:30, Kurtzebarri: Mahai-inguru irekia Aditu Ikastaroko bi partaiderekin: Ana Llaupi maputxea eta Marcos Pech Mexikoko yukatango maia.

USURBIL

  • Urriak 20, Kultur Etxea: Argazki erakusketa Mundualdia jaialdiaren baitan

ERRENTERIA

  • Urriak 24, asteazkena, 19:00, Mikelazulo: Mahai-ingurua Aditu Ikastaroko Guatemalako hiru partaiderekin.

DONOSTIA

  • Urriak 20, larunbata, Miramar Jauregia: “Zubideiak 2-Bizi euskara zure erara” Topagunearekin
  • Urriak 25, osteguna, Easo Politeknikoa ikastetxea: Mahai-ingurua Aditu Ikastaroko bi partaiderekin: Brasilgo kaxinawa eta Kolonbiako nasa.

OIARTZUN

  • Urriak 25, osteguna, 19:00, Udaletxeko pleno aretoa: “Mai da bai” dokumentalaren proiekzioaren ondotik maputxe herriko ordezkariarekin solasaldi irekia.

NAFARROA

BARAÑAIN

  • Urriak 17, asteazkena, 18:30, Gaztetxea: “Mai da bai” dokumentalaren proiekzioaren ondotik maputxe herriko ordezkariarekin solasaldi irekia.

ALTSASU

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus