Albisteak

ADITU programaren xehetasun kualitatiboak

2023/11/02

Aurreko artikuluan, ADITU programaren datu kuantitatiboak eman genituen: zenbat pertsonak parte hartzen duten eta beraien komunitateak, zenbat gai teoriko izaten diren edo euskararen normalizazio-prozesuarekin zerikusia duten erakunde publiko eta sozialetara egiten diren bisitak. Lerro hauen bidez, aldiz, ikuspegi kualitatiboagoa eskaini nahi dugu.

Lehenik eta behin, parte-hartzaileek ikastarora joan ahal izateko aurkitzen dituzten arazoak salatu nahi ditugu. Kasu askotan, kudeaketa lanak itogarriak dira, eta beste batzuetan, berriz, ez diete Europara sartzeko dagokien baimena ematen. 16 pertsonak hartu dute parte, baina 19 izan beharko lirateke. Beren hizkuntzako 3 aktibistak, kontinente batekoa bakoitza (Bolivia, Turkia eta Maroko) ezin izan dute bertaratu, zoritxarrez, bisa preziatua eman ez dietelako. Oso deigarria da dirua eta merkantziak hain erraz mugitzen diren mundu honetan, ezaugarri jakin batzuk dituzten pertsonak (badakigu zein ezaugarri diren), askatasunean bidaiatzea ezinezkoa izatea kasu askotan.

Halaber, urrian programan egin dena azaldu nahi dugu. Horretarako, Milouda El Hankari parte-hartzaileen taldeko arduradunari hiru alderdiri buruz duen balorazioa galdetu diogu: eskola teorikoak, entitateetara egindako bisitak eta aisialdiko jarduerak.

Atal teorikoari buruzko balorazioa oso positiboa da eta nabarmendu du moduluek logika bat dutela, hots, gai batzuk beste batzuekin osatzen direla. Erakundeetara egiten diren bisitei dagokienez, gizarte-erakundeetara egiten direnak nabarmentzen ditu, eta, horien artean, jendeak aktiboki parte hartzen duten entitateetara. Garrantzia ematen die erakunde xumeenetara egiten diren bisitei, beren lana egoera kaskarragoetan egiten baitute. Arrazoia begi bistakoa da: parte-hartzaileek erakunde xumeekiko hurbilago sentitzen dira proiektu mota hori beren komunitatean garatzea errazagoa dela ikusten dutelako. Eta, azkenik, jarduera ez-akademikoei dagokienez, zalantzarik gabe nabarmentzen da Degurixara urriaren 21ean, larunbatean, egindako mendi irteera. Maldak igotzeko ahaleginaren ondoren, dena konpentsatu zen txabolan suaren inguruan eta giro ezin hobean bizitako guztiarekin.

Hona hemen alderdi batzuk, balorazio orokor eta zehatza izan gabe, ADITUk hurrengo edizioetan norantz joan behar duen azaltzen digutenak.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus