Astelehenean, urriaren 2an, hasi zen kurtsoa eta, asteazkenean, parte hartzen ari direnei ongi etorria egin die Gari Iturbek, Aretxabaletako alkateak.
Urriaren 2tik azaroaren 9ra egingo den ADITU Formazio Programa 13 hizkuntza gutxiagotuetako 16 ordezkariei Aretxabaletako alkateak –Gari Iturbe- eta Garabideko lehendakariak –Iñaki Martinez de Luna- egin diete harrera. Garik ongi etorri hitzak izan ditu kurtsoan parte hartuko dutenentzat eta Iñakik ekimen honen eta Garabidek esku artean dituen egitasmoen helburuak zehaztu ditu.
Mexikoko nawat komunitateko Nicacia Linok, etorritako indigenen ordezkariak, bere aldetik, eskerrak eman ditu eman zaien aukerarengatik eta kurtsoarekin bete nahi dituzten espektatibak azaldu ditu.
Astelehenetik, beraz, martxan da GARABIDE Elkarteak Euskal Herrian antolatu duen “Hizkuntzak Biziberritzeko ADITU Formazio Programa” eta 6 astez luzatuko da. Ekimen hau posible da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Beasaingo Udalak babes ekonomikoa duelako.
Azaroaren 9ra arte Euskal Herrian izango ditugun 16 partaideek euren herrietan hizkuntza ekintzaile perfila dute eta 250 orduko formazio intentsiboa jasoko dute hizkuntzak biziberritzeko dinamikan.
13 hizkuntza gutxiagotuetako 16 kide izango dira gurekin: Kichwa (Ekuador), Quechua (Bolivia), Nasa yuwe (Kolonbia), Kaqchikel (Guatemala), Nawat (Mexiko), Yukatango Maia (Mexiko), Maputxeak (Txile), Aimara (Bolivia), Guaraní (Bolivia eta Argentina), Acre (Brasil), Kreolera (Haiti), Kiche (Guatemala) eta Bubiera (Ekuatore Ginea).
Ikastaroaren xehetasunei dagokienez, ALOR TEORIKOAN 22 gai landuko dituzte eta euskalgintzako eta instituzioetako 20 aditu izango dituzte irakasle. ALDE PRAKTIKOAN, berriz, 22 irteera didaktikorekin osatuko da programa akademikoa.
Hile t´erdi dugu aurretik Euskal Herrian barrena ibiltzeko, elkarrekin egindako bideaz ikasteko.