2008ko azaroa. Aberatsa gertatu zen 2008ko azaroaren 7an amaitu zen Herrien arteko II truke programa. Lau astetako bilera, formazio saio, bisita eta lan ugariren ondoren, afari xume batez agurtu genituen jardunaldiak. Agur ekitaldia aurreko programaren isla izan zen, zalaparta handirik gabea, giro goxoan, eta nahikoa hunkigarria.
Programan zehar oso esker oneko agertu dira Amerikatik etorritako herri indigenen ordezkariak, uneoro adierazi digute asko jasotzen ari zirela eta ekitaldiero jakinarazi diete Euskal Herriko elkarte, erakunde eta trukean parte duten pertsona guztiei zein interesgarri izan duten jasotako informazioa eta esperientzia.
Bukaeran opariak eman zizkiguten Garabide Elkarteko kideoi, beren esker ona azalduz. Opari horiek truke programa honetan parte hartu duzuen pertsona eta erakunde guztiontzat dira. Eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu Garabide Elkartearen eta geure gonbidatuen izenean.
Eurena gehiago konpartitu gura zuten
Beren hizkuntzen eta identitateen errekuperazio eta normalizaziorako lanetan diharduten ordezkari kualifikatuak diren heinean, euren herrialdeetan abian jar ditzakegun lankidetza proiektu berriei buruzko gogoeta egin dugu ordezkari guztiekin, banan-banan.
Halaber, ekintza guztien balantzea egin dugu gure gonbidatuekin batera, antolakuntzan eta truke programaren beraren egituran izan diren gora-beherak izan ditugu hizpide eta datozen urteetako programetarako zer aldatu eta zer hobetu jardun.
Euskal Herriko esperientzietatik asko jaso dutela nabarmendu arren, beren ekarpena txikitxoa izan ote den adierazi digute Ameriketako ordezkarietako batzuek. Konpartitzea baino, jasotzea egin dutela, eta tarte handiagoak utzi behar genituzkeela bakoitzak bere herriaren, bere kulturaren eta bere esperientzien berri emateko.
Ameriketako herri hauek beren artean ere ezezagun direla sarri, adierazi digute, ez dutela izaten besteen berri, eta truke programa hauek horretarako ere baliatu beharko liratekeela. “Hara, nik ez nekien oraindik mayak bazirenik ere”, aitortu zuen, xalo, Wallmapu herriko ordezkarietako batek.
Bost herritako partaideak etorri dira
Ameriketako herri indigenetako ordezkariek hartu dute parte aurtengo II. Truke Programan. Guatemalatik, Bolibiatik, Ekuadorretik, Wallmaputik eta Paraguaitik etorri zaizkigu partaideak. Uste baino talde txikiagoa osatu da azkenean. Kolonbiako eta Amazigh herriko ordezkariei bisak ukatu zizkieten, eta Bolibiako beste hiru ordezkarik ez dute bisa eskuratzeko aukerarik izan.
Dena den talde aktiboa osatu dute eta hogeitaka toki eta pertsona bisitatu dituzte lau astetan. Euskararen egoera ezagutzeaz gain, euskal kultura eta identitatea hurbil-hurbiletik ikusi eta bizitzeko aukera izan dute.
Bernardo Chango Ekuadorkoa da, Kichwa herrikoa. Kichwera hizkuntzaren akademiako zuzendari eta irakasle gisa jarduten du.
Maria Juana Farinango Ekuadorkoa da, Kichwa herrikoa. Kichwera hizkuntzaren irakaslea da, eta hezkuntza elebidun multikulturala irakasten du.
Celestina Carilao, Wallmapukoa da, Txile aldekoa, eta beraz maputxea da. Bigarren hezkuntzako irakaslea da Celestina, eta historia irakasten du. Gizarte erakunde desberdinekin ere badihardu hizkuntzen eta identitateen inguruko gogoeta bultzatuz.
Catarina Pedro Guatemalakoa da eta maya Q’anjob’al herria ordezkatzera etorri da. Hezitzailea da Catarina Guatemalan. Ume, gazte eta nagusiekin egiten du lan hezkuntza multikulturala bultzatuz. Rigoberta Menchú Tum fundazioaren kide ere bada, eta irakasleen formazioan dihardu fundazioaren eskutik.
Julio Garcia Par ere Guatemalakoa da eta mayetako Kaqchiquel herria ordezkatu du Truke Programan. Guatemalan Kaqchiquel hizkuntzaren alde lan egiten duen fundazioko kidea da Julio. Gainera gazteekin eta nagusiekin lan egiten du hezkuntza eta zaintza partekatuz.
Leonel Cerruto Bolibiakoa da eta Kechwa herrikoa. Kawsay, Kechwen Fundazioko kidea izateaz batera, Oruroko prefekturan da aholkulari. UNIK unibertsitate indigenako bultzatzaileetakoa eta UNIBOL, unibertsitate indigena ofizial berriak eratzeko taldeko kide ere bada.
Pedro Ernesto Escurra Paraguaikoa da eta Guarani herriaren ordezkari gisa hartu du parte Truke Programan. Filosofiako eta guaraniar filologiako ikasketak burutu ditu, eta egun irakaslea da. Guarani hizkuntza irakatsi eta aztertzeko sortu zen Ateneoaren izenean etorri da.
Sandra Ines Caceres ere Bolibiakoa da eta Kechwa herrikoa. Soziologoa da eta Bolibiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioan egiten du lan. Unibertsitate indigenak sortzeko proiektuaren arduradunetariko bat da.
Pedro Cayuqueo, kazetaria, Txile aldeko Wallmapu herritik etorri da. Azkintuwe aldizkari eta albiste agentziako zuzendaria da.
Eskoriatzako plazan harrera jaia
Truke Programaren hasierako ekitaldien barruan ongi etorri jaia ospatu genuen Urriaren 14an Eskoriatzako Udalaren laguntzaz. Huheziko ikasleek partehartze zuzena izan zuten jaiaren prestaketan eta ongietorri beroa egin zieten partaideei. Musika nahiz dantzariak ez ziren falta izan.
Lehenik eta behin, unibertsitatean egin ziren aurkezpenak, eta agurra ere dantzatu zitzaien. Ondoren trikitilarien kalejirarekin hurbildu ziren Eskoriatzako herriko plazara. Jan-edanak, musika, dantzak eta elkarrizketak.
Oñatiko Udalaren harrera
Oñatiko Udalaren eskutik egin zen harrera ekitaldiarekin abiarazi zen Hizkuntza eta Herrien bigarren Truke Programa. Bertan programaren oinarrizko ideiak aurkeztu genituen eta Lurdes Idoiaga Oñatiko alkatea eta Rosarito Galdos Ongizate zinegotzia izan ziren.
Ongi etorriko eta esker oneko hitzak besterik ez ziren entzun batzuen eta besteen partetik. “Eskerrik asko Euskal Herrira eta Oñatira etorri zaretelako, baina batez ere zuen kultura eta bizipenak ekarri dizkiguzuelako”, laburbildu zuen Oñatiko alkateak. Gure ordezkariak ere oso eskertuta agertu ziren.
Konpartitzearen garrantzia ere nabarmendu zuten behin eta berriz, denok ikas dezagun eta denok elkarrekin hazi gaitezen. Horregatik azpimarratu zen herri indigenetako ordezkariekin sare sendoa sortzearen konpromisoa, garrantzitsua izango delako euskal agenteen laguntza beren identitatearen eta hizkuntzen errekuperaziorako proiektuak abiarazterakoan.
Oñatiko Udalak datorren urteko truke programan parte hartzeko eta diruz laguntzeko konpromisoa ere erakutsi zuen.
Euskaltzaindian
Programako lehen bisita Euskaltzaindiara izan zen. Euskararen normalizazio eta sustatze prozesuak jarraitu duen kronologia jarraituz, Ez dok 13 mugimendua aztertu ondoren, hizkuntzaren bateratze prozesuaz aritu ginen, Bilboko Plaza Barrian Euskaltzaindiak duen egoitzan. Bisitan harrera Euskaltzaindiaren liburutegiko Pruden Gartziak egin zigun eta ondoren Xabier Kintana eta Pello Telleriak zuzenduriko saioan akademiak dituen sail ezberdinen eta euren egitekoaren berri eman ziguten.
Nafarroa Oinez
Euskararen alde eta euskaraz lan egiten duten erakundeak bisitatzeaz batera, euskararen aldeko festa handi bat ezagutzeko aukera aparta izan zuten ordezkari indigenek. Urriaren 19an Iruñean ospatu zen Nafarroan Oinezen izan ginen. Jaso Ikastolak antolatu zuen aurtengo Nafarroako ikastolek aldeko festa eta giro apartaz disfrutatu genuen.
Bertan ohiko ibilaldia burutzeaz batera, postu ezberdinak ikusi genituen: harri jasotzaileak, trontzalariak, kontzertuak... Taloa ere jan genuen eta beren herrialdeetan duten tortillaren oso antzekoa iruditu zitzaien.
Indigena lagunak guztiz harrituta geratu ziren jaiaren antolamenduarekin. Euskararen alde hainbeste boluntario lanean ikustea eta jende pila biltzea egin zitzaien harrigarria. Amaieran, ordea neka-neka eginda amaitu genuen.
Afariak, mahai-inguruak, solasaldiak, ipuin kontaketak...
Herritarrei zuzenduriko egitarauan, urriaren 20an trukeko partaideak Bergarako Gaztetxean afari tertulian izan ziren. Herrialde bakoitzeko kide bakoitzak 10 minutuko sarreratxoa egin ondoren, gerturatutako gazteen galderak erantzun zituzten. Hizkuntza komunikazio tresna soil ote den edo hizkuntzan gure nortasuna eta mundu ikuskerara azaltzeko zubi den, solasaldi polita sortu zen. Tertuliak afarian zehar ere jarraitu zuen.
Gerora ere izan zituzten solasaldiak, ikastoletako eta unibertsitateko ikasleekin, Orion antolatutako mahai-inguruan, eta hainbat aldiz komunikabideen bitartez. Politenetakoa Eskoriatzan haurrentzako egindako ipuin kontaketa izan zen, udal liburutegian. Bakoitzak bere herriko ipuinen bat kontatu zieten. Gero otordua, jaia eta solasaldia egin genituen Ibarraundi museoan.
Asteburu pasa Iparraldean
Urriaren azken asteburuan Iparraldean izan ginen euskarak bertan bizi duen egoera hurbiletik sentitzeko. Ostiralean Euskal Kultur Erakundeko Daniel Landartekin izan ginen Uztaritzen, baita Ipar Euskal Herriko ikastoletako sortzaileetakoa izan bat zen Argitxu Nobliarekin ere. Haiek azaldu ziguten euskarak Iparraldean hizkuntza gutxitu gisa bizi duen egoera eta azken urteotan ezagutu duen eboluzioa.
Baigorrin lo egin ostean, Donibane Garaziko AEK eta Irulegiko Irratiko estudioa bisitatu genituen larunbatean. Irratian gure indigenek aukera izan zuten beren hizkuntzetan zenbait hitz esateko.
Baigorrin pilotan jokatu genuen, herriko dantza taldearen saioa ikusi...asteburu ederra atera zen.
Igandean Urepelen izan ginen. Bertan bertsolariak eta herri kirolak ezagutu zituzten ordezkari indigenek. Xalbador bertsolariaren omenaldiko bazkarian izan ginen, eta jai giro ederraz disfrutatu genuen. Bazkal osteko bertso saioaren baitan, Andoni Egañak bertsoa dedikatu zien gure gonbidatuei. Egañarekin batera Uxue Alberdi, Jon Enbeita eta Txomin Ezponda aritu ziren.
Bazkaria Iparragirre sagardotegian
Truke Programaren azken egunetan sagardotegian izan ginen egonaldia borobiltzeko. Azaroaren 1an Hernaniko Iparragirre sagardotegira hurbildu ginen eta bertan jatordu ederra hartzera gonbidatu gintuzten. Gainera, sagardo produkzioaren erritual guztia ikusteko aukera ere izan genuen. Azaldu ziguten iraila bukaeratik sagardoa biltzen eta egiten ari direla, eta prentsak erakutsi zizkiguten.
Ordezkari indigena gehienek ez zuten sagardoaren garraztasuna oso gustuko izan, halere, txotxetik edatea oso dibertigarria iruditu zitzaien. Beren herrialdeetan ez omen dago sagardorik, baina chicha izeneko edaria produzitzen dute, artoaz egiten dena eta hilabete baten barruan ekoizten dena. Sagardotegien ordez chichategiak dituzte, chicha ekoizteko erabiltzen dituzten etxeak. Bertara joaten dira festak ospatzera, zutik janez eta platerak konpartituz. Sagardotegien antzera, musika tradizionala oso garrantzitsua izaten da chichategietan.
Domu Santu eguna izanik, bazkariaren ostean Hernaniko kanposantua ikustera joan nahi izan zuten. Lorez beteta zeuden hilobiak. Ordezkari indigenek azaldu ziguten beren herrialdeetan festa egun garrantzitsua dela azaroaren 1a, hildakoek eta bizidunek bat egiten dutelako. Beren pentsaeren arabera hildakoek laguntzen gaituzte bizidunak gure egunerokotasunean. Gainera, eguna argitzerako bisitatzen dituzte hildako senideen hilobiak. Musika jo eta dantza egiten dute beraien inguruan eta jan eta edan ere egiten dute. Loreak jarri beharrean, janaria jartzen diete hildakoei, betikotasunean janik falta ez dakien.