Udazkenarekin batera bederatzi hizkuntza komunitatetako hostoek koloreztatu dute euskal orbela.
Hasi dira pagoak gorritzen eta gurean ditugu jada Garabidek eta HUHEZIk elkarlanean antolatzen dugun “Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak” Aditu Ikastaroan parte hartzera etorritako 18 ordezkari indigenak. Ekuador, Guatemala, Mexiko, Kolonbia, Txile, Bolivia eta Beninetik etorri zaizkigu euskararen biziberritze esperientzia ezagutzera eta, bide batez, beraien herrialdetan hizkuntzaren eta kulturaren alde garatzen ari diren proiektuen berri ematera.
[Blogaren bitartez jarraipen eguneratua jarrai dezakezu]
Berriro ere, Nafarroa Oinezeko Txikiak Handi egitasmoan hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatu nahi izan dute.
1992.urtean Vianako ikastolak antolatu zuen Nafarroa Oinez festa, eta, urte horretan, aski ezaguna izan zen bere “Lingua Navarrorum” abestia. Orduan, herrialde ezberdinetako pertsonek parte hartu zuten beraien hizkuntzan abestuz (alemanez, ingelesez, arabieraz, japonieraz…). 24 urte geroago, abestiaren eta bideokliparen bertsio berria egin nahi izan dute, oraingo honetan, hizkuntza gutxituei protagonismoa emanez (kitxua, korsikera, kaxubiera, katalana, baita zeinu hizkuntza ere).
Kitxuaren kasuan Garabideko lan taldeak egin zituen Sayen Amayu Bastida haurraren grabaketak, zorionak Nafarroa Oinez!
Abisatu genuen udazkenarekin batera bederatzi hizkuntza komunitatetako hostok koloreztatuko zutela euskal orbela. Hasi dira pagoak gorritzen eta Eskoriatzara eta Euskal Herrira begira ditugu jada Ekuador, Guatemala, Mexiko, Kolonbia, Txile, Bolivia eta Beninetik. Kilometrotako ibilbideko soka moztu eta Durangoko Azokak ateak itxi bitartean, hizkuntza biziberritzeko estrategiak eta euskararen berreskurapen esperientzia ezagutzeko aukera izango dute aurtengo “Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak” Aditu Ikastaroko partaideek.
Abuztuan Iñaki Gonzalez, Arizmendiko irakasle eta Garabideren laguntzailea, eta Joanes Igeregi, Garabideko kidea, Guatemalan izan dira, Ruk'u'x Qatinamït sareko eskolekin batera formakuntza saio batzuetan parte hartzen.
Hasiera batean idazketa eta irakurketa metodologiak lantzeko joan baziren ere, beste helburu batzuei ere ekin ahal izan diete haien egonaldian. Alde batetik, sareko lau eskolen azken urteetako ibilbidea hobeto ezagutzeko aukera izan dute, eta bestetik, Arizmendiren eredu pedagogikoa eta Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza ere jorratu dituzte.
Landutako guztiak errealitatean eragina izateko asmoz, haien errealitatera egokitutako proiektu bat diseinatu dute eskoletako irakasleek, eta proiektu horren baitan ikasgai guztiak lantzeko proposamen bat egin dute, idazketa eta irakurketa barne. Azken urteetako bilakaeraren adierazgarri, eskoletako batean murgiltze eredua martxan dute dagoeneko, eta hurrengo urteetan lehen eta bigarren hezkuntza osora zabaltzeko asmoa dute.
Garabideren berri izateko buletin berri bat jarri dugu martxan. GARABERRI: Hizkuntza Lankidetzaren berripapera lauhileroro argitaratuko da, aurreko astean bidali genien Garabideko bazkideei. Buletina jasotzeko interesa baduzu hemen ere harpidetu zaitezke.
Okzitania, Errumania, Nasa Yuwe hizkuntzaren biziberritzea, Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroaren hirugarren edizioa...dira lehen edizioko kontuetako batzuk. Hemen irakurri daiteke lehen alea:
On egin.
Baztango Udalarekin elkarlan hitzarmena sinatu genuen ekainaren 28an. Nafarroako udal batekin sinatzen dugun lehen hitzarmena da eta poz berezia ematen digu bide hori urratzeak.
Elkarlan honek 2016ari begira garatuko ditugun hizkuntzak biziberritzeko proiektuak lagunduko ditu eta balioko du baztandarrengan hizkuntza minorizatuekiko sentsibilitatea piztu eta euskalgintzarekin harremana estutzeko.
Garabidek harreman instituzionalak kudeatu eta hizkuntza lankidetzan aritzeko langilea behar du.
Langileak egin beharko dituen lanak:
- Erakunde publikoekiko (udal nahiz handiago), euskalgintzako erakundeekiko eta nazioarteko erakundeekiko harremanak lantzea, proiektu eta ideia berriei, finantziazioari eta elkarlan ildoei begira.
- Garabideren egitekoan (munduko hizkuntzak biziberritzeko prozesuetan egiten duen zubigintza lanean) sortzen diren beste zeregin askotarikoak, bertako lan-talde teknikoaren baitan.
Garapen-lankidetzarako ematen duten diruaren %25 jatorrizko hizkuntzak eta kulturak biziberritzeko esperientzietara bideratzeko proposatuko die UEMAk udalei, Garabide elkartearekin hitzarmena berritu ostean.
Zer ari da gertatzen Ameriketako hizkuntza handiekin? Nola ikusten gaituzte euskaldunok gainerako hizkuntza gutxituetako kideek? Lagun ahal dakieke euskal esperientziak beraien hizkuntza berreskurapen prozesuan?
Lehen aldiz 7 hizkuntza komunitateko 14 pertsonek euskararen herriari buruzko beraien gogoetak oparitu dizkigute. Kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maia yukatek hizkuntza komunitateetako ordezkariek beraien hizkuntzaren egoeraz eta euskararengandik ikas dezaketenaz hitz egiten digute eta, bide batez, guk haiengandik ere ikasteko aukera eskaini.
2020 Garabide
Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus