Albisteak

90 urte bete ditu Euskaltzaindiak

2015/01/01

2009ko urria.  90 urte bete berri ditu Euskaltzaindiak. 1919ko irailaren 21ean sortu zen. Egun horretan, Gipuzkoako Foru Aldundian egindako batzarrean, abiatu zen Euskaltzaindia, aurrez izendatutako lau euskaltzainekin: Resurreccion Maria Azkue, Arturo Kanpion, Luis Eleizalde eta Julio Urkixo. Egun horretako bileran, hasierako beste zortzi euskaltzainak aukeratu ziren: Txomin Agirre, Pierre Broussain, Jean Blaise Adema, Ramon Intzagarai, José de Agerre, Juan Bautista Eguzkitza, Raimundo Olabide eta Pierre Lhande.

1918ko irailaren hasieran, Oñatiko Unibertsitatean, Eusko Ikaskuntzaren lehen batzarrean, Euskaltzaindia sortzea erabaki zen. Urtebete beranduago, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lau Foru Aldundien babespean, Euskararen Akademia jaio zen. 1919ko urriaren 7an egin zen, Gipuzkoa Foru Aldundian, Euskaltzaindiaren lehen bilera.

Akademia sortzeko ahaleginak XIX. mendean hasi ziren. Orduko hainbat euskaltzalek jada azpimarraturik zuten hizkuntzaren defentsarako Akademia baten premia (Ulibarri, 1832; Aizkibel, 1856; Artiñano, 1886). Jose Frantzisko Aizkibelek aipamen argia egin zuen idatzi batetan. Urte asko pasatu ziren, baina, euskaltzaleek hain nabarmen sentitzen zuten premia asetzeko. Bonaparte Printzea, Karl Hnnemann edo Theodor Linchsmann bezalako atzerriko ikerlariek ere lagundu zuten asmoa. Eta etxekoek ahaleginak egiten jarraitu zuten. Urteak joan urteak etorri, XX. mendea sartu zen eta ordurako argi ikusi zen mota horretako proiektu iraunkor batek erakunde publikoen babesa izan behar zuela.

1906an, apirilaren 25an, Bizkaiko Jauregi berrian Hegoaldeko lau Aldundiek egin zuten bilkura baliatuz, Adolfo Gabriel Urkixo Diputatu Nagusiak Akademia sortzeko proposamena aurkeztu zuen, horretarako lau erakundeen babes ekonomikoa eskatuz. Proposamen horren arabera, Akademia 12 kidek osatu behar zuten, eta euskalki guztiak ordezkatu behar zituzten. Horien izendapena, lehendabiziko aldiz behintzat, diputatuek egin eta babes ekonomikoa lau Aldundiek, euren gain hartu zuten. Proposamen honek bere ibilbidea egin arren, ezerezean geratu zen.

1918an Oñatin egindako Biltzarrean sortutako Eusko Ikaskuntza erakundeak, lau Diputazioei igorri zien Arautegiaren proiektua eta laurek onartu zuten.

Egun batzuk geroago, irailaren 21ean, abiatu zen Euskaltzaindia. Lehen batzarra, 1919ko urriaren 7an egin zuen Akademiak, Gipuzkoako Foru Aldundian. Besteak beste, egun horretan erabaki zuen Euskaltzaindiaren egoitza Bilbon kokatzea.

Urtebete geroago, 1920an, sortu zen Euskera, Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala.

Ospakizun ekitaldiak

2008tik ari da ospatzen Euskaltzaindia bere 90. urteurrena. 2008ko urrian Iruñean egin zen XVI. Nazioarteko Biltzarrarekin hasiera eman zion Akademiak bere ospakizunari eta ordutik hona beste hiru ekitaldi egin ditu Euskaltzaindiak: Gasteizen Arabako Foru Aldundian, Ipar Euskal Herrian Hazparneko Elgar Kultura Etxean, eta Bilbon Akademiaren egoitzan.

Donostian Foru Aldundiaren egoitzan egin den ekitaldi instizionalaz itxi dituzte ospakizunak.

90 urteko historia liburu batean

Ospakizunon harira, Euskaltzaindiaren nondik-norakoak ezagutzeko aurkera ona izango hemendik aurrera Imanol Murua kazetari zarauztarrak idatzi duen liburuaren bidez. Urriak 21 aurkeztu dute Bilbon.

Erlea kultur aldizkari berria

Bere 90. urterreneko ospakizin hauen harira Erlea kultur aldizkari berria aurkeztuko du Euskaltzaindiak. Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzain osoa da zuzendaria.

Arduradunek jakinarazi dutenez, Erlea aldizkaria Euskaltzaindiak abian jarri duen egitasmoa da eta akademiaren eta kulturgintzaren arteko lotura sendotzea du helburu. Erlea literaturarekin lotutako aldizkaria da eta lau hilabetez behin argitaratuko da, Bernardo Atxagaren zuzendaritzapean. Pamiela argitaletxea arduratuko da edizioaz eta diseinuaz.

Lehen zenbakian parte hartzen dutenen zerrenda oparoa da: Kolesti Agirresarobe, Kepa Altonaga, Pablo Antoñana, Jon Arano, AureliaArkotxa, Joxean Artze, Mikel Asurmendi, Jon Aurre, Marisol Bastida, Frank Bergon, Harkaitz Cano, William Douglass, Irati Elorrieta, Miel Anjel. Elustondo, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga, Asun Garikano, Jacinto Iturbe, Joxemari Iturralde, Koldo Izagirre, Xabier Kintana, Mariasun Landa, Monique Laxalt, Bruce Laxalt, Anjel Lertxundi, Xabier Lete, Karlos Linazasoro, Ania Miner, Victor Moreno, Toño Muro, Mari Jose Olaziregi, Lourdes Otaegi, Gloria Totorikaguena, Kirmen Uribe, Andres Urrutia, Gabriel Urza Laxalt, Justin Webster eta Iban Zaldua.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus