Pasa den abenduaren 13an Batzar Orokorrean bildu ginen Garabide osatzen dugun kideetako batzuk, hau da: bulego teknikoko eta zuzendaritzako kideak, bazkideak eta boluntarioak. Azken urteek ekarri duten berrikuntzetako bat gurean ere naturalizatu dugunez, batzuk online parte hartzeko aukera izan zuten eta besteak Aretxabaletako egoitzara hurbildu ziren.
Lehenik eta behin, esker on hitzak izan zituzten partaideentzat Garabideko lehendakari den Iñaki Martinez de Lunak eta koordinatzaile den Eñaut Agirrek. Ondoren, txandaka aritu ziren Garabideko teknikariak gaiak aletzen. Ikuspegi orokorra eskaintzeko, 2022 urtean egindakoaren berri eman zen lehendabizi eta balorazioa oso positiboa izan zen. Gogoratu, gainera, 2022 urteari dagionez, bileran esandakoak argitara egingo direla datozen hilabeteetan Garabideren 2022ko memorian eta, urtero bezala, Garabide babesten duten erakunde eta norbanakoei bidaliko zaiela.
Jarraian, 2023 urterako aurreikusitako proiektuen inguruko azalpena eskaini zen. Nabarmentzekoa da dimentsio aldetik salto kuantitatiboa ematear dagoela Garabide, beste hizkuntza gutxituekin elkarlanean garatutako lau proiektutan sendotasuna lortzeaz gain Ipar Euskal Herrian bidea ireki baitzaio modu egonkorrean hizkuntza lankidetza jorratzeari. Horrez gain, datorren urtean lortu nahi da Garabideren ernamuina izan ziren formazioak, hau da hainbat hizkuntza komunitate Euskal Herrian batzen dituztenak hizkuntzen biziberritze estrategien inguruan formatzeko, urtero antolatu ahal izateko baldintzak bermatzea. Azkenik, 2024-2026 epealdirako Plan Estrategiko berria osatzeko gogoetak abiatuko ditugu datozen hilabeteotan. Beraz, zinez urte oparoa dugu aurretik, adi egon!
Bileraren azken zatian, Garabideren bi proiektu esanguratsuri buruzko xehetasunak partekatu ziren. Proiektuetako batek Euskal Herritik kanpora begira jarri gintuen, Mexikon hizkuntza ekintzaile talde bat lanean ari baita yucatango maia hizkuntza biziberritzeko. 2022ko iraila bukaeran izan genuen bertako delegazio bat Euskal Herrian eta ordutik hizkuntza biziberritzearen aldeko ekimenak batzen dituen Wayé mugimendua indartu besterik ez da egin. Bigarren proiektuak, aldiz, barrura begira jartzeko asmoz aurkeztu zen, hain zuzen ere, hizkuntza lankidetzak Euskal Herriari egiten dion ekarpena nabarmentzeko. Zehazki, gizarte eraldaketarako hezkuntzan sakontzeko, zenbait euskal eskolatan hizkuntza-aniztasuna lantzeko martxan jarriko den proiektuaren nondik norakoak azaldu ziren.
Bukaerako hitzak, beste behin ere, eskerrak emateko baliatu zituzten arduradunek. Eskerrik asko parte hartu zenutenoi, baita beste mila modutan Garabideren lana babesten duzuenoi ere. Ezbairik gabe 2022ko Batzar Orokorra emankorra izan zen eta gogoz geratu bazara Garabideren jardunaren inguruan gehiago jakiteko gogoratu aukera ugari dituzula: webgunean kuxkuxeatzea (albisteak, bideoak, dokumentuak...), buletinera debalde harpidetzea edo Garabideren sare sozialak (Instagram, Twitter eta Facebook) jarraitzea, esate baterako.