Azaroaren 25a, emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna. Hizkuntza lankidetza da Garabideren nortasun ikurra: garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin lankidetza bideratzea euskara eta euskal kulturaren garapen esperientzien trukean oinarrituta, hizkuntza komunitate minorizatuetako eragileekin lankidetza proiketuak garatuz eta euskararen eta euskal kulturaren garapenean lanean ari diren erakundeen elkarlana sustatuz. Beti ere kontuan izanik hizkuntzaren eta kulturaren biziberritze prozesua nahitaezko oinarria dela jasangarritasunaren, giza eskubideen, genero berdintasunaren eta ekitatearen aldeko eraldaketa mugimenduetan. Baina eraldaketa horiek ez daude hizkuntza eta kulturaren baitan bakarrik.
Abya Yalan historian zehar errepikatu eta gainjarri diren diskriminazioak jasan dituzte emakume indigenek, giza eskubideen urraketa eguneroko une guztietan emanez: eskubide sozial eta politikoetan, justizian zein eskubide ekonomiko, sozial eta kulturaletan. Lan merkatuan sartu ahal izateko eta hezkuntza eta osasun arloetan sarbidea izateko zailtasunak orokorrak dira emakume indigenen artean, eta ondorioz pairatzen dituzte analfabetismoa, prozesu politikoetan parte hartze eskasa eta baztertze soziala. Emakume indigenen bazterketa sozial, ekonomiko eta politiko horrek diskriminazio estruktural iraunkor bati laguntzen dio, eta ondorioz zaurgarri bilakatzen dira hainbat indarkeria ekintzen aurrean.
Gaur zaurgarritasun egoera horiek ikusarazi eta emakumeen kontrako indarkeriaren amaiera aldarrikatzeko eguna da. Ez Abya Yalan eta ez Euskal Herrian, edozein motatakoa dela ere, diskriminazio eta indarkeriarik ez. Beldurra eta kontrolaren aurrean, justizia feminista!