Euskal Herrian Mintzo

Txiki(tu)en sarea ehuntzen

2024/05/21  -  Berria

Ar Redadeg Bretainia zeharkatzen ari da egunotan, bretoiera sustatze aldera. Korrikaren ahizpetako bat da, eta AEK-ko ordezkaritza batek ere hartu du lekukoa.

AEK-ko kideak Ar Redadegeko lekukoa eramaten, gaur goizean. BERRIA
AEK-ko kideak Ar Redadegeko lekukoa eramaten, gaur goizean. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
Saint Etienne de Montluc
2024ko maiatzaren 20a
 
 
Gaur bi hilabete, milaka eta milaka euskal herritar ari ziren euskara hauspotze aldera Korrikan parte hartzen; orain, bi hilabete beranduago, Bretainian ari dira ekinean, Ar Redadegen bretoieraren defentsan korrika. Hain zuzen, Korrikaren ahizpetako bat da Ar Redadeg; hilaren 17tik 25era ari dira egiten, Plougouñetik Montroulezera, bretoiera bultzatzeko proiektuak sostengatzeko. AEK-ko ordezkaritza bat gaur goizean joan da babesa erakustera.

07:45. AEK-ko dozena erdi kide inguru puntual-puntual prest daude Naoned inguruko Saint Etienne de Montluc herriko bide baten ertzean, 746. kilometroan. Ar Redadeg noiz iritsiko zain daude. Tartean da Ane Elordi, Korrikako koordinatzailea: «Gure babesa eta elkartasuna adierazteko Naoned ingurura etorri gara, eta bertan egingo dugu kilometroa», azaldu du. Izan ere, ezinbestekoa iruditzen zaio Ar Redadegen, La Passemen –okzitanieraren aldeko Korrika ahizpa– eta gisakoen ekimenekin elkarlanean aritzea, sare bat ehuntzea: «Hiruren artean badaukagu harremana, badaukagu sarea, eta gure asmoa eta erronka da sare hori gero eta indartsuagoa izatea, besteak beste, hizkuntza hegemonikoen aurrean nola jokatu estrategia bateratu bat izateko, adibidez».

«Gure babesa eta elkartasuna adierazteko, Naoned ingurura etorri gara».

ANE ELORDIKorrikaren koordinatzailea

Auto bat agertu da. Lau pertsona barruan. Ar Regadegeko kamisetak eta ikurrina soinean. Eta euskara ahoan: «Kaixo» esanez agurtu dituzte AEK-ko ordezkariak. Batek azaldu die Lekeition (Bizkaia) egona dela; besteak esan die alabak badakiela euskaraz, ikasi duela. «Mila esker» esan, eta aurrera jarraitu dute. 

Musika entzuten da urrutian. «Badator, badator». Eta iritsi da furgoneta. Hartu dute lekukoa, eta eskuz esku ibili da AEK-ko korrikalarien artean. «Gureak baino gehiago pisatzen du», dio baten batek. «Tipi-tapa, tipi-tapa Korrika», ekin diote furgonetako kideek. «Tipi-tapa, tipi-tapa Ar Redadeg», erantzun dute beste batzuek. Euskararen eta bretoieraren ofizialtasunaren aldeko oihuak mikrofonotik. Txikiak txikien alde batuta.

2008tik ereiten

2008an hasi ziren Ar Redadeg antolatzen, Korrika eredu gisa hartuta. Haren antzeko egitura du; bederatzi egunez eta zortzi gauez ez da geratzen. Bi urtez behin egiten dute, eta bederatzigarren aldia dute aurtengoa. 2.222 kilometroko ibilbidea osatuko dute orotara. 

Solena Raynaudon-Kerzhero da antolaketa lanetan aritzen direnetako bat: «Ar Redadegen helburua bretoiera zabaltzea da», azaldu du, euskaraz. Hain zuzen, kilometroen salmentarekin lortutako dirua bretoierazko murgiltze ereduan aritzen diren diwan ikastetxeetara eta hizkuntza sustatzeko bestelako proiektu batzuetara bideratu ohi dute. Aurten, bederatzi aukeratu dituzte.

«Bretoieraren egoera ez da on-ona, 207.000 pertsonak hitz egiten dute».

SOLENA RAYNAUDON-KERZHEROAr Redadegen antzolatzailea

Badago beharra. Raynaudon-Kerzheroren arabera, bretoiera ez dago nahi luketen bezain osasuntsu: «Bretoieraren egoera ez da on-ona; 207.000 pertsonak hitz egiten dute». Horregatik, aurtengo Ar Redadegen transmisioan jarri dute arreta; Treuzkas! (Pasa ezazu!) lelopean ari dira Bretainia lasterka zeharkatzen. Transmisio horretan badu esperantza Raynaudon-Kerzherok. Baikor mintzo da: «Gero eta ume gehiago ari dira bretoiera ikasten, baita helduak ere; hortaz, nahiko baikorra da».

Enlace: ver

facebook
0
twitter
Enviar a un amigo

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus