Garabide gobernuz kanpoko erakundeak ikus-entzunezko lanen sorta batean bildu du euskararen biziberritzearen esperientzia, munduko beste hizkuntza minorizatuetako hiztunak trebatzen laguntzeko. Egitasmoak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso du. Biziberritzearen ikuspegi orokorraz diharduten hiru bideo egin dituzte jada —gaztelaniaz—, eta euskarazko beste batean laburbildu dituzte gakoak: azken hori Bilboko Euskararen Etxeko interpretazio zentroan egongo da ikusgai. Aurrerantzean, beste lauzpabost onduko dituzte, gai zehatzagoetan arakatzeko: besteak beste, hezkuntzan eta erakundeen lanean. Garabide hasi da bideoak erabiltzen —Mexikora egindako azken bidaian, esaterako—, eta haien webgunean eta sare sozialetan kontsultatu ahal izango dira laster.
Lantalde teknikoko ordezkari Maiteder Sasietaren arabera, euskarak azken hirurogei urteetan eduki duen biziberritzea «erreferente bat» da munduko beste mintzamolde minorizatu batzuetako hiztunentzat, erakusten baitie badela modurik hiztunak galtzeko joera iraultzeko. Eta esperientzia hori beste komunitate batzuetara zabaltzen aritzen da erakundea. Jon Sarasua zuzendaritza taldeko kidearen esanetan, «lagin txiki batera» baino ezin dira heldu, eta «eskaeragatik, tamainagatik eta momentuagatik» euskararekin antz handiagoa duten hizkuntzak lehenesten dituzte, hala nola kitxua eta aimara. Zehazki, hango eragileei aholkularitza, bidelaguntza, eta, batez ere, formakuntza eskaintzen diete. «Erakusten diegu Euskal Herrian zerk izan duen arrakasta eta zerk ez, tokian tokiko ezaugarrien arabera aplikatu dezaten esperientzia hori», Sasietaren hitzetan. Hain justu, aholkularitza eta formakuntza behar horietarako sortu dituzte bideoak.
«Hiztunei erakusten diegu Euskal Herrian zerk izan duen arrakasta eta zerk ez, tokian tokiko ezaugarrien arabera aplikatu dezaten esperientzia hori».
MAITEDER SASIETA Garabideko lantalde teknikoko ordezkaria
Asteazkenean aurkeztu zituzten ekoizpenak, Bilboko Euskararen Etxean. Sarasuak hizkuntzen diagnosi labur bat egin zuen: 7.000 daude, «latifundioetan eta minifundioetan banatuta», eta horietako 240 inguruk dituzte munduko hiztunen %96. Eta ohartarazi zuen: «Unescoren arabera, martxa honetan hizkuntza ondarearen zatirik handienetako bat galduko dugu». Egoera horretan, zer lekutan dago euskara? «Munduko txirrindularien tropelean, zatirik handiena hizkuntza minorizatu eta mehatxatuak dira, eta, harrokerian erori gabe, euskara da tropel horretatik tiraka doan hizkuntza bat. Eta horrelako hizkuntza gutxi daude, tamalez».
Loraldiaren gakoak
Zein izan dira, baina, biziberritze «arrakastatsu» horren gakoak? Zer ageri da aurreneko ikus-entzunezkoetan? Aurkezpenean ipini zuten laburpen bideoan, Sarasuak atzera begirako bat eskaintzen du. Haren esanetan, bi ametsek bultzatu zuten loraldia: ahalegina justiziazkoa zela pentsatzeak, eta ondorengoek hizkuntza «zaharkitu» hori jarduera modernoetarako erabil zezaketen usteak.
Arbola baten metaforarekin xehatu dituzte biziberritzearen giltzak. Enborrean, corpusa jarri dute. «Hizkuntzaren baliabideen gorputza berritzea behar genuen, estandarizatzea, terminologia berria sortzea». Hizkuntza jabekuntzarako adarrak ere badaude: ikastolen sorrera, hezkuntza arautua, hezkuntza ez-formala, helduen euskalduntzea eta familiarteko transmisioa. Eta oparoak dira, halaber, funtzioei dagozkien adarrak: kulturgintza, hedabideak, administrazioaren euskalduntzea, euskarazko lan eredua eta teknologia.
«Munduko txirrindularien tropelean, zatirik handiena hizkuntza minorizatu eta mehatxatuak dira, eta euskara da tropel horretatik tiraka doan hizkuntza bat».
JON SARASUA Garabideko zuzendaritza taldeko kidea
Nola elikatu da zuhaitz hori, ordea? Bideoan, zurtoinak ere aletzen ditu Sarasuak: gizarte aktibazioan bermatu zen biziberritzea aurreneko 25 urteetan, eta erakunde aktibazioa izan zen «beranduxeago», zuzendaritza taldeko kidearen irudiko. «Azken berrogei urteotan, bien arteko paper banaketa egon da». Kontakizuna da erdiko sustraia. «Zer kontatzen dugun guk geure buruaz, eta zein diren komunitate horren gogoa eta ametsa».