Udaltop jardunaldiaren lehen saioa egin dute, migratzaileen eta euskal komunitatearen arteko erlazioez. Harrera ereduak aztertzen ari dira.
Galderen bidez «formulatutako» saioak izango direla nabarmendu nahi izan dute gaur antolatzaileek, propio, Udaltop jardunaldien hasieran. Udaletako euskara zerbitzuen topaketak izaten dira, eta aurten hamaseigarren aldia dute. Gaur hasi dira, eta bihar amaituko dira. Ohikoa denez, Lasarte-Orian (Gipuzkoa) dira aurten ere, eta ezinegona eta zalantzak ukaezinak dira maiz goiburu gisara proposatu dituzten galderen inguruan: «Nola erakarri etorri berriak euskarara? Eta, euskaldunok, nola hurbildu etorri berrietara?». Aurrerabideak ere badira, ordea, eta justu topaketok hainbat «praktika» ezagutarazteko plaza ere badira, eragileen bidez ezagutzeko Euskal Herriko hainbat tokitan kulturartekotasunean hazteko eta migratzaileen eta euskal komunitatearen arteko mugak lausotzeko martxan diren egitasmoak. Arretaz erreparatu diete denei, helburua, Zarauzko Udaleko Immigrazio teknikari Julen Arangurenek esan duen eran, handia delako: «Gu berri bat sortzea».
Gaiaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute instituzioek ere topaketaren hasieran egin duten ekitaldian. Ez da inor falta izan. Lasarte-Oriako Udala; Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako diputazioak; Nafarroako Gobernua; Eusko Jaurlaritza; eta Euskal Elkargoa: denak egon dira ordezkatuta. Eraikitzaile izateko ahaleginetan, aurrez ere Euskal Herrian izan diren migrazio prozesuak gogora ekarri ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak, eta oraingo honen ondorioak kudeatzeko dauden bi euskarri nabarmendu nahi izan ditu: «Kontzientzia eta autogobernua». Confebask erakundearen iragarpenak ahotan hartuta, adierazi du datozen urteotan atzerritik 400.000 biztanle helduko direla, eta nabarmendu du ezinbestekoa dela horren eraginaz pentsatzea: «Hizkuntzaz harago ere, gure gizartea astinduko duen zerbait izango da».
Esentzialismoez
Mario Zapata soziologoak gaiaren inguruan sortzen diren gatazka mezuei gordin erreparatu nahi izan die. «Askotan sentitu izan da euskararen gaia mahai gainean jarri denean esentzialistatzat hartu dela euskararen defentsa», onartu du. Argudiatu duenez, bide horretan beharrezkoa da kulturartekotasunaren ikuskera «propio» bat eta, era berean, ezinbestekoa da hizkuntza minorizatuen premiak aintzat hartzea begirada horretan.
Eta, bide batez, ahalegina egin behar dela beti etorri berrien tokian jartzeko: haiek ere ulertzeko. «Ezin dugu espero justu etorri berri den pertsona baten lehentasunetan sartzea euskara». Eta nabarmendu nahi izan du egoera soziolinguistikoak berak zer eragin duen etorri berrien pertzepzioan. Hizkuntzen kale erabilerako datuak erakutsi ditu horretarako Zapatak, zeintzuetan ikusten baita zeinen gutxi entzuten den euskara Euskal Herriko toki askotan, zeinen oihartzun apala duen. «Horixe ikusten dute kanpotik datozenek».
Adibide eta eredu gisa, Zestoan, Zarautzen, Laudion eta Bortzirietan biztanle heldu berriak euskarara hurbiltzeko martxan dituzten egitasmoak aurkeztu dituzte. Onbidean doaz. Ez beti samur. Zestoako Udaleko esperientzia kontatzera Nora Palmitano euskara teknikaria joan da; ahalegin horiek egitearekin «esker oneko» mezuak naro jaso dituztela onartu zuen. Baina bestelakoak ere izan dituzte: «Kontrako erreakzioak, eta zurrumurruak».