We: berri Tripan: irten, abiatu Antu: eguzkia
Eguzkiaren irteera berria.
Maputxeek erabaki zuten urte berriaren hasiera eurite sasioarekin batera etorri behar zela. Ekoizpen aro berria da, lurrarekin solasteko unea. Kimu hotzen ilargia da ekaina, puken, negua. Hego hemisferioan gaurik luzeena dute, orduan hasten da etenik gabeko euri sasoia, negu gorria.
.Ekainaren 22an leku batzuetan, 24ean bazter ugaritan…egun hauen bueltan ospatu ohi dute urte berria maputxeen lurraldean.
Euskal Herrian ekia goi-goian dagoen hilabetea da eta haienean, aldiz, eguzkiak ordu gutxi batzuk baino ez die etxea epelduko. Lurra horretarako prestatzen da, zeruak ematen dion oro gordetzen du udaberrian loratzeko.
Eguzkiak oilarraren urratsa eman omen zuen, kiñe trekan alka, hala diote arbaso maputxeek, eta egun hartatik aurrera gauak laburtuz joango ziren, gure etxean gertatzen den kontrara. Iluntasunak argiari orduak oparitu zizkion, eguzkipean bizitzak buelta berria eman zezan.
Wvño trekatui pun, gaua atzerantz doa
Ya! Zew mitray ta antv, eguzkiak nahikoa atseden hartu du jada.
Ibai bazterrean elkartzen dira zahar eta gazte, emakume zein gizon. Uretan ospatzen dute urte berriaren hasiera, eta ekialderantz begira jartzen dira ondoren; ama lurrari egin ohi zaion eskaintza hartan Llellipun kantatzen dute, colihue, canelo eta foye zuhaitzen adaxken alboan. Zuhaitz sakratuak dira, errito garrantzitsuenetan beti presente dauden elementuak. Ura ere uneoro ageri zaigu, urari gorazarre egiten diote, urak zikloa hasi eta itxi egiten baitu.
Komunitateko kideek elkarrekin bazkaltzen dute; kantuak daude, asmakizunak, kontakizunak…jolaserako tartea ere hartzen dute, awarkuzen, jolas ospetsuenetakoa.
Urte berria adiskidetasunaren ospakizuna ere bada, misawun, ondo baitakite inguruko lagun eta auzokideen laguntzarik gabe, nekez egin zezaketela aurrera Patagonia hegoaldeko klimaren gordinean.