Pewma
Ngpay pun wente winkul kütralwe- püle
Kuifikeche maichül-maichülngey
Allfüley ta mapu pilu trokifiñ
Ametsa
Mendialdean, etxeko suaren inguruan
Gauez
Arbasoak keinuka dakusat urrunean.
(Voces mapuche liburuko olerkia)
Hizkuntza etxeko suaren inguruan transmititu eta gorde izana, egun bizirik mantentzearen arrazoietako bat. Eskerrik asko ama, amona, aita. Eskerrik asko kontakizun eta mitoei, esker mila ahozkotasunari.
Hizkuntza zaharren magia.
*******
Galvarino Temucotik 40 kilometrora dagoen herria da; bertako biztanle ugari maputxe hiztunak dira. Egoera diglosikoan bizi dira, hegoalde zein iparraldeko herri askotan bezalaxe, hau da, Txileko zenbait eskualdetan bi hizkuntza mintzatzen dira baina administrazioan bakarra da erreferentziala ( ofiziala, zehatzago): gaztelania.
Txileko konstituzioak ez dakar hizkuntza ofizialik, horren ordez, gaztelaniaz mintzatzera gonbidatzen ditu txiletar guztiak, hizkuntza hori berori elkar ulertzeko tresna eragingarria delakoan. Gainontzeko hizkuntzak linbo batean bizirautera kondenaturik daude, konstituzioak oinarrizko eskubide hura bermatzen ez duen bitartean. Kitxua, yagan hizkuntza, kaweskar, maputxe eta rongo-rongo hizkuntzak haien historiaren itzala baino ez dira.
Txile mendikate erraldoi batek eta itsasoak inguraturik dago, irla formarik ez duen uhartea. Hegoaldea hotza da, euritsua; hegoaldea edonondik urrun dago. Herri isolatuak mendialdean ezkutatzen dira eta jatorrizko mintzoan komunikatzen dira haien artean. Erdarek apenas zapaldu dute lur mutur hura. Besterik da hegoalde australean; XIX mendean zehar Europatik espedizio ugari etorri ziren bazter hura ezagutzeko. Haietako asko Cabo de Hornosen desagertu ziren itsasoaren zakarrak irentsita. Alabaina, espedizio batzuek mundua bukatzen den lur zatira hurbiltzea lortu zuten eta bertako biztanleak erail edo/ eta bahitu zituzten, esperimentuak egin eta giza-zoologikoak sortzeko, besteak beste. Ebanjelizazioak ere izan zuen jatorrizko hizkuntzen desagerpenean zer esanik; erlijio eredu berriaz batera, hizkuntza ere inposatu zieten Bio-Bio ibaitik behera bizi ziren gizon eta emakumeei. Baina zuhurrak ziren izan, eta erlijio moldearen arabera, ondo asko jakin zuten erlijio eredu berria haiek mintzatzen ziren hizkuntzan txertatzen; hartara, komunitate batzuetan maputxeen arropa tradizionalez jantzitako ama birjinak daude elizen atarian. Jatorrizko hizkuntzek gero eta espazio mugatuagoan bizitzen ikasi behar izan zuten eta batzuk ezin izan zieten hizkuntza eta kultura asimilazioari eutsi.
Azken hamarkadan zehar, Txilek beregain hartu du hizkuntzen biziraupena bermatzeko erantzukizun politikoa baina Galvarinon gertatutakoa ahalbidetu dutena erantzukizun soziala eta hiztunen konpromisoa izan dira.
Txile iparrorratzik gabeko mendi ibiltaria dela iruditzen zait: konpromiso politikoak, hizkuntzen berreskurapena eta biziraupena garatzeko hitzarmen berritzaileak….funtsean ordea, hizkuntza planifikazio egokirik gabeko politikak ezkutatzen dira, zauria sekula sendatuko ez duten sendabelarrekin jolasean arituko bailiran. Hezkuntzan jatorrizko hizkuntzak irakasteko neurri bat edo beste hartzeko konpromisoez eztabaidan diharduten bitartean, folklorearen antzutasunaz elikatzen dira eta hizkuntzen osasuna gainbeheran doa.
Galvarinok ilusioa eta haize berria ekarri dio maputxerari eta oxala oihartzunak Arica eta Puerto Edenen ere zirrara eragitea. Maputxera bizirik dagoen seinale garbia izan da, maputxera kalera irten da hizkuntza paisaiari kolore berriak ematera. Maputxera haurren kanta eta jolasetan txertatuz doa, bere erritmora, tipi-tapa, atsedenik gabe.