Komunikabideen gaian gehiago sakontzen eta bertso batzuk! (I)

[Beñat Garaioren kronika]

Urriko azken aste honetan ere bisita ugari izan ditugu, eta ez nolanahikoak, gainera. Sarrera bat propio igoko dugu irteeratxo horien berri emateko, baina Garabiden fin-fin egiten dugu lan eta eskolak ere izan ditugu, ohi dugun eran.

Egun hauetan komunikabideen modulua lantzen jarraitu dugu eta kultur ekoizpena jorratzen ere hasi gara. Lehenengoaren berri emango dugu lehenik, pasa den asteko kronikarekin lotura estua du eta.

Eneko Bidegainena izan zen jaso genuen eskoletako bat eta izan genuen zer ikasia, zalantzarik gabe. Zorionez, Iparraldeko egoeraren berri eman zigun Enekok eta gure ikuspegia osatzeko ere balio izan zigun, dena ez baita EAE.

Lehenik eta behin, HUHEZIko irakasleak XX. mendea euskaldunak Frantziako egitasmo politikoan sartzeko garaia izan dela aipatu zigun. Horren ondorioz, Pirineoz bestaldeko hiru lurraldeetako euskaldunek hizkuntza utzi dute/zuten, pentsatuz hizkuntzak ez duela frantsesak bezainbesteko baliorik. Horretaz gain, lurralde zatiketa honek ahalbidetu du Euskal Herria/Basque Country/País Vasco izendapenen esanahia txikitzea eta horren ondorioz, gainontzeko lurraldeetaz ahaztera behartu gaituzte kanpotik datozkigun diskurtsoek. Diskurtso horiek, baina, eragina dute gure jokabide eta erakundeetan eta Euskal Telebistaren adibidea partekatu zuen. Enekoren esanetan, ETB euskararen biziberritzerako eta Euskal Herriaren nazio eraikuntzarako eragile garrantzitsua izan behar zuen, baina bere irismena mugatua izan da. Izan ere, EITBk Iparraldeko albisteak sartzen ditu soilik Espainiarentzako interesgarria denean , horrenbestez, Iparralden ez dute interes handirik EITBn; eta hori gutxi balitz, Nafarroa ere bere espazio bila dabil EITB-ren barruan.

Azkenean, Iparraldean bertako irratiak izan ziren bidea egin zutenak, erraz sartu baitziren etxeko zokoetara, nahiz eta baliabide gutxiko ekimenak izan. Komunitatearen muinetik sortutako ekimenetatik abiatuta hasi ziren berriro iparraldekoak euren hizkuntza maitatzen.

Eneko Bidegainek tokiko komunikabide euskaldunei aitortu zien ardura eta garrantzia, beraien irismena komunitatean errotuta dagoelako. Antza, gaur egun 90 komunikabide inguru daude, eta guztira, 600 langile. Ikusi daiteken eran, jende asko ari da lanean tokiko komunikabideetan, baina baliabideak gaizki baliatuta daude; estrategia behar da. Ez dago, adibidez, marketing sail edo finantza sail bateraturik eta hedabide txiki bateko kazetariak egin behar ditu lan horiek.

Aitor Zuberogoitia HUHEZIko irakaslearekin egon ginen hurrena eta bere doktoretza tesia partekatu zuen gurekin. Berak Egin, Le journal, Gara, Enbata eta tankerako komunikabide elebidunetan euskararen presentzia aztertu zuen. Bere emaitzen argitan, prentsa elebidunaren eraginak kontraesankorrak dira. Izan ere, kuantitatiboki, denbora joan ahala, gutxiago erabiltzen da (hazi beharrean); eta kualitatiboki ere, euskera gai jakin batzuetara mugatzen da, bere potentzial guztia garatu ezinda.

Hau honela, prentsa elebiduna traba da Txepetxen AB/BA hiztunen hizkuntzaren erabilerarentzako, gabezia honetatik motibazio falta datorrelako, eta hortik,  espazio sinbolikoa sortzeko ezintasuna.

Adibide ezin argigarriago bat partekatu zuen gurekin, komunikabide elebidunen patua azaltzeko.

Iparraldean, 80. hamarkadan,  Mitterrand orduko presidenteak apustua egin zuen irrati uhinak liberalizatzeko. Elebiduna/euskalduna zalantza izan zuten Iparraldekoek ere eta Radio Adour Navarre elebiduna sortu zen; eredu elebidun horren aurrean, aldiz, Gure Irratia irrati euskaldun elebakarra sortu zuten. Orduan, Radio Adour Navarrek esan zuen, “Mitterrandek hitz eman du kate publiko euskaldun bat, zer ari zarete?”, eta Gure Irratia-ren erantzuna “orduan ikusiko dugu” izan zen. Azkenean, kate frantses batek RAN jan zuen eta Gure Irratiak modu prekarioan hasita, lau kate dituzte eta 30 langile, euskararentzako espazio bat sortuz

Eta anekdota bat orain, txutxumutxuak gustatu baina duela ez hainbeste jaio ginenentzako: garai berean “Euskal kazetaritzaren urtea” aldarrikatu zuten eragile batzuk, argudiatuz “euskarazkoa izan behar du[ela] prentsak, bestela ez baita euskal”. Ez bada urtearen amaierarako euskal prentsa sortzen, tranpa izango da euskararen etorkizunerako”. Bete al zen beraien iragarpena?

Bukatzeko, Aitorren klasean gurekin dauden herrietako komunikabideen diagnostiko sakon bat egin genuen. Hitzez hitz esan zutena errepikatu gabe, hauxe da egoera jatorrizko hizkuntza erabiltzen duten komunikabideena:

  • Aldizkari elebidunak egon badaude, baina euskal prentsak zuen/duen ataka berdinean daude. Gainera, batzuetan ekimen hauek enpresek edo bestelako erakundeek bultzatzen dituzte, euren jarduna modu xamurragoan sozializatzeko.
  • Eliza askotan azaltzen da hainbat komunikazio egitasmo bultzatzerako orduan
  • Telebista eta irrati kate publikoetan hizkuntza gutxituen erabilera oso eskasa da, behar bada, bi astean behin ordu betez. Adibidez, Correa Ekuadorreko presidenteak 5 orduko saioa du eta kichwara itzultzen dute bere hitzaldia, ordu erdi eskasean
  • Irrati komunitarioen sarea aberatsagoa da, baina hizkuntzaren erabilera oraindik ere ez da nahikoa
  • Kasu batzuetan, aimarak Bolivian bezala, lehen jatorrizko hizkuntzen egoera komunikabideetan hobea zen
  • Gazteentzako erakargarriak diren edukiak sortzen asmatu beharra dago

Aipatu bezala, kultur ekoizpenaren ikasgaiarekin hasi gara aste honetan eta Garabiden bertsojale asko dagoenez, batzuon artean bertsolaritza azaldu genuen gure kideen aurrean. Historia, ezaugarriak eta adibide batzuk partekatu genituen; eta puntutan ere aritu ginen apur bat. Zorionez, Garabideko sare sozialetaz arduratzen dena ez zegoen klasean eta ez dago kantaldi antzu horren lekukotasunik. Europa bat-batean ekimenean beste inprobisazio eredu batzuekin egindako uztarketa erakutsi genien, gaineratuz ahaideen arteko lankidetzak eta elkartasunak emango dizkigula fruituak.

Horren ondoren, ikasle/kideek euren herrietan dituzten inprobisazio esperientziak eman zituzten ezagutzera. Gaia ez da oso ezaguna euren/gure artean, baina adibidez, nahuatl hiztunak esan zigun bere herrian nahuatl eta totonakoek badute ahozko inprobisaziorik; xoxopitzahua deritzo modalitateak. Txapelketak ere badituzte eta bi gai zehatz eta libre bat jartzen zaie. Ikusleengan inpaktu gehien duenak irabazten du. Arte adierazpen hau herriarena da, baina Puebla estatuko kultura zirkuitu komertzialetatik kanporatu dute, gaztelaniatze prozesu baten ondoren.

Kachua izenekoa da aimaren eredua, inauterien inguruan eta azaroan egiten zena. Mutilak eta neskak bere aldetik aritzen ziren eta normalean gazteak ziren parte-hartzaileak,  uzta ona eskatzeko. Zoritxarrez, orain ez omen da egiten komunitatean.

Mexikoko mayetako batek “Contrapunteo” deritzona aipatu zuen, esanez,  Mexikon, Kolonbian, Venezuelan, eta beste hainbat herrialdeetan behatu daitekeela, baina Yucatanen, esaterako, ez. Bestalde, Aramaioko indigenak euskaldun askok ezagutzen ez genuen adibidea aipatu zuen: Zuberoako txikitoak, non elkarren aurka biraoak esaten ziren bat-batean, laguntasunetik abiatuta.

Bukatzeko, kichwa batek aipatu zuen Ekuadorreko bi eskualdetan kopla modukoak inprobisatzen dela. Pertsona berak gure artean apur bat ahaztuta dagoen eztabaida piztu zuen: “dena (praktika kulturalei buruz mintzatzean) lehiakortasunean amaitzen da, ekintza horren funtsa eraldatuz, eta joera hori ekidin beharra dago“.

Irteeren eta ekitaldien astea: ez gara gaizki bizi!

[Beñat Garaioren kronika]

Aurreko kronikan esan genuen bezala, astea Kike Amonarriz soziolinguista/aurkezle/umoregile/tolosarra/aita/euskalduna/…-(a)rekin hasi genuen eta gustora egon ginen euskararen biziberritze prozesuaren inguruan egin zuen gogoeta entzuten. Argi gelditu zen bera zerbait bada, baikorra dela eta bereziki lau argi printza nagusi utzi zizkigun:

kike

Kikeren ama Nafarroatik zetorren, baina euskara ikasi zuen frankismo garaian, eskolan gaztelania eta etxean gaztelaniaz. Nola? Kalean herritarrekin hitz egiten, beraz, egoera ilunean ere badago aukera aurrera ateratzeko komunitate mailan hizkuntza erabiltzen bada.

Xabier Erizeren ustetan euskararen atzerakada baino, euskararen bizirautea ikusi behar da euskararen bilakaera azaltzen duten grafikoetan (eta Kikek aurpegia eta pitxerra nahasten dituen ilusioarekin alderatu zuen)

Lapuebla de Labarca eta Oioneko kasua: ikastolak sortzearen poderioz herria euskalduntzen hasi da 400 urteren ondoren. Adibidez, Lapueblan badago dagoeneko ikastolan euskaraz ikasi zuen ama baten alaba “euskaldun-zaharrik” (hobe esanda, etxetik euskalduna den alaba)

– “Erabileraren neurketan ere [inkesta soziolinguistikoetan bezala], beste iraultza linguistiko bat gertatu da: gazte eta haurrak dira gehien erabiltzen dutenak, hau da, “hizkuntza biziberritzen ari da

Baina hainbat jakinarazpen zorrotz ere egin zizkigun, gaur egungo egoera aztertuta errealitatera moldatu gaitezen. Lehenik eta behin, hizkuntzen erabileraren aldaketa: “komunikazio sistema guztia aldatu egin da eta hizkuntzak erabiltzeko modua ere, horrek eragin handia du“. Bigarrenik, globalizazioa eta hizkuntza ekologia, “gaur egun eleanitzak gara eta egoera bakoitzerako hizkuntza bat erabiltzeko gai gara“. Hirugarrenik, hizkuntza-merkatua: Eurovisionen argi gelditu da irabazi nahi baduzu, ingeleraz abestu behar duzula. Laugarrenik, euskararen kalitatea eta “habitata”: “gai gara fisika ikasteko euskaraz, baina ligatzerako orduan zailtasunak ditugu; eta hizkuntza kalitatea lotzen dugu alor gramatikalarekin, eta ez da batere horrela” (Kikerentzat kalitatea goizeko ordu txikietan parranda euskaraz botatzea da, besteak beste). Eta bukatzeko, estrategia egokiaren garrantzia: Mikel Zalbideren esanetan “Kezkatuta geunden ura teilatutik sartzearekin eta sototik sartu zaigu”.

Baina asteak gehiago eman du eta “Komunikazioa” izeneko modulua abiatu genuen Jon Sarasuarekin, are gehiago, honako tesi honekin:

“Arazo bat izan daitezke internet eta teknologia berriak hizkuntza gutxituen etorkizunerako, baina baita aukera bat ere. Horren harira, eta irrati eta telebistaren kasuan, euskarak 3 edo lau hamarkadetako atzerapena izan zuen; internetarekin, ordea, berehala erreakzionatu zuen. Dagoeneko ikasi zuen lezioa eta azkar eman zion erantzuna errealitate berri honi”.

Euskaldunon Egunkaria/BERRIA, Goiena eta horrelako komunikabide euskaldun elebakarrak aipatzean, kide kichwa batek esan zuen pixkat erlatibizatu behar dela, izan ere, lehentasunak daude hizkuntza bigarren tokira eramaten dutenak eta agian hizkuntza pixkat erakustearekin helburua nolabait bete da. Baina Jonek erantzun zion Egin eta Deiaren kasua ekarriz, biak Euskal Herria sortzeko asmoarekin sortu zirela, baina beste borroka batzuk daudenez eta gaztelania toki guztietara iristen denez, “lehenetsi dezagun gaztelania” erabaki zutela. Diskurtsoa zen “euskaldunen ehunekoa handituz doan heinean gure euskarazko edukia ere handituko dugula”, baina horrek fabore eskasa egiten dio hizkuntzari eta orduan Egunkaria sortu zen.

Wiñay Kawsay kichwa-gaztelania aldizkari elebiduneko zuzendariak argudiatu zuen beraien jasangarritasun ekonomikorako behar-beharrezkoa dela ahalik eta irakurle gehiagora iristea, baita iragarleak lortzeko orduan ere. Hori dela eta, elebitasunaren aldeko apustu behartua egin zuten bere garaian. Hau izan zen Jon Sarasuaren erantzuna:

“Ez naiz esaten ari egunkari elebakar bat sortu behar duzuenik, baizik eta baldintzak daudenean egin behar duzuela, bestela hizkuntzak ez duelako aurrera egingo”

Gurekin lanean dabilen Julen Larrañagak Gasteizko Hala Bedi Irratiko esperientzia partekatu zuen. Bere esanetan,  hasiera elebakarra (gaztelania) izan zen, baina laster pentsatu zuten Hala Bedi beti gizartea baino pausu bat azkarrago joango zela, hau da, “Inkesta Soziolinguistikoan Gasteizen %25 badago, guk %35“. Are gehiago, bi hizkuntzen erabileraren ehunekoa 50/50 egon ondoren, erabaki zuten kate bat euskaraz jartzea, nahiz eta oraindik ezin duten programazioa bete”.

 

ham

Hitz Adina Mintzo hitzaldi zikloa

Eta Hala Bedi aipatu dugunez/genuenez gero, Albak zoriondu gintuen asteazkenean beraiekin egindako lanagatik. Testuinguratu dezagun hau: hilabetero legez, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean Hitz Adina Mintzo ospatu zen, hau da, hilabetero hilabetero hizkuntza gutxituetako hiztun bat gonbidatzen da bere errealitatea gerturatzeko. Bada hilabete honetan, eta Garabide Elkartearen bitartez, “Aditu Ikastaroan” ikasten ari diren hiru lagun izan ziren hizlari: José K’oyok maya yucatekoa, Alba Velasquez kaqchikela eta María Yamberla kichwa. Aurkezpen interesgarriak izan ziren, baita ondorengo eztabaida ere eta Jon Alonso eta Claudia Torralba itzultzaileei eskerrak saio guztia euskaraz izan zen.

Baina hitzaldia baino lehen Hala Bedi irratian elkarrizketatu zituzten Kantoia euskarazko magazinean. Nola, euskarazko irratsaioa izanda? Galderak euskaraz egin ziren eta euren erantzuna, berriz, jatorrizko hizkuntzetan eta euskarazko itzulpenarekin. Bi esperientziak gogoangarriak izan ziren eta aldarte ezin hobearekin joan ginen ohera.

Astean zehar, ordea, beste hainbat gai ere jorratu genituen, tartean corpusaren garapena eta familia transmisioa. Azken honi dagokionez, Karmele Perezek (Nekane Goikoetxea zen beste irakaslea) azaldu zigun umeek bere orduen %10 pasatzen dutela eskolan, beraz, argi utzi zigun datu horren argitan ezin diogula gehiegizko ardurarik eskaini hizkuntza ikastetxeari hizkuntza biziberritzeko orduan. Dena den, aurrerago gehiago jorratuko dugu modulu hau eta corpusaren gaiari helduko diogu orain.

Jon Sarasua moduluko ikasgaiak esan zuen bere eskolako garaian adostu gabeko hitzak erabiltzen zirela, adibidez, batuketa eta biderkaketa egiteko. Adibide hau erabili zuen ikusteko nolako garrantzia zuen estandarraren erabilerak hezkuntzan, baldin eta hizkuntzaren barne-kohesioa indartu nahi badugu. Hala ere, batzuetan ez dago hitzik hizkuntza batean kontzeptu bat izendatzeko eta terminologia berriak hainbat arazo dakartza. Garbiena honako hau: nork ulertuko nau? Eta nola lortu hitz horren arrakasta eta jarraipena? Orduan, Jon Sarasuak gitarra erabili zuen metafora gisa:  “caja de resonancia” baten modukoa behar dut hitz berri horiek erabiliak izan daitezen. Izan ere, batzuetan arazoak daude hitz berri horien erabileran eta onargarritasunean eta gatazkak sor daitezke. Baina era berean, gaztelaniak etengabe hartzen ditu hitzak beste hizkuntzetatik eta bere zilegitasuna ez da zalantzan jartzen. Zergatik ote?
Galdera horri erantzuna Andoni Barreña hizkuntzalariak eta Garabideko kideak eman zigun, hainbat aholku eman baitzizkigun corpusa garatzerako orduan.

euskaltzaindia

Dena ez da “lana”, ordea, Garabideko “Aditu honetan” eta corpusarekin zerikusia duten bi bisita egin ditugu aste honetan. Lehena asteazkenean egin genuen, Bilbon, Euskaltzaindia barrutik ikusteko. Goiz atera ginen Eskoriatzatik akademiako liburutegizaina den Pruden Gartziarekin biltzeko. Gela nagusian hartu gintuen, euskaltzainburu guztien erretratuen laguntzarekin. Hiru ataletan banatu zuen aurkezpena:

  1. Euskaltzaindia aurreko historia,
  2. Euskaltzaindiaren hastapen urteak euskara batuaren sorrerararte eta
  3.  Euskaltzaindiaren jarduna gaur egun. Bere hitz-jario alai eta lehen eskuko informazioarekin atera ginen Euskaltzaindiatik, liburutegiko balkoitik eta eraikinaren sarreran talde-argazki bat atera ondoren, jakina.
pruden

Pruden Gartzia Euskaltzaindia azaltzen

Asteari amaiera emateko Donostian dagoen UZEI-ra joan ginen, non Imanol, Miriam eta Ikerrek erakundearen historia eta jarduna azaldu ziguten. Aipatzekoa da UZEIk militantziatik profesionalizaziorako egindako bidea eta euskararen estandarizazioan egindako lan eskerga. Dena den, gure eta jatorrizko herrien egoera eta ideologia ezberdinak direla ondorioztatu genuen eta eztabaida emankor eta kitzigarrirako astia ere izan genuen.

uzei

Donostia ezin genuen EITBko Miramongo estudioak bisitatu gabe utzi, ordea, are gutxiago ikusita “komunikazioa” modulua lantzen aritu eta gero, eta arratsalde berezia pasatu genuen fokoen azpian eta gure aurpegi eta ahots bilakatu diren horien ondoan.

eitb

Noizko behe-behetik sortutako telebista duin bat gure jatorrizko hizkuntzetan?” galdetuko genion  geuretako batzuk.

Hau izan da, beraz, aste honek eman duena. Interesgarria irudituko zitzaizuelakoan, laster arte!

Larriño

Urkuluko Larriño auzoan afaria ere egiteko tartea hartu genuen astelehenean

Zer arraroa jatorrizko hizkuntzarik gabe, Nafarroa!

[Beñat Garaioren kronika]

“Sería en verdad una actitud ingenua esperar que las clases dominantes desarrollasen una forma de educación que permitiese a las clases dominadas percibir las injusticias sociales en forma crítica” (Paulo Freire)

Bigarren astearen amaiera ere soziolinguistika lantzen eman genuen, Iñigo Arteatx eta Jon Sarasuaren eskutik. Bi irakasleek elebakarren ideologia oztopotzailea jorratu zuten, hizkuntza hedatzaileen dinamika glotofagikoa azaltzeaz gain. Egoera gutxitu batean hizkuntza hedatzaileetako hiztun batek bere balioa areagotzen du eta elkarrizketetan berea da hizkuntza “inposatzeko” boterea. Batzuetan hizkuntza gutxitua erabiltzea errespetu falta omen da, eta Imbaburako kichwa batek honako pasarte hau partekatu zuen. Bere udaletxeko bileran %95 indigena kichwa hiztunak dira, baina udal-batzarretan jatorrizko hizkuntzetan hitz egiten hasten direnean mestizo urri horiek protesta egiten dute, esanez “mayor respeto, aqui habemos gente que no hablamos”. Baina norena da errespetu falta? Iñigoren lagun batek esaten duena interesgarria iruditu zaigu: “Lagun bati kafe bat ordaintzea keinu polita da, baina aldiro kafe bat ordaintzea ez da eskuzabaltasuna, hori subordinazioa da

Horren argitan, jakizu elebakarra zarenez muga batzuk dituzula eta horri aurre egin behar diozula. Ezin dituzu denak manupean izan zure mugak inposatuz.

Iñigo Arteatx

Iñigo Arteatx soziolinguistikaren oinarriak azaltzen

Hizkuntzak biziberritzeko hainbat ekimenen aurka azaltzen da gizarteko sektore bat, argudiatuz diskriminazio positiboa gehiegizkoa dela. Horren aurrean hizkuntza-ekologiaren printzipioak erabili genitzake, zeren berdina pentsatzen al da animaliak zaintzerako orduan? Iñigo kinka horretan jarri zen eta aldarri hau bota zuen: “¡Qué se organicen las ballenas, a mí no me incumbe!

Dena den, komunitateko elebakarrak ez dira beti etsai okerrenak hizkuntza biziberritzerako orduan eta Viviana Garabideko kideak dio “borroka ankerrena etxe barruan gertatzen dena d[el]a, zure etsai okerrenarekin lo egiten ari zarenean“. Nasa yuween kasuan, Kolonbiako estatuarentzako oso komunitate txikia, okerragoa da nasa agintarien jokaera zikoitza hizkuntzarekiko, folklorizazio hutsala bultzatzen ari direlarik.

Oztopoak oztopo, hizkuntzak nahitaez funtzioak behar dituztela  ikasi genuen, funtziorik gabe bere biziraupena oso zalantzakorra delako. Behetik gorako lana da egin behar dena, eta adibidez, gurekin dagoen maya yucateko batek bere familia osoko hizkuntza dinamikak aldatu zituen, bere borondatea praktikan jartzearen ondorioz. Hain zuzen ere, Jon Sarasuak eskatu zigun gobernuei eta indar makroei ardura gutxiago aitortzeko eta norbere esku dagoen guztia egiteko, horrek aktibatuko baitu benetako aldaketa. Hots, Jonen esanetan hizkuntzaren berreskurapeneko prozesu honen palanka nagusia espazio pertsonalean hasten da, hori baita norberaren jokaleku esklusiboa. Norberaren aukera da eta “nire eta nire inguru afektiboaren eremua da, zelai politiko eta pre-politiko bat da“. Horrela lortuko da “Aquí todavía se habla castellano”-tik “Aquí ya se habla en la lengua originaria” egoerara pasatzea.

Kosmobisioa eta hizkuntzaren arteko dema izan zen azaldu zen beste gaietako bat, zalantza esistentzial potolo samarra azaldu baizitzaigun: zer da garrantzitsuagoa, norberaren pentsamendu sakona mantentzea edota hizkuntza? Kichwa batek esan zigun euskaldunek duten hizkuntza-biziberritzearen arrakasta esanguratsua dela, baina kulturalki espainiarrengandik ez dugula alde handirik.

Emakumeen berdintasuna eta ahalduntzea ere landu genituen beste modulu batean Nora Etxaniz eta Amelia Barquínekin. Lehenengoak ahalduntzearen bilakaera historikoa azaldu zuen, baita berdintasunaren tresnak zeintzuk diren ere. Bigarrenak, aldiz, heteronorma, androzentrismoa, sexismoa eta hizkuntzaren erabilera baztergarria landu zituen (bide batez, hizkuntzak ez dira sexistak; erabilera bai). Eztabaida interesgarriak azaldu ziren eta bakoitzak etxetik dakarren ikuspegian berdintasuna txertatzea erronka interesgarria dela ikusi genuen.

161017 Amelia Barquin

Amelia Barquin “Generoa eta hizkuntza” tailerrean

Asteari amaiera emateko, igandean (atzo) Nafarroa Oinezera joan ginen egun pasa eta Vianan ere ongietorri polita egin ziguten Unai Arellano eta “Txikiak Haundi“-koek. Hainbat kontzertu ikusteko aukera izan genuen, adibidez, Izaki Gardenak eta ETS, eta Trikidantzekoekin astindu ederra eman genion gorputzari. Goiz itzuli ginen Eskoriatzara, aste honen hasieran hizkuntzaren corpusa landu behar dugulako Jon Sarasua eta Andoni Barreñarekin eta Kike Amonarriz etorriko zaigulako.

Nafarroa Oinez

Nafarroa Oinezen ikastaroko eta Txikiak Handiko kideekin

Txikiak Handi

Hartu, Tenka, Tira lelopean, Nafarroa Oinezen ekitaldi nagusian izan ziren ikastaroko kideak

Jarraituko dugu egiten dugunaren berri ematen! Ondo hasi astea!

Txepetx-en musikarekin dantzan, Andoni Barreña eta Iñigo Arteatx-en pausoak jarraituz

[Beñat Garaioren kronika]

Izenburuak argi uzten du bigarren aste honen hasieran zer egin dugun, ez baikara egunero egunero Eskoriatzako HUHEZIra egun pasa joaten. Bi irakasle hauekin egon gara egun hauetan eta adibidez, Andonirekin hizkuntza aniztasuna landu dugu, eta Iñigorekin, berriz, soziolinguistikaren oinarrizko ezagutzak.

klasean-huhezi

Lehenengoarekin hasita, munduan zenbat hizkuntza dauden aipatu genuen, zein izango den hizkuntza horien galeraren aurreikuspena, hainbat hizkuntzaren kasua jorratu genuen, hizkuntza-galera eta mantentzea gertutik ezagutzeko, eta batik bat, hizkuntzen heriotza eragiten duten kausak aipatu genituen. Horretan, jakina, zeresan handia zuten gure ikasleek eta bi adibide ekarriko ditugu hona. Lehendabizi, gure kide aimarari gertatutakoak hizkuntza gutxituetako hiztunek eta indigenek jasaten duten mespretxua azaltzen duen egoera bat ekarriko dugu, mestizoengandik “llama” bezalako biraoak jasotzeaz gain horrelako elkarrizketak bizi izan baititu:

“-Eres india!

– Si, lo soy! ¿Y tú? ¡Ni siquiera eres basura!”

Horren harira, gazte kichwa batek dio bera ere haserretzen dela indio deitzen diotenean, jendeak soberan dakielako berezko herriak ez datozela Indiatik, eta hala ere, indio deitzen jarraitzen dutelako. Hariari jarraituz, beste kichwa batek dio jendea indio erabiltzetik indigena erabiltzera pasatu dela, baina iritsiko dela garai bat zeinetan bere izaera eta nahiekin lerrokatuko deitura bat izango duten, “jatorrizko herrietako kidea”, adibidez.

Jakina, mespretxu honek badu bere eragina jatorrizko herrietako kideengan eta bere sustraiak ezkutatzea dakar askotan, honako kasu honetan ikus daitekeen bezala:

“Yo no soy mapuche, pero mi madre sí que lo es”

Horretaz gain, genozidioa, edo modu zabalagoan esanda, giza-talde batekiko zuzenezko bortxa izan daiteke hizkuntzak akatzeko beste arrazoi bat. Esaterako, eta Guatemalako kideek esan zuten bezala, El Salvadorreko genozidioaren garaian gaztelaniaz hitz egiten ez zutenak tirokatzeko agindu zuten goi-agintariek. Ondorioa? Hizkuntza erabili eta transmititzeari utzi zioten eta gaur egun jatorrizko hizkuntzetako oso hiztun gutxi daude herrialde osoan.

Bestalde, beste aldagai garrantzitsu bat hizkuntza komunitate ezberdinetako kideen arteko gatazkak dira, eta botere ezberdina dutenean, hierarkiak sortzen dira eta botere harremanak ere horren araberakoak dira. Horrela, hierarkia ezberdinak daude etnia ezberdinen artean, gehienetan “zuriak>indigenak>beltzak” da egoera, baina Andonik esan zuen Chocón (Kolonbia) beltzak indigenen gainetik daude. “Ikusgarria da ikustea zeinen ondo lortzen duten [zuri/mestizoek gainontzekoak] elkarren aurka jartzea”

Baina hizkuntza heriotza gertatu ez denean eta indarrak daudenean egoera horri buelta emateko, dilema handi bat topatzen dute komunitateek: “jarraikortasuna EDO berrikuntza?“. Erantzun egokiena bien arteko oreka litzateke, baina askotan komunitateak bi muturretan gotortzen dira, gatazkak sortuz. Alde batetik, jarraikortasunaren ondorioetako bat herri praktiken kosifikazioa da,  eta folklorizatzen denean “gehiengoaren akomodazio jarreren eta enpatia behartzen duen arriskua/mehatxua galtzen da“, kichwa baten esanetan. Zentzu berean, honakoa gaineratu zuen maya yucateko batek: “se exige a los maya ser pobres, que aporreen el español, que no vistas el traje tradicional,… y con ese marcaje consiguen deslegitimar una minoría/mayoría que se está transformando“.

iñigoarteatx-ai3

Iñigo Artiatx-ekin ere gai hau jorratu genuen eta ondo galdera hau proposatu zigun: “Zer da hobea, kultura moderno bat gure hizkuntzan edo kultura modernoa hizkuntza handi batean? Eta kultura modernoa moldatuko bagenu?” Horren harira, partaideetako batek erantzun zuen bere rap talde kichwa gustokoenak azken aukera hau jorratu zuela, kichwa kutsua (hizkuntza eta kultura) sartu baitiote eta mezu kichwa indartsua bat txertatu baitiote.

Bestalde, “zer da hizkuntza zuretzat?” galderatik abiatuta hainbat ikuspegi interesgarri ezagutu genituen. Esaterako, guaraniek hizkuntzari “ñe” esaten diote, hau da, “sacar o expresar lo que se lleva dentro”. Halaber, gure taldeko idazle mayak pragmatismo harrigarri batekin argitu zuen zalantza hau esanez “no es lo mismo dormir en cama que en hamaca“. Hau da, ezin konpara liteke hamakaren erosotasuna eta norbere gorputzera moldatzeko gaitasuna ohe baten zurruntasunarekin. Gaineratu zuen bere komunitatean maya yucateko hiztuna zen norbait ezagutzean “lak” esaten zaiola “pozten naiz ezagutzeaz” moduan; “mi otro yo” esanahi du, hizkuntzak duen ahaidetasuna azalduz.

Eta hizkuntza gutxituetako kide garenez gero, Iñigok pasarte interesgarria partekatu zuen gurekin:

Nire herrian egon zen suediar bat eta esaten zuen arraroak ginela hizkuntzari karinoa geniolako, baina noski, berak hizkuntza une oro zuen eta hizkuntza gutxituetako hiztunek, ordea, ez beti“.

Baina hizkuntza gutxituetako kide guztiek ez dute euren hizkuntza horrela ikusten eta erreferentzia karismatiko eta afektiboak behar dira. Iñigoren esanetan, komunitateko kide askok eskura dituzte iritsiera handiko komunikabide eta kanalak, baina batzuetan ez gara horretaz baliatzen. Imajinatu komunitateko kide baten sentimendua bere ‘liderretako’ bat bere hizkuntza eta kulturaren alde hitz egiten entzutean, eta batik bat, hizkuntza eta kultura horretan hitz egitean? Adibidez, Jean Beauseujour mapuzungunez bere maputxe jatorriaz harro hitz egiten entzutea, Donald Tusk kaxubieraz edota, zergatik ez, Julen Lopetegi esaten Euskal Herriko euskalduna dela.

p.d. Urriaren 12a dela baliatuz eta gure historia partekatuaren argitan, ez legoke gaizki Garabideko txio hau hona ekartzea:

Martxan da Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa! Lehenengo astearen kronika

[Beñat Garaioren kronika]

A1-55576160.jpg

Eskoriatzan egindako harrera prentsaurrekoa

Prestaketa luzeen ondoren etorri dira Amerika eta Afrikatik etorritako 18 hizkuntza ekintzaileak Eskoriatzara. Guztira, 4 nasa yuwe, Ekuadorreko 5 kichwa, 2 maya yucateco, 2 kaqchikel eta maputxe, nahuatl, bariba, aimara eta guarani bana izango dira urriaren hasieratik abenduaren erdialdera, euren hizkuntza biziberritzeko estrategiak diseinatzen lagunduko dien ezagutza batzuk eskuratu ditzaten gurean, euskararen unibertsoaren esperientzia bertatik bertara ikusiz.

Dena den, ikasketa-prozesu hau norabide bikoitzekoa da eta Garabidekoentzako eta euskaldunentzako oso aukera berezia da beraiengandik beste horrenbeste ikasteko, egoera eta erantzun aniztasun honetan denek dugulako zer ikasia eta hobetua.

Bidai luze baten ostean, urriaren 1ean ongi etorri bazkaria egin genuen Eskoriatzan eta hasiera-hasieratik talde-giro ederra zetorrela aurreikusi zitekeen. Gainera, hurrengo egunean Bergaran Kilometroak zegoen “Demasa” lelopean eta gu ere haruntza joan ginen bertako jendetzaren aldarriarekin bat egitera.

kilometroak

Bergarako Kilometroetan hasi genuen ikastaroa

Hori gutxi balitz, hainbat harrera instituzional egin zieten gure ikasle/parte-hartzaileei eta aho zapore onarekin joan ginen etxera; goiz, hori bai, ikastaroa astelehenean hastekoa baitzen.

Ikastaroko lehenengo egunean unibertsitatea eta bere funtzionamendua ezagutu genituen, baita ikastaroaren nondik norakoak izango direnak. Hori bai, sarrerak sarrera, lehenengo asteetako helburua argia zen: norberak bere hizkuntza komunitatearen egoera aurkeztu behar zuen eta norbere ekintzailetza azaldu. Eztabaida eta egoera interesgarriak ikusi genituen eta hainbat ondorio ere atera genituen. Lehendabizi, argi gelditu zitzaigun hizkuntza guztietan badagoela grina orain bertan duten egoera irauli eta lehenago izan zuten indarrera itzultzeko. Hizkuntza bakoitzak hiztun kopuru oso ezberdina du eta aldagaiak ere asko dira, baina gutxituak diren kontzientzia hazten ari da eta Garabidera etorri diren ekintzaileak ez dira euren kabuz ari komunitateetan. Bigarrenik, denek nozitu dute talde nagusien partetik diskriminazio eta mespretxua eta horrek eragina izan du hizkuntza jarreretan eta hizkuntzak aurrera egiteko aukeretan. Hirugarrenik, ekintzaile bakoitza testuinguru ezberdinetan bizi da, baina denek jartzen dute euren aletxoa (eta askotan aletzarra) euren hizkuntzaren alde egiteko, izan hezkuntza, izan komunikabideak, izan sare sozialak eta teknologia berriak,…

errituala

Erritualek garrantzia handia dute hainbat kulturetan

Ondorio eta lezio ugari behatu genituen lehenengo astean, baina ez dugu dena hemen partekatuko, aukera izango duzuelako aste hauetan beraien berri izateko. Izan ere, hainbat udaletan agerraldiak egingo dituzte, elkarrizketa ugari eman, ekitaldietan parte hartu, irteera ugari egin,.. Ikusi daitekeen bezala, egitarau oparoa dute aurretik parte-hartzaileek eta ziur momentu gogoangarriak izango ditugula.

Asteari amaiera emateko, Euskal Herrian gelditzen den kosmobisio apurra ezagutu genuen Mikel Mendizabalen eskutik. Espedizioa prestatu genuen Oiartzuneko Arritxulo aterpetxera eta hiru egunetan txangoak, cromlechetara bisitak, urteko azken bainua eta beste zenbait gauza ere egin genituen lagun giro alaian, baina ez da dena kontatu behar, ezta?

oihanleku-cromlech

Oihanleku cromlecha

Adi egon hurrengo egunetan, atari honetan gure berri izango baituzue hemendik aurrera.