[Beñat Garaioren kronika]
“Itxaroten egotea aukera bat da, baina norberaren ekimenarengatik fruitu asko lortu daitezke”
Goienako Iban Arantzabalen aipu honekin hasi nahiko genuke, hori izan baitzen komunikabideei egindako bisiten ostean gure gogoan iltzatuta gelditu zitzaigun ideia. Izenburuan jartzen duen bezala, hainbat bisita egin ditugu astean zehar, zein baino zein interesgarriagoa.
Lehenik eta behin, asteartean, Berriara joan ginen, Andoaineko Martin Ugalde Kultur Parkera. Ikusgarria izan zen jakitea zein egoeratan sortu zen hedabide hau (Euskaldunon Egunkariaren ostean). Zehatzago esanda, Egunkariak, itxi zutenean, 15.000 ale saltzen zituen egunero, baina ondorengo egunetan atera zuten “Egunero” egunkariak 80.000 ale saldu zituen: gizartearen erantzun masiboaren lehen froga. Bigarren froga hauxe: 5 milioi euro lortu zituzten denbora gutxian BERRIA aurrera ateratzeko, baina ez edozein modutan: akziodunek ezingo zuten 10.000€ baino gehiago jarri, hedabidearen independentzia mantentzeko.
Batzuk galdetu zuten: “Akziodunek ez dute etekin ekonomikorik nahi?” Eta bisita egin zigun Andonik erantzun zuen ezetz, ezta berrialagunek ezta inork ere ez. Horien sostengua Euskal Herriko proiektua diruz lagundu nahi dutelako da eta irabazi asmorik eza akziodunen biltzarretan 50 pertsona elkartzen direla da.
Hedabide ezberdina sortu nahi izan zuten, hasiera-hasieratik, eta horren adibidea da igandeetan lanik ez dutela, langileen duintasunagatik. Antza, praktika hau nahiko ohikoa da herrialde eskandinabiarretan. Igandeetan alea, orduan, astekari modukoa da ia, aldez aurretik landu baitute edukia.
Gaur egun, internetaren eraginez albisteak denbora gutxian iristen dira herritarrengana, beraz, paperak berri horiengandik ezberdindu behar du, esaterako, albiste hori era sakonagoan jorratuz. Hori egiten hasi da BERRIA, baina fenomeno honen albo ondorioak agerikoak dira: diru-sarrerak murrizten dira interneteko ataria doakoa jartzen baduzu. Euskararen egoerak ezin duenez muga gehiago izan, BERRIA.eus guztiz doakoa da, baina diru sarrerak bermatzeko sortu zuten BERRIAlaguna.
Irudimena behar da gaur egun irakurle gehiago lortzeko, eta esaterako, BERRIA burubelarri ari da horretan. Adibidez, Trixertak kamiseta sonatuak hedabidearen ikusgarritasuna areagotzeko diseinatu ziren; eta bestalde, BERRIA merkataritza lokala sustatzeko ekimenak antolatzen ari da bere izena herritarren artean egon dadin.
Gure ikasleetako batek galdera bikoitza egin zion Andoniri eta interesgarria iruditu zaigu hona ekartzea.
“Zein da zuen editoriala?”
BERRIA neutrala izaten saiatzen dela adierazi zuen Andonik, baina euren burua definitzerako orduan lau hitzetan laburtu zuen: “Abertzale, euskaltzale, aurrerakoia, berdintasunaren aldekoa”. Zentzu honetan, Andonik gaineratu zuen zaila dela ideologia guztiei oreka egitea, baina hauteskunde batzuetan saria eman zieten BERRIAkoei neutralenak izateagatik. Kasualitatez, alderdi guztien kexak jaso zituzten hauteskunde horietan haien neutraltasun faltagatik.
“Nolako hizkuntza erabiltzen duzue BERRIAn? Laburdurak erabiltzen dituzue Twitterreko kontuan?”
Azken galdera honi ezezkoa eman zion Andonik, euskara bezalako hizkuntza batentzat eredua izan behar duelako gure egunkari nazionalak. Batuan egiten dutela gaineratu zuen eta azpimarratu hamar pertsonako lan-taldea dutela egunkariko edukietan euskara eredugarria izan dadin; “baita kazetari onena ere zuzentzen dute”. Garabideko kide batek BERRIAren liburu-estiloa eman zuen aditzera, esanez esparru askotan erabiltzen dela.
BERRIAri bisita egin ostean Gipuzkoa Foru Aldundira joan ginen, baina geroxeago kontatuko dizuegu hori. Izan ere, arratsaldean ARGIA aldizkarira joan ginen eta beste ekimen interesgarri bat bertatik bertara ezagutzeko plazera izan genuen.
ARGIA ere ekintzailetzatik datorren hedabidea da, bere garaian langileak zorpetu egin baitziren eta beste hedabideetan jardun baitziren aldi berean aldizkari hau abian jartzeko. Demagun antzeko ezaugarriak dituen hedabide bat hasiko dela. Ez zinakeen mesfidati egongo? Argiako kazetari asko Egunkariara joan ziren hau sortzera eta horretarako borondate irmoa zegoen denen partetik, euskarak behar zuelako. ARGIAk aurrera egin zuen, hala ere, eta beraien egitasmoaren berezitasunak indartzen joan ziren: kooperatiba modukoa sortu zuten, lankidetzan eta horizontalki hartzen dira erabakiak, pentsamendu propioa sustatzen dute…
ARGIAk ere hizkuntza komunitatea du ardatz eta kontu handiz zaintzen dituzte kalitatea eta independentzia. Gainera, gizarte zerbitzua ere oso presente daukate eta adibidez, diru publikoa erabiltzen duten enpresei jarraipen arretatsua egiten diete.
ARGIA osatzen duten gainontzeko enpresak ezagutzeko aukera izan genuen, eta horrela, inprenta, informatika zerbitzua eta abarrak ikusi genituen. Enpresa hauen garrantzia handia da ARGIAren biziraupenean, izan ere, diru-laguntzez gain enpresa hauek ekartzen duten dirua funtsezkoa da aldizkari hau jasangarria izan dadin.
Oso gustora egon ginen Bego, Estitxu eta Landerrekin eta ikasle/kide askok ideia asko hartu zituzten euren herrietan erabiltzeko.
Hala ere, gure bisiten egitaraua ez zen hor amaitu eta ostegun goizean Arrasatera joan ginen GOIENA Komunikazio Taldea gertutik ezagutzera.
60.000 pertsona inguruko komunitate batetan euskarazko espazio hegemonikoak sortzeko egitasmo aitzindaria da GOIENA eta bisita honetan oso argi gelditu zitzaigun lezioa honako hau izan zen: gauza asko lortu daitezke baliabide gutxirekin; ez da punta-puntako ekipamendurik behar horrelako zerbait aurrera ateratzeko. Adibidez, beraien telebistako plato xumea garaje batean dago eta irudimenarekin duintasunez sortu dituzte hainbat material. Pello Zabalak eguraldiaren aurreikuspena egiten du skype bitartez, borondateko lanarekin eta aparteko teknologiarik gabe. ETB-n honek ez luke balioko, baina GOIENA-n nahikoa dute horrekin.
Enpresa bat da GOIENA, “bere nomina arazo eta guzti”, baina beste bokazio berezi batekin. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da, 43 langile ditu eta 35 bazkide, eta adibide batzuk jartzearren, lan-talde gaztea du (bataz beste 35 urte), gehiengoa emakumeak dira (%66) eta ondo prestatua (%80ak 2. mailako ikasketak ditu). Proiektua finantziatzen ere berezia da, bazkideez gain hainbat diru-iturri ezberdin dituelako eta gizartearen parte-hartzea nabaria delako. Dena den, GOIENA-ren muina komunitatea da: Deba Goienako euskaldunengandik abiatuta eta euskaldunentzako prestatua. Kazetarien lan-taldeaz gain, komunitateko partaideek ere parte hartu dezakete (Goiena app bezalako laguntzekin) eta horrek balio erantsia ematen dio egitasmoari. Esaterako, bolondres batek sarera igotzen duenak telebista saioan amaitu dezake. Gainera, edukia ia %100ean bertakoa da eta hor gertutasuna eta neutraltasuna indartzen dira. Ideologietatik gaindi dagoen ekimena da, euskara delako giltzarria.
Zaila da oreka bilatzea, baina hori da zehar-lerro, hizkuntza komunitatea delako garrantzitsua, piramidearen goialdean dagoena. Hori dela eta, jende asko hurbiltzen ari da egitasmora, izan Debagoienako euskaldunak, babesleak, alderdi politikoak,…
Bisita honekin amaitzeko bi iruzkin gehitu nahiko genituzke. Lehenik eta behin, GOIENA-ko lan taldeak irabazi duen dinamismoa burutu duten formakuntza eta espezializazioarekin. Telebista, irratia, egunkaria eta interneteko atarian jardun daitezke langileak eta horrela azkartasun eta indar handiagoarekin gehitu ditzakete edukiak GOIENAra. Ah! Eta publizistek ere garrantzia handia dute!
Bigarrenik, Garabideko batek Ibani galdetu zion ea euskalkian ala euskara batuan egiten al duten, eta erantzuna zuzena bezain pragmatikoa izan zen “hemengo euskara batuan egiten dugu”.
Goienatik Oñatira joan ginen bazkaltzera eta tripa ondo bete ondoren Pello Zabala agurtu genuen. Berak ere oso modu adeitsuan hartu gintuen eta arratsalde osoa eman genuen berarekin hizketan. Jakina, bazuen zer kontatua eta adi-adi entzun genituen bere bilakaera pertsonala, Goienan egiten duen lana eta eguraldiarekiko pasioa, eta Arantzazuko bazterren inguruko azalpenak.
Baina hasieran esan bezala, Gipuzkoako Foru Aldundian ere egon ginen astearte eguerdian. Markel Olano ahaldun nagusiak eta Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasunareko zerbitzu buruak hartu gintuzten sarreran, eta lehenengoaren elkartasun eta animo hitzen ondoren, Mikel Irizarrek Foru Aldundiak euskararen alde egiten duena azaldu zigun, bere lankide Izaro eta Joxeanen laguntzarekin.
Egiturek garrantzia handia omen dute eta Gipuzkoaren kasuan, “Hizkuntzan Berdintasunaren Zerbitzua” ahaldun nagusiaren organigramaren barruan dago, beste sailen eraginetatik kanpo. Beste era batera esana, zehar-lerrotasuna aitortzen diote euskalduntze prozesuari, ez soilik hezkuntza eta kulturarekin zerikusia izatea.
Asko harritu gintuen datu bat gaineratu zuten gerora, izan ere, 1991n GFA-ren funtzionarioen %15ek zeukan zegokien profila, eta 2011rako ehuneko hori %85eraino igo zen. Nola lortu zuten galdetu badiozu zure buruari, erantzuna honakoa da: hizkuntza alfabetatzea langileengan, ALET izeneko gaitze prozesua eta giza baliabideetarako berariazko politikak.
Kichwa batek euskalduntze prozesu honetan funtzionario elebakarren jokabidea jakin nahi izan zuen eta Mikelek batzuk euskalduntzearen aurka daudela/zeudela erantzun zuen, nahiz eta askok erretreta hartzen ari diren. Bestalde, aipatu zuen funtzionario elebakar batzuei ondo iruditzen zaiela beraiek euskalduntze egitasmo horien baitan sartzea, esate baterako, norberak bere hizkuntzan egin behar dela eskatzean, hau da, euskaldunak beti euskaraz, baita gaztelaniadun elebakarrekin.
Honetaz gain, Mikel Irizarrek berak gidatzen duen departamenduaren jarduna azaldu zuen eta haren lau zehar-lerroak:
- Elkarbizitzarako diskurtso bateratua
- Hizkuntza kudeaketaren teknifikazioa
- Hizkuntza gatazken adierazpena eta gatazka horren konponketa eraikitzailea
- Akordio sozial eta politiko iraunkor indartsuak
Kide batek egindako galdera ireki bezain jolastiarekin amaituko dugu kronika hau: “Mikel, ikusita zure testuingurua zein den, zer komeni da, hizkuntza baten alde egiteko hautagaitza politiko batean sartzea edo kanpotik lan egitea? Mikelek erantzun zion bere printzipioen aurkako zerbait eskatu izan baliote ez zukeela onartuko, baina zehazki aurkakoa eskatu ziotenez, hau da, zubiak eraikitzea, eskaintza onartu zuen. “Pentsatu, ni aurreko bost Euskara Buruen mahaian eseri naiz, baina ni orain arte beti beste aldean. Orain niri dagokit besaulki horretan esertzea”