Hastebete baino gehiago pasa da Hizkuntzaldia ekitalditik, IV. Hizkuntzak Biziberritzeko Aditu Ikastaroko kideei adio esan genienetik. Ekitaldia Euskal Herrian bizitako etapari amaiera emateko erritu izan genuen, baita euren komunitateetan gauzatuko den bideari hasiera ematekoa ere. Trantsizio erritu moduan uler genezake, prozesu berdinaren parte den egoera batetik besterako saltoa.
Saltoa emate horretan ikastaroan zehar bidelagun izan ditugun hainbat pertsona izan genituen gurekin. Eurak izan ziren, hizkuntza-komunitateetako kideekin batera, Aditu Ikastaroa izan den hori oholtza gainean sinbolizatu zutenak.
Hizkuntzaldia loraldi izan genuen, lore-truke baino gehiago, hizkuntza lankidetzak ematen dituen aberastasunen agerraldi! Oholtzak pisu askori eutsi behar izan zion; oholtzara, txandaka, bi-hiru pertsona igotzen ziren arren, oholek gainean zutena ez ziren bi-hiru pertsona soilik. Ikastaroko kideek euren hizkuntza komunitatea ordezkatzen zuten (imajina guaraniak igo zirenean… 12 milioi pertsona hor gainean!) eta adituko laguntzaileak euren taldeen lanaren ordezkari izan ziren. Bi-hiru pertsona horiek milaka eta miloika lagunen lan eta gogoak sinbolizatzeko gai izan ziren.
Hemisferio honetan udaberrian ez gauden arren, hilabeteotan hegotik etorritako haziak kimu bihurtzen ikusi ditugu lehenik, ondoren lore bihurtzeko.
Hau hasi besterik ez da egin.
Hemendik aurrera guzti honen fruituak zeintzuk diren ikusi beharko dugu!
Mila esker,
Chaltu may, yupaychani, yasoropai, pe haira ki, pay, matyox, b’antiox, niib o’olal, tasojkamatik, spas!
… edo ikastaroko kide batek asmatu bezala: chaltu yasoropaichani!