Munduari begiratzeko modu bat

Punyaru ingurukoa den ikastaroko kide batek gaizkia izendatzeko hitzik ez dutela azaldu digu, ez omen da euren hizkuntzan, kitxueran, hori adierazteko modurik. Beste askoren artean adibide bat besterik ez da hau; beste hamaika ere aipa nintzake, eta, ziur, hemen idatzitakoaren harira denoi etorriko zaizkigula burura antzeko kasuak.

Kitxueran ere ez da posible kaixo soilik esatea, edo iepa, apa, ieup. Honekin batera, ezinbestean, nola zaude? galdera doa. Ez da bata bestea gabe ulertzeko modurik. Imanalla esatean ez gara bestea agurtzera mugatzen, nola dagoen ere galdetzen diogu. Elkarrizketa pausu bat haratago doa, alegia. Baina… guzti honek zer esaten digu? Hizkuntza komunikaziorako tresna soil bat al da? ideien truke huts? hartu-eman hotz?

Lengoaia beste hainbat gogoetari heltzeko aitzakia izan daiteke, hizkuntza den mundu zabal eta amaigabe honetan dagoen horri heltzeko bide. Beste txoko batzuetara eramango gaituen eskailera hau hartzean botere-harremanez hitz egin dezakegu, historiaz, politikaz, generoaz, kasu.

Hitz hauen bidez munduari begiratzeko moduari heldu nahiko nioke nik, kosmobisioari, alegia. Hizkuntza ez da inguratzen gaituen horretara gerturatzeko tresna bakarrik, honek, izan ere, perspektiba jakin baten berri ematen digu. Ikusteko moduaz, ikusmoldeaz hitz egiten digu. Bide honetatik, hizkuntzak kulturari buruz esaten digun horretan jarri nahi nuke azpimarra.

Kitxueraz gaizkia esateko hitzik ez edukitzeak, honela, kitxua kulturari buruz hitz egiten digu. Azkenaldian, hitz hau izendatzeko neologismoa sortu nahian omen dabiltza batzuk; ikastaroko kideak, ordea, argi du: ez da kasualitate hutsa kitxuak hitz hori bere hiztegian ez izatea. Hizkuntzaren erabilera egitea hautua izan daitekeen bezala, hitz batzuen erabilera bultzatu edo baztertzea erabaki daiteke ere, eta honela, inguruarekin eta norberarekin harremantzeko manera batzuk lagundu. Beraz, hizkuntza komunikazio tresna bakarrik dela esaten jarraitu al dezakegu? gure erabakiek ez al dute, ba, esaten dugun horretan eraginik?

Idazteari utziko diot laster… baina agur! esan beharrean, nahiago dut laster arte! esan. Ala urte askotarako! hobe?

Argazkia: Markel Bazanbide eta Ane Zuazubiskar

Hizkuntzen mediku

Klasera sartu eta egin dudan lehenengo gauza arbelera begiratzea izan da, ez zegoen hutsik. Bertan topatu dudana, ordea, ez nuen ezaguna. A, B, AB, BA… entrenatzaile batek jokalariei emandako argbideak ote? odol taldeak agian?

Iñaki Arruti ez da entrenatzailea, ezta zirujanoa ere; fokoa hizkuntza- eta gizarte-gertakarien arteko harremanetan jartzen du berak. Izan ere, hizkuntza gutxituen biziberritzeaz ari garela, ezinbesteko ditugun betaurrekoak dira soziolinguistikarenak.

Prozesuok abiatzeko, lehenik eta behin, gure hizkuntzen egoera zein den ikustea komeni da, norberaren bizipenetatik hasi, gero, begirada zabaldu ahal izateko. Hizkuntza-autobiografia eta -genealogia teknikak baliatu ditugu zeregin honetan, nor garen eta nondik gatozen ulertzeak hainbatetan -beti ez bada- orainari begiratzen laguntzen digunez. Jakinmin handia piztu dute ariketek, baten batek atseden garaian ere ez du kuadernoa bistaz galdu…

Argazkia: Markel Bazanbide eta Ane Zuazubiskar

Behin gure hizkuntzaren egoera zein den ikusita, biziberritze prozesuak nola materializatu jakitea izaten da zaila. Nola egin? hizkuntzak galduak dituen (hobe esanda, hainbatetan, beste hizkuntza batek honi kendutako) funtzioak berreskura ditzan lagundu behar dugu. Denborak ez du komunitateon lana den hori egingo; kontzientzia, antolakuntza eta borondatea behar ditugu gurekin.

Bide honetan ikastaroko kideak ditugu gako, hizkuntza gutxituen akelarreko txinparta. Arrutik mediku linguistikoak direla esan du; metafora biologikoa kolokan jartzen duten horietakoak direla esan genezake: hizkuntza jaio eta bizi bai, baina hiltzea ez da hauen patu bakarra. Hemen hasiera duten eta euren komunitateetan burutuko dituzten biziberritze proiektuek hizkuntzak hilezkor egingo dituzte, etengabe biziz eta ingurukoak bizituz!

Anabasa

Andoni Barreña

Eguna argitu ahala Aretxabaletako MUren egoitzara hurreratzean, puama cheïru atera zait lagun guaraniak ikusita, zerbait kostata, jakina. Segidan puama cheïrureta ahoskatu dut, lagun bi direla jabetzean eta pluraleko forma erabili behar dudala ohartzean.

Handik gutxira beste agur bat behar izan dut, agurrak zehatza izanik, hiru lagun maia hurbiltzen ikusi baititut. Baina zein ote dira agur egokiak? Xsaqär, saqarik, b’anu ala ma’alob k’iin? –kaqchikela, k’ich’ea, q’echi’a, mayat’aana-.

B’anu! Esan dut, eta ma’alob k’iin ti tuláakale’ex erantzun dit batek, mayat’aan hizkuntza erabiliz, eta xsaqär besteek. Egun on ere gaineratu dute.

Hotz dela eta ea hemendik aurrera horrelakoa izango den aroa galdetu didate. Ez dut gogoan zer erantzun diedan.

Ikasgelara sartzean, egun on entzun dut, eta nik, duda izan ondoren, mari mari konpuche, imanalla mashikuna eta ma’kwe pe’te esan dut –mapuzungunez, kichwaz, nasa yuwez-.

Nire garunak eztanda egin dit, edo matxinatu egin zait, edo beharbada buxatu zait. Hainbatean, gainezka ere izan dezaket.

Kontua da rojbas, shaba una numamē eta tanesik agurrak ez ditudala erabili -kurdueraz, hãtxa kuĩz, nahuataz-.

Hizkuntza anabasa honetan, anabasa aberasgarri honetan, burura etorri zait orain dela 15en bat urte Stella González hizkuntzalari kolonbiarrak kontatutakoa. Kolonbiako Amazonia inguruan, Vaupés ibaiaren ertzean dagoen 200 bizilagun dituen herrixka batean 10en bat hizkuntza egiten ei dituztela, eta bertako emakumeak, arropak garbitzen elkartzen direnean, elkarrizketa bakoitzak berea erabiliz izaten ei dela, eta ez ei dutela arazorik izaten, denek denenak ulertu egiten dituztelako.

Amazoniako emakume indigenen garuna beharko nuke neuk ere.

¿Keniu timo notsa?

Joan den astean Abya Yalako hamaika txoko ezagutzeko aukera izan genuen, nola ez, hizkuntzaren gaia etengabe erdigunean genuela. Kontinentetik kontinentera joateko, ordea, ez genuen Euskal Herritik ateratzeko beharrik izan. Guatemalako hainbat herri, Brasilgo Acre eskualdeko zonaldea edota Kolonbiako Cauca departamenduan zehar ibili ginen.

Puebla ingurukoa da Aditu Ikastaroko kidea. Bere hizkuntza-aktibismoa zonalde hartako eskola batean kokatzen da, helburu nagusitzat nahuat hizkuntzaren transmisioa bermatzea dutela. Baina nola irakasten die, ba, nahuata bere ikasleei?

Jolasak azaltzea ez omen da erraza eta jolasa ulertu ahal izateko praktikan jartzea proposatu digu. Hizkuntzekin ere halaxe gertatu ohi da: erabilerak egiten du hiztuna hitzdun.

Elkarri ¿Keniu timo notsa? (zein da zure izena) galdetuz eta paperean genuen nahuat hitzarekin erantzunez egin dugu hizkuntzara hurbilketa. Lehen aldia izateko ez dugu batere gaizki egin!

-¿Keniu timo notsa?

-Ayotzi (dordoka). ¿Keniu timo notsa?

-Chechelot (kattagorria). ¿Keniu timo notsa?

-Tilma (arropa). ¿Keniu timo notsa?

(…)

 

Lometa botila omen da eta xokot laranja. Pipilol, berriz, belarritakoa eta Nenepil mihia. Bitxia eta polita izan da náhuat hitzak kitxua, ketxi edota guarani hiztunen ahoetatik entzutea.

Ziur behin baino gehiagori nahuata ikasten hasteko jakinmina piztu zigula jolas honek… zu ere animatuko al zara?

Ikilimikiliklik!

Ia astebete pasa da jada hizkuntzak biziberritzeko abenturatxo honetan murgildu ginenetik… Aretxabaletako plazan genuen hitzordua eta hamabi hizkuntza komunitateetako aktibistak apurka-apurka gerturatu ziren bertara. Eguzkiak ere ezin izan zion planari ezezkoa eman eta halaxe ibili ziren batzuk besteen kapelei inbidiaz begiratzen!

Herritik buelta bat eman eta gero, bazkaltzeko ordua iritsi zen eta hara non lehenengo platera gordetzen zuen lapikoa ezin ireki.

Argazkia: Markel Bazanbide eta Ane Zuazubiskar

Gosea zuen orok eman zuen bere iritzia eta proposatu arrain-zopa bertatik ateratzeko modua. “Nire etxean horrela egiten da”, “nik behin honelako bat kolpeka ireki nuen”, “zergatik ez gara koilara batekin saiatzen?”. Saltsa guzti horren erdian euren entsalada mahaian aspaldi zuten barazkijaleak ziren kezkarik gabe zeuden bakarrak.

Argazkia: Markel Bazanbide eta Ane Zuazubiskar

Batzuk arroza platerean zuten aspaldi eta amalurrari eskerrak ematen hasiak ziren jangelaren beste aldetik berria entzun zenean: “ireki dugu, salda badago!”. Mezua iragarri zuena, ordea, ez zen nasa yuwea, euskara edo mapuzunguna izan, ezta gaztelania ere: euren aurpegiek hitz egin ziguten, eta ez euren ahoek.