Dokumental honetan agertzen diren hizkuntzak, Ameriketako hizkuntza-komunitate handienetakoak dira.
Agertzen direnen artean 15.000.000 hiztun baino gehiago dituzte.
Azterketa soziolinguistiko guztiek atzerakada azeleratua agertzen dute.
Egunak eta asteak aurrera doaz, baita hizkuntza gutxituak biziberritzeko bidean emandako pausuak ere. Hizkuntzen etorkizunari begira lanean gabiltza etengabe eta nekea nabari da ikastaroko kideen begietan (erlojuari ordutxo batzuk lapurtzeko aukerarik balego…). Gaurkoan, etorkizuna bere horretan utzi eta denboran atzera egin dugu, aurretik egondako esperientzia eta bizipenei leku egiteko momentua izan da.
Beltzean mintzo: Ameriketako jatorriko hizkuntzen arnasaz dokumentala ikusi dugu. Urteak dira dokumentala egin zela eta, tamalez, hizkuntzen biziberritzean oztopo diren zenbait faktorek hor jarraitzen dute. Era berean, apurka-apurka urte hauetan ereindakoa jasotzen ari gara eta orduz geroztik zenbait hizkuntza komunitateren egoera dexente aldatu dela esan dezakegu gaur. Oraingo begiradatik irakurri ditugu garaiko ahotsetatik jasotakoa, gutxituen inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko.
Zeintzuk dira dokumentaleko kideek aipatzen dituzten kezkak? Zer sentitu dugu dokumentala ikusi dugunean? Zein esaldik deitu digu atentzioa?
Dokumentalean zehar hainbat ideia josten dira, hari nagusi hizkuntza gutxituen gaia dutela. Kosmobisioa, hizkuntza gutxituen erronkak edota hizkuntzak kultura baten adierazle moduan duen rolari buruz hitz egiten da, ideia batzuk aipatzearren. Zaila egiten zait bakarra aukeratzea, ez nuke asmatuko “garrantzia gehien” duena zein den esaten (besteen gainetik kokatzen den ideia bat baldin badago…!).
Garrantzia gehiago eduki ala ez, bada behin eta berriro nere barruan bueltaka dabilen esaldi bat, gogoratzen dudan bakoitzero aurpegian irrifarrea sorrarazten didana:
Nasak mundura hurbiltzen diren modua, bihotzeko filtrotik pasatzen da lehenago. Eta “wet wet finzeñy” kontzeptutik, “gustuz bizitzea”, pozik bizitzea esan nahi duena. Eta kontzeptu horretatik sortzen da pensatzearen kontzeptua. Hori bezalako gauzengatik nasa hizkuntza ikastea zailagoa da, baina aldi berean arimarentzako probetxuzkoagoa.
Viviana González nasa yuwe hiztun berria da eta dokumentalean gaztelaniaz hitz egiten du. Euskaraz wet wet finzeñyren itzulpena “gustuz bizitzea” da, baina berak “vivir sabrosito” bezala adierazten du hitzen esanahia.
Vivianaren ustez, honela, hizkuntza gutxituak biziberritzen bihotzak itzali ez daitezen lortu behar dugu, hizkuntzak itzali ez daitezen. Sustraiak eten ez daitezen.