Udazkenarekin batera hamabi hizkuntza komunitatetako hostoek koloreztatu dute euskal orbela.
Hasi dira pagoak gorritzen eta gurean ditugu jada Garabidek eta HUHEZIk elkarlanean antolatzen dugun “Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak” Aditu Ikastaroan parte hartzera etorritako 21 ordezkari indigenak. Ekuador, Guatemala, Mexiko, Kolonbia, Wallmapu, Bolivia, Kurdistan eta Afrika iparraldetik etorri zaizkigu euskararen biziberritze esperientzia ezagutzera eta, bide batez, beraien herrialdetan hizkuntzaren eta kulturaren alde garatzen ari diren proiektuen berri ematera.
Musika irakasle eta gitarjole nahuatl-a, poeta eta militante sozio-politiko-kultural maiak, hizkuntza promotore eta haur eskolako irakasle nasak, irakasle, irakasle eta kazetari kitxuak eta hizkuntza barnetegitan barna dabilen maputxea ditugu gure artean, besteak beste. Den-denak dira hizkuntza aktibistak eta horretan lanean diharduten euren jatorrizko elkarte edo instituzioetan.
Ikastera bakarrik ez ikustera ere etorri dira, Kilometrotan hasi eta Durangoko Azokak ateak itxi bitartean, fakultateko gelan bakarrik ez, Euskal Herrian barrena ibiliko gara azken 50 urte hauetan gure hizkuntzaren alde aurrera eraman diren arlo desberdinetako ekimenak bertatik bertara ezagutzeko. Nafarroa Oinez, Euskaltzaindia, Berria, Goiena, Tafallako Ikastola, Seaska, Bilboko Kafe Antzokia… Hizkuntza angelu desberdinetatik indartu duten erakundeak bisitatuko ditugu eta ziur horien inguruko gogoeta interesgarriak sortuko direla elkartzen honetatik. Hemen egindakoa inspiragarri egin baitzaieke, baina beraien esperientziatik ere guk ikas genezakeela ez dugu zalantzan jartzen.
Horrez gain, herriz herrikako bira antolatu dugu Euskal Herrian barrera euskaldun eta euskaltzaleen bizipenak ezagutzeko eta, aldi berean, ikastaroko partaideen hizkuntzak gurera hurbiltzeko. Beraz, Euskal Herrian barrena ibiliko gara guztiok datozen hiru hilabeteotan. Webgune zein sare sozial bidez gure arrastoa jarraitzera animatu eta, nahi izanez gero, gurekin bat egitera gonbidatu nahi zaitugu hizkuntza aktibista hauek hobeto ezagutu eta zure ekarpena egiteko.