Mapuchegen

Temucokoa den kide maputxeari zein abesti konpartitu nahi zuen galdetu diodanean hauxe izan da erakutsi didan lehena:

Abesti hau entzuten genuen bitartean letrak zer kontatzen duen azaldu dit, zein testuingurutik sortua den erakutsi ere. Txileko diktadura zela eta, erbestera joan behar izan zen Armando Nahuelpán, AEBra, zehazki. Nahuelpanen moduan, beste maputxe eta txiletar askok ere ihes egin behar izan zuten, ordura artekoa atzean utzi. Allenderekin iritsitako ametsak Pinochet iritsi bezain pronto desagertu ziren.

Kantua mapuchegen deitzen da, maputxea naiz, alegia, eta honela dio:

Mapuchegen

kurüñam che

kozküllantu mew lleqüm

kelu rayengelu

ñi piwkeyem

ülkantukey

ayey ka gümakey

llazküluwün mew

txekatulerpun

ta ñi mapu mew

puñma wagülen

puñma antü

kozküllantu mew

lüq ka kelü

fillke antü

rakizuamken

 

Euskaraz:

Maputxea naiz

Kuriñangoa

Copihuez inguratuta jaio nintzen

lore gorridunekoak ziren

Nire bihotzak

kantu egiten du

baita barre eta negar ere

nire tristurarekin

oinez noa

nire territorioan zehar

izarraren parean

eguzkiaren parean

Copihue

zuri eta gorria

egunero

pentsatzen dut

Mapuche hitza mapu, lurra, eta che, jende, hitzetatik dator; hau da, maputxeak lurraren jendea lirake, hortazHizkuntza mapuzugun da, lurraren hizketa litzatekeena. Euren identitatea lurraren eta lurraldetasunarekiko harremanean erakita dago, estuki. Honela ere uler dezakegu maputxeentzat Copihue zuhaitzak duen zentzua. Nahuelpanek ere ül (kantu) honetan agerian uzten du Copihueak beretzat duen zentzua.

Euskaraldian matxinsalto

Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroari gutxi gelditzen zaio jada, hizkuntza gutxituetako aktibistak buru-belarri ari dira euren proiektuetan lanean. Lehenengo fasea atzean utzita ikastaroko kide bakoitzak espezializazio bat aukeratu du: helduen irakaskuntza, hezkuntza edo hizkuntza plangintza.

Datozen hilabeteotan komunitateetan gauzatuko den horren lehen pintzeladak marrazteko ordua iritsi da, euren proiektuei forma emateko garaia.

Hizkuntza plangintzaren moduluan Viviana González eta Beñat Garaio izan ditugu gurekin, besteak beste. Baina klaseez gain irteeraldiren bat edo beste egiteko aukera ere izan dugu! Pasa den astean Bermeon izan ginen, maila lokalean hizkuntza gutxituen normalizazio zerbitzua nola egituratu ikusteko. Indarguneei buruz hitz egin genuen, baina ikasketarako are aberasgarriago diren ahulguneak ere izan genituen eztabaidagai. Zer egin dugu ondo? zer dugu oraindik egiteko? eta hobetzeko?

Behargintzako langileekin ere hitz egiteko aukera izan genuen. Eusle metodologiaren inguruko esperientziak konpartitu zituzten gurekin. Polita izan zen lehen eskutik eurek bizitakoa sentitzea. Mila esker!

Egunari amaiera emateko Biziprest Saio batean parte hartu genuen. Saioaren hasieran ondorengo galdera luzatu zigun dinamizatzaileak: zein animalia lotuko zenukete Euskaraldiarekin?

Erlearen figura behin baino gehiagotan aipatu zen. Euskaraldian etenik gabe lan egitea tokatuko zaigu, sinkronizaturik gure etxea eraikitzeko. Intsektu hauen antolatzeko gaitasuna azpimarratu zuen ondokoak. Inurrien indar eta etengabeko lanaz ere hitz egin zuen beste batek.

Ikastaroko kide nasaren txanda iritsi zen eta bere herrian, Tierradentron, arrunta den matxinsalto bati buruz hitz egin zigun. Bizitzeko baldintzak txarrak diren leku horietan agertzeko joera omen du; gizakiak natura gutxien zaintzen duen txoko horietan  bizirauteko gai. Euskara matxinsalto horrekin parekatu zuen nasa lagunak, Euskaraldian zenbait egoeratan euskarari eustea zaila izan daitekeen arren, aurrera egingo dugula esanez.

Hizkuntzen artean, hortaz, gizakiak erderak lirateke eta matxinsaltoak, berriz, hizkuntza gutxituak. Matxinsaltoen moduan, gutxituek ere bizirauteko aukera dugula ikus dezakegu, baldintzak mesedegarriak izan ez arren, gureari eutsi diezaiokegula. Guztia ez da zapalkuntza, aukera falta. Erresistentziak hor daude, gutxituek badugu agentzia!

Wet wet finzeñy

Dokumental honetan agertzen diren hizkuntzak, Ameriketako hizkuntza-komunitate handienetakoak dira.

Agertzen direnen artean 15.000.000 hiztun baino gehiago dituzte.

Azterketa soziolinguistiko guztiek atzerakada azeleratua agertzen dute.

Egunak eta asteak aurrera doaz, baita hizkuntza gutxituak biziberritzeko bidean emandako pausuak ere. Hizkuntzen etorkizunari begira lanean gabiltza etengabe eta nekea nabari da ikastaroko kideen begietan (erlojuari ordutxo batzuk lapurtzeko aukerarik balego…). Gaurkoan, etorkizuna bere horretan utzi eta denboran atzera egin dugu, aurretik egondako esperientzia eta bizipenei leku egiteko momentua izan da.

Beltzean mintzo: Ameriketako jatorriko hizkuntzen arnasaz dokumentala ikusi dugu. Urteak dira dokumentala egin zela eta, tamalez, hizkuntzen biziberritzean oztopo diren zenbait faktorek hor jarraitzen dute. Era berean, apurka-apurka urte hauetan ereindakoa jasotzen ari gara eta orduz geroztik zenbait hizkuntza komunitateren egoera dexente aldatu dela esan dezakegu gaur. Oraingo begiradatik irakurri ditugu garaiko ahotsetatik jasotakoa, gutxituen inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko.

Zeintzuk dira dokumentaleko kideek aipatzen dituzten kezkak? Zer sentitu dugu dokumentala ikusi dugunean? Zein esaldik deitu digu atentzioa?

Dokumentalean zehar hainbat ideia josten dira, hari nagusi hizkuntza gutxituen gaia dutela. Kosmobisioa, hizkuntza gutxituen erronkak edota hizkuntzak kultura baten adierazle moduan duen rolari buruz hitz egiten da, ideia batzuk aipatzearren. Zaila egiten zait bakarra aukeratzea, ez nuke asmatuko “garrantzia gehien” duena zein den esaten (besteen gainetik kokatzen den ideia bat baldin badago…!).

Garrantzia gehiago eduki ala ez, bada behin eta berriro nere barruan bueltaka dabilen esaldi bat, gogoratzen dudan bakoitzero aurpegian irrifarrea sorrarazten didana:

Nasak mundura hurbiltzen diren modua, bihotzeko filtrotik pasatzen da lehenago. Eta “wet wet finzeñy” kontzeptutik, “gustuz bizitzea”, pozik bizitzea esan nahi duena. Eta kontzeptu horretatik sortzen da pensatzearen kontzeptua. Hori bezalako gauzengatik nasa hizkuntza ikastea zailagoa da, baina aldi berean arimarentzako probetxuzkoagoa.

Viviana González nasa yuwe hiztun berria da eta dokumentalean gaztelaniaz hitz egiten du. Euskaraz wet wet finzeñyren itzulpena “gustuz bizitzea” da, baina berak “vivir sabrosito” bezala adierazten du hitzen esanahia.

Vivianaren ustez, honela, hizkuntza gutxituak biziberritzen bihotzak itzali ez daitezen lortu behar dugu, hizkuntzak itzali ez daitezen. Sustraiak eten ez daitezen.

Emakume kurduak

Aurretik Aditu Ikastaroa egina du Suna Altun kurduak. Aurten, IV. edizioan dabil koordinatzaile lanetan eta pasa den hilabetean ospatutako Ahalduntzen: hizkuntza eta generoa jardunaldietan hizlari izan genuen. Turkiaren menpe bizi diren kurduen errealitateari buruz hitz egin zigun Altunek, azpimarra emakumeek bizi duten estatus linguistikoan jarriz.

Oraingoan, emakume kurduen inguruko kanta bat erakutsi dit Sunak:

https://www.youtube.com/watch?v=r5Jg1PS6VKA

Keçê biner çerxa cîhan

Zor girêdane me re zor

Jin çû ne pêş pir dixwînin

Maifestazio feministetan kantatzen omen dute abestia eta dantza tradizional kurduekin laguntzen dute. Abestiak zailtasunen aurrean altxatzeko deia egiten die emakumeei.
Spas, Suna!

Gutxituen oihartzun

Autobusez iritsi nintzen Baionara, Donostiako estaziotik abiatuta. Banekien Euskal Hirigune Elkargora joan behar nuela eta hau, Foch etorbidean zegoela. Besterik ez nekien. Kaleko jendeari galdezka hasi nintzaion… non ote Foch etorbidea? Euskaraz hurbiltzeko saiakera egin nuen behin eta berriro, baina bertakoek ez ninduten ulertzen. Dakidan frantses gutxian galdetuta ere nekez ulertzen zidaten, eta ulertuta ere, gutxik zekiten Avenue Foch non zegoen. Baten batek bazekien etorbidea nondik egon zitekeen eta, nire frantses traketsaz jabetua, argibideak mantso eta ahoskera argiz eman zizkidan.

Euskal Herrian nengoela gogorarazten zidaten letrero, ikurrin edo lauburuak topatzea ez zen zaila izan. Baina norekin hitz egin nezkeen euskaraz? Galduta sentitu nintzen, arrotz, nirea ez zen leku batean. Azkenean, eskola bat topatu nuen, kartela elebitan zuena eta kanpoan ikasle-irakasleak ikusi nituen. Irakaslearengana zuzendu nintzen, lasai, ustez. Euskaraz ulertu zidan, baina nik erantzuna euskaraz espero arren, frantsesez jaso nuen, beste behin ere.

Azkenean iritsi nintzen Elkargora eta a ze lasaitua hartu nuena ezagunak nituen aurpegiak topatu eta euskaraz lasai asko hitz egin eta entzun ahal izan nuenean.

Euskarak Iparralden zuen egoeraz jabe nintzela uste nuen, baina bertan pasatako egunek, bada, oraindik ere ikasteko asko nuela gogorarazi zidaten. Gauza jakina da hizkuntzaren ofizialtasun egoerak hizkuntzaren beraren osasunean duen eragina handia dela. Baina onuragarria den marko legalik gabe ez al da hizkuntzaren biziberritzean aurrerapausurik emateko modurik?

Ikastaroan behin eta berriz ikusi moduan, Hegoaldean euskarak emandako pausu erabakigarri asko hizkuntzaren egoera bereziki zaila zen garaitan eman ziren. Behin herri ekimenek abiatutako proiektuak martxan zirela iritsi dira hizkuntza politikak, ez lehenago. Iparraldeko kasuan ere, frantsesa ez den hizkuntzen ofizialtasun faltaren markoan ere, euskara biziberritzeko iniziatibak ez dira falta.

Besteak beste, Euskal Hirigune Elkargoa eta Kanaldude herri telebista bisitatu ditugu pasa den astean eta bertako esperientziaz asko ikasi ahal izan dugu. Apurka-apurka ereindako hazien fruituak jasotzen ari dira eta euskararen etorkizunari ilusioz begira diezaiokegu.

Kanaldudeko Pantxika Maitiaren azalpena dut gogoan:

Pertsona batek behatza urez betetako edalontzi batean sartuz gero, uhinak eragingo ditu. Bakar batek beharrean, askok egiten badugu, uhin gehiago egingo ditugu, oihartzuna handiagoa izango da.

Gutxituek gure hizkunzten biziberritzean ezinbesteko dugu uhinak eragite hori. Komunikabideak horretan gako diren tresnak ditugu, baina hauekin ez ezik, esparru guztietan gure hizkuntzen oihartzuna zabal dadin lortu behar dugu! Putzuetan uhinak eragin baino, itsaso urdin eta zabaletako olatuetan dantzan arituz.

Bidarraitik kitxua doinuak

Iparralden gabiltza egunotan, euskararen egoera anitza ezagutzeko Hegoaldeko esperientziaz haratago joanez.

Joan den egunean Bidarrai herrian egon ginen, gaua ere bertan pasa genuela. Aditu Ikastaroko kitxua lagun batekin nengoen aterpe kanpoan. Kalean ederki egoten zen, lasai. Bidarraiko zeru eta mendiek besarkatzen gintuztela abesti hau jarri zuen:

https://www.youtube.com/watch?v=8f7yxvY8PCI

 

Yana yuro runa kashpa

makipurashpa karusashun

 

Berak aukeratutako esaldi honek zera dio: “Argitasunean eta iluntasunean bizi garen izaki guztiak eskutik emanda bizi gaitezen”. Abestia dibinitate, gizaki eta izakiei eskainitako errezo kolektiboa da, elkartasunera deia.

Herri originarioei etengabean maitasuna ereiteko eskatzen die; maitasunean eta elkartasunean oinarritutako erresistentzia baten alde, gorrotoz egindako borrokak baztertzeko. Belaunaldiz belaunaldi herrien jakinduria transmititzearen garrantziaz ari da: ez dezagun garena ahaztu, gu ere jakinduria garelako.

Beste hainbat abesti ere erakutsi zizkidan… Otavalo inguruan musika-talde asko daude, hamaika estilo eta koloretakoak. Kitxua, honela, musikaren hizkuntzan bizi da kitxua hiztunen ahoak eta belarriak alaituz.

Datozen asteetan ikastaroko beste kideek ere euren musika konpartituko dute gurekin. Bloga, modu honetan, euren hizkuntzen bozgorailu izango da gurean. On egin!