Identity planning

“Euskaltzaindiaren ehun urteko jagote-lana” xehetu du Mikel Zalbidek, “HIZKUNTZA GUTXIAGOTUAK JAGON, EUSKARAZ BIZI” jardunaldian. Mundiala da Zalbide. Beti du zer irakatsi eta harekin beti dago zer ikasi. Jagon Sailak estatus-plangintzaren baitan egindako lana azaltzeko hizkuntza-plangintzaren gorabeherak oso-oso modu pedagogikoan azaldu ditu:

  • Hizkuntza plangintza, orobat, bitan banandu izan da: corpus-planning eta status-planning. Corpus planning hizkuntza bera “garai berrietarako” egokitzea da.
  • Estatusari dagokionez, status-planning zabalegia delakoan, hainbat adar sortu izan da. Adquisition-planningeskuratze-plangintza— da horietako bat, hizkuntza jendeari irakastea, alegia. Cooperrek kontzeptualizatu zuen 1989an.
  • Prestige planning —prestigioaren plangintza— Haarmannek proposatu zuen 1990n, hizkuntzaren prestigioa berariaz landu beharra azpimarratzeko.
  • Hitzaldian, horiei guztiei identity planning erantsi die Zalbidek, Fishmani maileguan hartuta —nortasun plangintza, alegia—.

Azken horri oso lotuta —eta Fishmanengandik jasota hura ere— community fostering proposatu izan du Zalbidek beste inoiz: “hizkuntza ahulari belaunez belauneko iraupen-bidea bermatzea eta hiztun-elkarteari bere neurriko esparru berriak zabaltzea”. Komunitatea erdigunean jartzea da community fostering.

Laburbilduz, literatura soziolinguistikoan, estatus-plangintza osoaz gainera, horren barruko atalak ageri izan dira han eta hemen. Bereziki:

  • eskuratze edota irakaskuntzaren plangintza
  • prestigioaren plangintza
  • nortasun-plangintza
  • komunitatearen beraren sustapen-plangintza

Jon Sarasuak ere garrantzia berezia eman izan die identitateari eta komunitateari. Sarri aipatu izan duen gogoeta ekarri du jardunaldietara: Frantziako iraultzaz geroztik Europan hiru oinarriren arabera eraiki da modernitatea: libertéégalité eta fraternité. Laugarren baten hutsunea aldarrikatzen du Sarasuak: identité. Gramatika berri baten beharra errebindikatzen du, modernitatearen baitan identité hori pentsatu ahal izateko.

Ez da kontzeptu samurra. Hizkuntzaren soziologian bi antolaketa-molde bereizi ohi dira: gemeinschaft eta gesellschaft. Soziolinguistika Eskuliburuan ageri da azalpena: gemeinschaft moldea, compuesto por personas que comparten la convicción  de que están ancestralmente relacionados; eta gesellschaft moldea, compuesto por individuos ligados por la convicción de que sus intereses se verán mejor protegidos y promovidos formando parte como miembros de esa sociedad. Gemeinschaft eta Gessellschaft terminoak itzultzekotan, komunitatea eta gizartea itzul genitzake… edo agian «herria» eta «gizartea» (edo jendartea, nahiago baduzue). Biak nola artikulatu? Ez da erraza. Gaur-gaurkoz askatzerik izan ez dugun korapiloa da. Eta nago datozen hamarkadetan buruhauste bat baino gehiago emango digula.

Aitor eta Jon Sarasuak horrelaxe kantatu zuten behin. Akordatzen?

“…sustraiak eta adarrak ez dabiltza aparte
gizartea herri nahi dut, ta herria  gizarte”

Estekak:

Hizkuntzen historia sozialaz (bat)

503Liburu txiki meheen zalea naiz. Poltsikoan eramateko moduko liburuak maite ditut; ahal dela 300 orrialde baino gutxiagokoak. Autobusa, kalea, parkea… leku oro leku ona da, liburua ateratzeko eta irakurtzeko.

Aurrekoan liburutegira joan eta Euskaltzaindiaren liburukote bat ikusi nuen: Euskararen Historia Soziala lantzeko Eredu Metodologikoa. To eta no! 750 orrialde, ia bi kiloko pisua… eta, hala ere, hartu egin nuen.

Gustukoa dut Zalbideren idazkera… Bitxia egiten zait: zehatza eta argia da, baina badu halako ukitu barroko atsegin bat. Hitzaurrean liburu heterogeneoa dela dio Zalbidek, xede askoetarako sortua, eta askotariko irakurleak gogoan dituena. Harek onartzen du gutako askok ez dugula izango hainbeste orrialde irakurtzeko ez gogorik, ez astirik eta ez beharrik; hortaz, nork zer irakurri gomendatzen du. Neuri —zerbait izatekotan— bigarren eta zazpigarrena zegozkidala ulertu nuen.

Garai batean liburuak beste modu batean hartzen nituen. Gustukoak ez nituenak ere erraz asko irakurtzen nituen goitik behera, bestela ezer galduko nuelakoan. Ohartu naiz selektiboxeagoa izatea komeni dela… Azken batean, astean liburu bat irakurriz gero, datozen 20 urtean 1.000 liburu inguru besterik ezin izango dut irakurri. Hobe ondo hautatzea ;-). Hortaz, Zalbideri kasu egin diot eta bi kapitulu horiei ekin diet.

Bigarren kapituluan soziolinguistikaren lerro nagusiak errepasatu eta  hizkuntzaren historia sozialak 6 lan arlo behar dituela proposatu du: (1) Hizkuntzalaritza soziohistorikoa, soziolinguistika historiko barazionista; (2) Hizkuntza-soziologia diakronikoa; (3) Historia soziala eta hizkuntzak; (4) Hizkuntzalaritza historikoa eta gizartea; (5) (Sozio)pragmatika historikoa; (2) Bestelako lanak (historia kulturala, geografiazko historia, arkeologia, diskurtsoaren analisia…). Gaizki ulertu ez badut, azentua non jarri da gakoa: hizkuntzan, gizartean, pragmatikan, historian…

Zazpigarren kapituluak, bestalde, material soziolinguistikoa sailkatzeko 5 dimentsio eta 6 azterbide proposatzen ditu.

  • Dimentsioak: (1) hizkuntza-erabilera, (2) hizkuntza-gaitasuna, (3) hizkuntzaren barne-osaera, (4) gizarte-giroa, (5) iritziak-jarrerak-jokabideak…
  • Azterbideak: (A) Deskriptiboa (gauzak nola daude, leku eta una jakin batean?); (B) Zinetikoa (gauzen bilakaera nola joan da?), (C) Dinamikoa (zergatik gertatu da gertatu dena? zeintzuk fenomeno gertatu dira era berean?), (D) Prospektiboa  (nolako geroa espero dugu?), (E) Kontrastiboa (nora goaz eta nora joan nahi genuke?), (F) Preskriptiboa (zer egin behar da, zuzen dagoenari eusteko eta oker dagoena zuzentzeko?)

Hortaz, dimentsio eta azterbide horiekin matrize bat osatu nahi dute, eta aztertu nahi dugun garaiari buruz ditugun datuak matrize horretan sailkatu, irakurketa errazteko. Matrizearen aurreko bertsioa Bat aldizkarian argitaratu zuen Lionel Jolyk orain dela urte batzuk:

Sin nombre

Lehen begiratuan, eredu konplexu eta sofistikatua dirudi… baina oso-oso arrazionala iruditzen zait. Erabilgarria iruditzen zaizue garai jakin batean gertatu dena azaltzeko? Bai, ezta? Gaur egungo egoera taula horren arabera azaltzeko gai izango zinatekete?