Soziolinguistika eskuliburu bat, Valentziatik

13016Aurreko sarreran Toni Mollà-ren erreferentzia erabili dut Valentziako hizkuntza egoeraz hitz egiteko. Toni Mollà-k Manual de Sociolinguistica liburua argitaratu zuen 2002an. Duela gutxi liburu horren laburpena eta iruzkina ageri da Revista Valenciana de Filologia aldizkarian, honako artikulu honetan:

SARAGOSSÀ, Abelard (2014): «Valencià i valencianisme en el Manual de sociolingüística de Toni Mollà», Aula de Lletres Valencianes. Revista Valenciana de Filologia, 4, p. 381-441

Hiru ideia egin zaizkit deigarri

Bat

Liburuak soziolinguistikaren ikuspegi kokatua eta konprometitua ematen du. Artikuluan esaten den bezala, liburua ez da teorian trabatzen den teknikari baten lana, baizik eta errealitatearekin konprometitua dagoen intelektual batena. Lan objektiboa da, baina konprometitua.

Bi

Hizkuntza komunitatea kontzeptu zentrala da. Bere ustez, hizkuntza komunitate baten elementu gakoak objektiboak zein subjektiboak izan daitezke. Objektiboak dira hizkuntza komuna izatea, hiztunak hizkuntza horretan eraginkorki komunikatzeko gai izatea, eta hizkuntza hori jendartean erabilgarria izatea.

Subjektiboak dira: (1) jarrera linguistikoak (mutur batean harrotasuna eta leialtasuna, eta bestean autogorrotoa), (2) erabilera-arauak, komunitate horretako kideen arteko harremana hizkuntza horretan izatea ahalbidetuko dutenak, eta (3) hizkuntza horri lotutako mundu sinboliko partekatua, komunitatea  bera errepresentatzen duena.

Elementu objektibo eta subjektiboen konbinazioak hiztunak kohesionatu, eta kontzientzia linguistikoa sortzen du.

Jarrerei arreta berezia ematen die, eta printzipio soziologiko klasiko bat gogora ekartzen du: “Si els homes defineixen unes situacions com a reals, aquestes situacions són reals en les seues conseqüències”

Hiru

Normalizazioari begira ere, hiru puntu azpimarratzen ditu: (a) funtsezkoa da hizkuntza komunitatea kohesionatzea; (b) normalizazio-proiektua jendartea bera modernizatzeko egitasmo batekin batera aurkeztu behar da; (c) lehen-lehen mailako hiru lehentasun aipatzen ditu: irakaskuntza, komunikabideak eta administrazioa. Edonola ere, arrakasta jendarteko atxikimenduak bermatuko duela uste du, eta ez horrenbeste erabaki administratiboek.

Hizkuntza gatazkaz hitz egiten du, eta gatazka agerian jartzeko beharra nabarmendu, “gatazka latentea denean, normalitatearen partetzat hartzen baita; eta kolokan jartzen ez bada, inbisibilizatu egiten baita”.